Hasiera » udalak » Bakioko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, aho batez

Bakioko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, aho batez

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen atzo Bakioko Udalak, ohiko udal osoko bilkuran. Bakioko udalbatza osatzen duten 11 zinegotzien aldeko botoekin hartu zuten erabakia, aho batez (EHBildu, EAJ eta Bakio Bai).  Bizkaia iparraldean dagoen kostaldeko herria da Bakio. 2.596 biztanle ditu, eta %73,2 da euskalduna. Bakioko Euskara zinegotzi Isabel Barturen-en hitzetan,  “beharrak eraginda” hartu dute UEMAra sartzeko erabakia, “euskararen beherakada irauli ahal izateko”.

[Bizkaiko kostaldeko herria da Bakio, eta “modu masiboan” eraiki diren etxebizitzek herriko euskararen egoeran beherakada eragin dutelako kezkatuta agertu dira udal arduradunak. Egoera iraultzeko, UEMAren lana eta esperientzia baliagarriak izango direla iritzi diote].

Bakio udalerri euskalduna den arren, Isabel Barturen alkateordearen eta Euskara zinegotziaren hitzetan, “beti oso kezkatuta” egon dira euskararen beherakadarekin. Izan ere, “modu masiboan eraiki izan da Bakion, eta hirigintza arazoa bihurtu da herriarentzat. Kanpoko jende asko etorri da Bakiora, eta horrek desoreka sortu du herrian, eta eragin handia izan du hizkuntzan”. Horren aurrean, neurri bereziak hartu nahi izan dituzte, baina “Udalak izan dituen zor ekonomikoek itota”, orain arte ez dute aukerarik izan egoerari heltzeko. Euskara zinegotziaren hitzetan, orain, UEMAko kide izateko erabakiak, “bultzada emango dio euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoiari, eta horrekin herriko egoera soziolinguistikoan eragin eta egoera irauli nahi dugu”.

EH Bilduk du alkatetza Bakion, eta hiru alderdi daude ordezkatuta udalbatzan: EHBildu, EAJ eta Bakio Bai. UEMAra sartzeko bidea ondo landu dutelakoan dago euskara zinegotzia, eta horren ondorioa dela hiru alderdiek aho batez hartu izana erabakia. Biztanle kopuruaren arabera, UEMAren batzar nagusian hiru ordezkari dagozkio Bakiori, eta alderdi bakoitzeko kide bana izendatu zuten atzo UEMAko ordezkari. Horren garrantzia ere nabarmendu nahi izan du Barturenek.

Gaur egun, 85 udalek osatzen dute UEMA, eta 87. udala izango litzateke Bakio, UEMAren hurrengo batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Zehazki, Arantzazu eta Bakio izango baitira UEMAko kide izatea eskatu duten azken bi udalak. Maiatzaren 26an izango da UEMAren batzar nagusia, Diman, Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez. Bakio ere kontuan hartuta, 25o.000 biztanle inguruko lurgunea osatzen dute UEMAko kide diren herriek.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Bakio, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide berria (bakio.eus, 2018-05-04).
· Bakio nuevo miembro de la Mancomunidad de Municipios Vascos (bakio.eus, 2018-05-04).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.