· UEMArekin eta Dimako Udalarekin batera, hainbat udal eta eragile aritu dira antolakuntzan, elkarlanean. Gaur aurkeztu dituzte maiatzaren 26ko egitaraua, eta egunaren inguruko kontu guztiak, abestiarekin eta bideokliparekin batera.
· UEMAk batzar nagusia ere egingo du egun horretan, eta Arantzazu eta Bakio gehituko dira mankomunitatera.
Bi udal berriak batuta, 87 udal biltzen ditue 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren herriek.
Bi urtetik behin izaten da Udalerri Euskaldunen Eguna, udalerri euskaldunek egindako lana festa giroan ikusarazteko eta aurrera begira dituzten erronkak nabarmentzeko. UEMAko kide diren udalerriek ez ezik, gainerako udalerri euskaldunek ere hartzen dute parte. Aurten, Dimako Udala eta UEMA elkarlanean hasi ziren eguna antolatzen, eta berehala elkartu zitzaizkien Dimako hainbat elkarte, eta baita Arratiako udal gehiago ere. Guztien artean, egitaraua oparoa osatu dute. Gaur aurkeztu dituzte xehetasun guztiak, Bilboko Kafe Antzokian egin duten prentsaurreko agerraldian.
Azken hilabeteotan, UEMAk eta Dimako Udalak egindako deialdiari gogotsu erantzunez, Dimako hainbat eragile buru-belarri aritu dira Udalerri Euskaldunen Eguna antolatzeko bileretan. Besteak beste, Abizarie euskara elkartea, Dimesten, Zamakola elkartea, Andraizea, Dimetaleroak, Bertso Eskola edota Dimako Eskolako Guraso Elkartea.
Guztien artean, egun osorako egitarau oparoa osatu dute maiatzaren 26rako, festa, hausnarketa eta aldarrikapena uztartzeko ekitaldiekin. Gainera, eguna girotzen hasteko, bezperan, udalerri euskaldunetako gazteen topaketan parte hartu zuten gazteei ere harrera egingo zaie Dimako udaletxean. Izan ere, topaketa haietan parte hartu zuten gazteek protagonismo berezia izango dute asteburuan zehar, beraien herrietako esperientziak partekatzeko ekimenekin, eta gazteentzat berariaz prestatutako mintegiarekin.
Ekitaldi instituzionala eta UEMAren batzar nagusia ere izango dira
Euskararen arnasguneak sendotzeko eta herritarren kontzientzian eragiteko, instituzioen, eragileen eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea izan ohi da Udalerri Euskaldunen Egunaren asmoetako bat, hasieratik. Festa giroko ekitaldiez gain, beraz, izaten da ekitaldi instituzionalik ere.
Goizean, esaterako, udal ordezkariek UEMAren batzar nagusia egingo dute Dimako eskolan, eta eguerdian, berriz, ekitaldi insituzionala izango da herriko plazan.
Batzar nagusian, azken hilabeteotan UEMAn sartzeko eskaera egin duten udal berriak onartzea espero da: Arantzazu eta Bakio. Eguerdiko ekitaldi instituzionalean, berriz, udalerri euskaldunek duten garrantzia nabarmenduko dute, eta baita euskararen normalizazioari egiten dioten ekarpena ere. Erakunde publikoetako, euskalgintzako zein beste hainbat alorretako ordezkaritza ere izango da ekitaldian.
Festa eta aldarrikapena uztartuz, ondo pasatzeko eguna izan ohi da Udalerri Euskaldunen Eguna, baina lanerako eta hausnarketarako tartea ere izaten da egunean zehar. Goizean, zehazki, hainbat herritako esperientziak konpartitzeko aukera izango da, udalerri euskaldunak eta euskalgintza izeneko mintegian.
Udalerri Euskaldunen Eguna: EGITARAUA
· Maiatzak 25, ostirala:
19:00 Harrera, udalerri euskaldunetako topaketetako gazteei.
20:00 Pilota desafioa.
22:00 Kontzertua: Zazkel.
23:30 Euskal Karaokea, tabernetan.
· Maiatzak 26, larunbata:
10:00 UEMAren batzar nagusia.
10:15 Mintegia: udalerri euskaldunak eta euskalgintza.
11:00 Mintegia: gazteak eta euskara, inertziatik kontzientziara.
11:00 Haurrentzako jolasak
12:00 Kalejira, buruhandiekin, txotxongiloekin, Jentiltxu eta Jentilirekin.
12:30 Ekitaldia.
13:15 Kantujira.
14:45 Bertso bazkaria, Unai Iturriagarekin eta Jon Maiarekin.
18:30 Herri kirolak.
20:00 Areatzako batukada.
22:00 Kontzertua: Egurra Ta Kitto.
23:00 Erromeria: Ezten Giro.
Abestia eta bideoklipa: ‘Euskara, gure lurra’
Udalerri Euskaldunen Egunaren harira, ‘Euskara, gure lurra’ izeneko abestia ere egin dute dimoztarrekin, elkarlanean.
Gaurko agerraldian aurkeztu dute abestia eta bideoklipa. Ibon Izak idatzi du letra, eta Kepa Elgoibar musikariak jarri dio letra.
Grabatu, berriz, Dimako eta Arratiako herritarren eta elkarteetako ordezkarien ahotsekin grabatu dute.
Hemen abestia eta bideoklipa:
EUSKARA, GURE LURRA
Zazpi itsaso ditut nabigatu
Gau beltzenean bihurtu naiz katu
Berdin gara soka edo zaku
Baina beti zaitut nik maitatu
Hartu zaitut lurretik tatarrez
Oker-oker eta erdi trabes
Pauso goxo-goxo eta baldarrez
Maite zaitut betiko indarrez
Euskara zu barik ez gara
Euskara zu barik zer gara?
Ai Euskara, zure taupada
Gure bihotza, nire lurra da
Ezin gaitezke sekula banandu
Goiz argietan nahi zaitut laztandu
Maitasunez josi eta ilbandu
Berbaz berba nahi zaitut garandu.
Erraietatik zatoz azalera
Barru barrutik erdu kalera
Aire-aire, ale-ale ba
Goazen biok mundu zabalera
Euskara zu barik ez gara
Euskara zu barik zer gara?
Ai Euskara, zure taupada
Gure bihotza, nire lurra da…
Euskara zu barik ez gara
Euskara zu barik zer gara?
Ai Euskara, zure taupada
Gure bihotza…
Euskara zu barik ez gara
Euskara zu barik zer gara?
Ai Euskara, zure taupada
Gure bihotza, nire lurra da…
· Musika: Kepa Elgoibar.
· Hitzak: Ibon Iza.
· Abeslariak:
Olar herri kirol alkartea
Tubi eta Jon Loiola
Abizarie euskara alkartea:
Bego, Matxalen, Maitane, Ińigo, Eider, sendoa, Naiara, Nekane.
Udaletxeko langileak: iratxe, Arantzi, Nagore
Kultura eta euskara zinegotzia: Ibon
Eskolako umeak: Txomin, June, Olatz, Aimar, Ilargi, Enara, Jare.
Jentiltxu eta Jentili.
· Tronpeta eta tronboia: Roberto eta Garikoitz.
· Irudiak, kamara eta edizioa: Joseba Rodriguez.
Udalerri euskaldun guztien bilgune
Josu Labaka UEMAko lehendakariak gaurko agerraldian nabarmendu duenez, maiatzaren 26koa udalerri euskaldun guztien eguna da, ez UEMAko kide direnena soilik. “Aspaldi erabaki zen egun hau udalerri euskaldun guztion bilgune izatea, UEMAko kide izan ala ez. Gaur egun, 175 udalerri inguru dira Euskal Herriaren luze-zabalean udalerri euskaldunak. Biztanleen %70etik gora euskalduna dutenak.
Askotan nabarmendu dugu, baina maiatzaren 26an, Diman, festa giroan gogoratuko dugu: udalerri hauek egundoko ekarpena egiten diete euskararen normalizazioari. Areago: herri honen arnasguneak direla esan ohi dugu, eta ez dira hitz hutsak. Aurtengo leloa ere ildo horretatik doa: Euskara, gure lurra.Euskara baita herri hau loratu dadin ezinbestekoa den lurra. Euskara baita herri honen sustraiek duten ongarri naturala. Euskara da gure lurra”.
Hori guztia, udalerri euskaldunetako herritarrekin gogoratzeaz eta ospatzeaz gain, urrats berriak eginez ere nabarmenduko dute aurten. Izan ere, UEMA apur bat gehiago loratuko da maiatzaren 26an. Bi herri berriren eskaerak ditu mahai gainean: Arantzazu eta Bakio.
UEMAk batzar nagusia egingo du Diman, maiatzaren 26an, eta han onartuko dira bi herrien eskaerak. Beraz, behin batzar nagusiak bi herriak onartuta, 87 udal izango dira UEMAko kide, guztien artean dagoeneko 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.
Josu Labakak eskerrak eman dizkie dimoztarrei hasieratik erakutsitako jarreragatik eta eguna aurrera ateratzeko azken hilabeteotan egindako lan guztiagatik: “Hasieratik, Dimako Udalari egun hau elkarlanean antolatzeko eskua luzatu genionetik, ezin hobeto erantzun du herriak, eta bileraz bilera herriko hainbat elkarte eta eragile buru-belarri aritu da. Beraz, Dimako Udalari eta Dimako elkarteei eta eragileei, bene-benetan, eskerrik asko”.
Dimako alkate Nekane Intxaurtzak nabarmendu duenez, “Dima udalerri euskalduna da, eta harro gaude dimoztarren izaeraren eta nortasunaren ezaugarri nagusienetakoa euskara izateaz, euskaldunak izateaz. Horregatik, pozgarria da Udalerri Euskaldunen Eguna herrian izatea. Ilusioz aritu gara lanean azken hilabeteotan, eta maiatzaren 26an ilusio horretara batzeko deialdia egin nahi diogu euskaldun guztiei. Hasieratik, gainera, argi izan dugu honek ezin zuela izan UEMAren eta Udalaren arteko kontua soilik, ekimen herrikoia baizik. Herriko elkarte eta eragileei dei egin diegu elkarlanean eguna antolatzeko, eta bikain erantzun dute”. Bereziki, lanean aritu diren herriko elkarte eta norbanako guztiak nabarmendu ditu, eskerrak emanez. Amaitzeko, maiatzaren 26an Dimara joateko gonbidapena egin du: “Euskaldun guztiak gonbidatuta zaudete. Erdu Dimara maiatzaren 26an. Zuen etxean esku zabalik hartuko zaituztegu”.
# Udalerri Euskaldunen Egunari buruzko MATERIAL ETA INFORMAZIO OSAGARRIA:
· Udalerri Euskaldunetako Gazteen Topaketa, Diman.
– Gazteek izena emateko orrialdea, gurasoen baimenekin.
– Gazteentzako azalpenak eta gonbidapena.
– Kartela, gazteentzako ekitaldiekin.
· Bertso bazkaria, Jon Maiarekin eta Unai Iturriagarekin.
– Menua, kartela eta azalpenak.
– Txartelak erosteko azalpenak.
· Mintegia: udalerri euskaldunak eta euskalgintza.
– Azalpenak eta gonbidapena.