Hasiera » udalak » Bakio eta Arantzazu ere UEMAko kide izango dira larunbat honetatik aurrera

Bakio eta Arantzazu ere UEMAko kide izango dira larunbat honetatik aurrera

UEMAk batzar nagusia egingo du larunbat honetan, Diman, Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez. Batzarrean, besteak beste, UEMAra sartzeko udalek egindako eskaera berriak aztertuko dituzte UEMAko kide diren herrietako ordezkariek. Zehazki, Bakio eta Arantzazu dira azken hilabeteotan UEMAra sartzeko erabakia hartu duten bi udalak, eta batzar nagusiak bi eskaerak onartzea aurreikusten da.

Bakio eta Arantzazu gehituta, 87 udalek osatuko dute UEMA datorren larunbatetik aurrera, guztien artean 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatuz. Euskararen aldeko herri mugimendutik sortu zen UEMA. 1988an Euskal Herrian Euskaraz elkartearen mozio bat onartu zuten Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 32 udalek, udalak euskalduntzeko eta euskara hutsean funtzionatzen hasteko. Horretarako zailtasunak eta arazo komunak zituztela ohartuta, udal haietako batzuk elkarren artean biltzen eta koordinatzen hasi ziren, udalak ere euskaraz lanean hasi ahal izateko. Horrela, mankomunitate izaera hartuta, erakunde publiko bihurtu zen UEMA. 1991n, Sorrerako batzarrean 17 udalek hartu zuten parte, eta ordudanik hazten joan da udalerri euskaldunen lurgunea, udalen kopuruari dagokionez. Agintaldi honen hasieran, esaterako, 72 herri ziren UEMAko kide. Larunbatetik aurrera, 87 izango dira.

 

Herria: BAKIO
Herrialdea: Bizkaia
(Uribe eskualdea)
Biztanleak: 2.604
Euskaldunak (indizea): %73,2

Apirilaren 26an egindako udal osoko bilkuran erabaki zuen Bakioko Udalak UEMAn sartzeko eskaera egitea, aho batez, EH Bilduko 4 zinegotzien, EAJren 5 zinegotzien eta Bakio Bai-ko 2 zinegotzien aldeko botoekin.

Bizkaia iparraldean dagoen kostaldeko herria da Bakio, eta bertako alkateorde eta euskara zinegotzi Isabel Barturen-en hitzetan, “beharrak eraginda” hartu dute UEMAra sartzeko erabakia. Izan ere, alkateordeak nabarmendu duenez, “modu masiboan eraiki izan da Bakion, eta hirigintza arazoa bihurtu da herriarentzat. Kanpoko jende asko etorri da Bakiora, horrek desoreka sortu du herrian, eta eragin handia izan du hizkuntzan”. UEMAra sartzeko erabakiarekin, egoera iraultzeko eta euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoa agertu dute.

 

Herria: ARANTZAZU
Herrialdea: Bizkaia
(Arratia-Nerbioi)
Biztanleak: 394
Euskaldunak (indizea): %76

Arantzazu udalerri euskalduna da, baina euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak kezka sortu du azkenaldian udal arduradunengan. Izan ere, euskararen erabilerak behera egin du azken ikerketa soziolinguistikoen arabera. Egoera irauli nahian, euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoz erabaki du Arantzazuko Udalak UEMAra sartzea. Martxoaren 13an egindako udal osoko bilkuran hartu zuten erabakia.

Nekane Zuazo euskara zinegotziaren hitzetan, “herri euskalduna da Arantzazu, baina azken urteotan nabaritu dugu beheranzko joera erabileran. Euskarari eusteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko sentsibilizazio lana areagotzea dagokigu, eta UEMAren esperientzia eta laguntza ezin hobeto etorriko zaigu horretarako”.

 

Udalerri Euskaldunen Eguna ere larunbat honetan izango da, Diman

UEMAren batzar nagusia, larunbat honetan Udalerri Euskaldunen Egunaren baitan Diman izango diren askotariko ekitaldietako bat gehiago da.
Izan ere, ‘Euskara, gure lurra’ lelopean, UEMAk eta Dimako Udalak egitarau oparoa prestatu dute elkarlanean, Dimako eta Arratia eskualdeko hainbat eragilerekin batera, festa, hausnarketa eta aldarrikapena uztartuz. Gainera, eguna girotzen hasteko, bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu zuten gazteei ere harrera egingo zaie Dimako udaletxean. Izan ere, topaketa haietan parte hartu zuten gazteek protagonismo berezia izango dute asteburuan zehar, beraien herrietako esperientziak partekatzeko ekimenekin, eta gazteentzat berariaz prestatutako mintegiarekin.

EGITARAUA

· Maiatzak 25, ostirala:
19:00 Harrera, udalerri euskaldunetako topaketetako gazteei.
20:00 Pilota desafioa.
22:00 Kontzertua: Zazkel.
23:30 Euskal Karaokea, tabernetan.

· Maiatzak 26, larunbata:
10:00 UEMAren batzar nagusia.
10:15 Mintegia: udalerri euskaldunak eta euskalgintza.
11:00 Mintegia: gazteak eta euskara, inertziatik kontzientziara.
11:00 Haurrentzako jolasak
12:00 Kalejira, buruhandiekin, txotxongiloekin, Jentiltxu eta Jentilirekin.
12:30 Ekitaldia.
13:15 Kantujira.
14:45 Bertso bazkaria, Unai Iturriagarekin eta Jon Maiarekin.
18:30 Herri kirolak.
20:00 Areatzako batukada.
22:00 Kontzertua: Egurra Ta Kitto.
23:00 Erromeria: Ezten Giro.

 

Abestia eta bideoklipa: ‘Euskara, gure lurra’

Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, ‘Euskara, gure lurra’ izeneko abestia ere egin dute dimoztarrek, elkarlanean.
Ibon Izak idatzi du letra, eta Kepa Elgoibar musikariak jarri dio letra.
Grabatu, berriz, Dimako eta Arratiako herritarren eta elkarteetako ordezkarien ahotsekin grabatu dute.

Hemen abestia eta bideoklipa:

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Arantzazuko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, gaur egin duen udal osoko bilkuran (uema.eus, 2018-03-13).
· Bakioko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, aho batez (uema.eus, 2018-04-26).

· ‘Euskara, gure lurra’ lelopean egingo da Udalerri Euskaldunen Eguna (El Diario Vasco, 2018-05-05).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Diman izango da, maiatzaren 26an (Bilbo Hiria irratia, 2018-05-04).
· Udalerri Euskaldunen Eguna: ‘Euskara, gure lurra’ (eitb.eus, 2018-05-07).
· Udalerri Euskaldunen Eguna Diman izango da, maiatzaren 26an (argia.eus, 2018-05-08).
· Josu Labaka: “Euskerea da herri honen zuztarrek daben ongarri naturala (bizkaie.biz, 2018-05-14).
· Udalerri Euskaldunen Eguna: ‘euskara, gure lurra’ (naiz.eus, 2018-05-21).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.