· Goizean batzar nagusia egin dute udalerri euskaldunetako ehun bat alkate eta zinegotzik, eta bi udal berri onartu dituzte UEMAn: Arantzazu eta Bakio.
· Eguerdian ekitaldia egin dute Dimako plazan, eta bertan izan dira euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkari ugari.
UEMAko lehendakari Josu Labakak udalerri euskaldunen babesa eta garapena aldarrikatu du
Bideoa: Udalerri Euskaldunen Eguna 2018, Diman
[Eguerdiko ekitaldi nagusia amaitutakoan, festa giroan murgildu da Dima, Euskal Herri osotik heldutako euskaltzaleekin].
Udalerri Euskaldunen Eguna ari dira ospatzen gaur, Diman, festa giroan. Bi ekitaldirekin eman diote hasiera egunari, 10:00etan.
Batetik, UEMAren batzar nagusia izan da Dimako eskolan. Euskal Herri osotik heldutako ehun bat alkate eta zinegotzi bildu dira bertan. Aztergaien artean zituzten azken hilabeteotan UEMAra sartzeko zenbait udalek egindako eskaerak, eta horiek onartuta, Bakio eta Arantzazu gaurtik aurrera UEMAko kide bihurtu dira. 87 udalek osatzen dute dagoeneko mankomunitatea. Inoiz baino udal gehiago dira UEMAko kide, eta guztien artean 250.000 biztanleko lurgunea osatzen dute.
Amets Jauregizar eta Igor Meñika Bakioko eta Arantzazuko alkateek hartu dute UEMAra sartu diren bi udal berrien izenean. Biek gustura agertu dira, bi udalentzat egun garrantzitsua dela nabarmenduz, eta UEMAko kide eginda beraien herrietako euskarari bultzada nabarmena eman nahi diotela esanez.
[UEMAko lehendakari Josu Labaka, Bakioko, Arantzazuko eta Dimako alkateekin eta udal ordezkariekin, gaur, UEMAren batzar nagusia amaitu ostean]
Udal ordezkariak batzar nagusian zeuden bitartean, udalerri euskaldunetako hainbat herritar bildu dira ‘udalerri euskaldunak eta euskalgintza’ mintegian. Hainbat herritako esperientziak trukatu dituzte. UEMAk, udalekin elkarlanean, arnasguneei buruzko tailerrak antolatu ohi ditu udalerri euskaldunetan. Hauetan, euskararen normalizazio prozesurako giltzarriak diren elementuak aurkezten dira, eta baita herri mailan eragiteko aintzat hartzeko esparruak definitu ere. Ondoren, identifikatzen diren hutsuneak gainditzeko, herrian bertan egin daitekeenari buruz hausnartzen dute parte-hartzaileek.
[Besteak beste, Oiartzun, Igorre, Dima, Legorreta, Gatika, Azpeitia, Zarautz eta Areatzako herritarrek hartu dute parte mintegian].
Ia ordu berean, Gazteak eta euskara mintegian aritu dira udalerri euskaldunetako bateko eta besteko gazteak, ezagutzatik erabilerarako jauziari buruz hausnarrean, UEMAren hezkuntza arduradunarekin. Inertziatik kontzientziarako saltoa eman nahian, gazteak ahalduntzeko eta hizkuntzarekiko kontzientziazioan eragiteko ekimenen baitan antolatu du UEMAk mintegi hau.
Haurrentzako jolasak eta festa giroko kalejira ere izan dira eguerdian, ekitaldi nagusiaren aurretik.
Ekitaldi insituzionala: “Udalerri euskaldunen garapen soziokulturala eta sozioekonomikoa aldarrikatu nahi dugu, euskara bizien dagoen herriek bizirik iraun dezaten, XXI. mendera zabaldutako herri aurrerakoiak eta eredugarriak direla erakusteko”.
Ekitaldi nagusian, berriz, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan dira. Besteak beste, Diman izan dira gaur Udalbiltzako lehendakari Luis Intxauspe, Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari Garbiñe Mendizabal, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluko idazkari Paul Bilbao, AEK-ko koordinatzaile Mertxe Mugika, EHBilduko Rebeka Ubera edota Sortzen-eko euskara arduradun Olatz Egiguren. Agenda kontuengatik bertan izan ez arren, babesa helarazi dute Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren zein EAJren lehendakariek.
Dimako alkate Nekane Intxaurtzaren eta Dimako Abizarie euskara elkarteko kideen ondoren, UEMAko lehendakari Josu Labakak. Labakak euskalgintzaren, herritarren eta erakunde publikoen artean sortzen ari diren zubiak aipatu ditu, Euskaraldia bezalako ekimenek duten garrantziaz hitz eginez. Hori guztia elkarlanean eta zeharlerrotasunez egitearen beharra ere aipatu du, egiten den lan guztia benetan emankorra eta iraunkorra izan dadin. Zentzu horretan, euskararen lurgunea zabaltzearen eta sendotzearen beharra izan du bereziki hizpide: “Horixe da UEMAk erakutsi duena urte hauetan guztietan, bidea eginez, eta horretan segi behar dugu, etenik gabe, euskaraz garela aldarrikatuz. Herri honen izaerarentzat eta etorkizunarentzat udalerri euskaldunen ekarpena egundokoa dela jakinda, hizkuntza politika aurrerakoiak eginez”.
Gaur Bakio eta Arantzazu gehituta, 87 udalekin, UEMA “inoiz baino sendoago” dagoela esan du Labakak, baina euskararen lurgunea eta euskararen benetako arnasguneak zabaltzeko eta sakontzeko, udalerri euskaldunen babesa eta garapena beharrezkoak direla aldarrikatu du. “Udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala ezinbestekoak dira udalerri hauei bizirik eusteko, eta udalerri hauek euskaldun izaten segitzeko. Herri honen benetako birikak eta arnasguneak dira udalerri euskaldunak, bertan dago sendoen eta bizien gure hizkuntza. Horregatik, ahalegin berezia egin behar dugu herri hauen garapenean, XXI. mendera zabaldutako herri aurrerakoiak eta eredugarriak garela erakutsiz”. UEMAren batzar nagusian ere, udalerri euskaldunen garapenari buruzko hausnarketa eta jardunaldiak iragarri ditu, hurrengo hilabeteotarako.
Ekitaldia amaitzean, festa giroan murgildu da erabat UEMA, kantujirarekin. Laster bazkari herrikoia izango da, batetik eta bestetik heldutako ehunka euskaltzalerekin, eta Jon Maia eta Unai Iturriaga bertsolariekin. Arratsaldean, herri kirolek eta Areatzako batukadak girotuko dute herria, eta gauean Egurra Ta Kitto eta Ezten Giro taldeek jarriko diote amaierako soinu banda gaurko egunari.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Arantzazuk eta Bakiok bat eginda, UEMA “inoiz baino sendoago” dago (Berria, 2018-05-27).
· Arantzazu eta Bakio UEMAra batu dira (naiz.eus, 2018-05-26).
· UEMA ‘inoiz baino sendoago’ agertu da Diman (bizkaie.biz, 2018-05-28).
· Argazki bilduma: (165 argazki).
Ikusteko, egin klik hemen edota beheko irudiaren gainean.