Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideek agerraldia egin dute gaur arratsaldean Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako batzordean, Nafarroako Gobernua sustengantzen duten alderdiek eskatuta. UEMAren zuzendaritza batzordeko kide diren Eneka Maiz Etxarri Aranazko alkatea eta Aitor Elexpuru Berako euskara zinegotzia izan dira UEMAren izenean aritu direnak.
[Eneka Maiz eta Aitor Elexpuru, UEMAko zuzendaritza batzordeko kideak, gaur arratsaldean, Nafarroako Parlamentuan].
UEMAko kideek gogoratu dutenez, Nafarroako Parlamentuko batzordeetan azken urteotan egindako laugarren agerraldia da honakoa, beti ere azalpenak emateko eta eskaerak egiteko. Gaur, bereziki, eremu euskaldunetako lanpostuetan eskakizun elebiduna ez duten lanpostuei eskakizun elebiduna jartzea eskatu dute, eremu euskaldunetan berariaz bermatu dadin herritarrek langile publikoekin euskaraz aritzeko duten eskubidea.
Honakoa da UEMAk gaur Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldia biltzen duen txostena:
· UEMA, Nafarroako Parlamentua. 2018-04-18 (PDFa).
Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen gaur egun eragozpenak dituzten lanpostuen azterketa eginda, zerbitzu gehiago ere badiren arren, UEMAk lehentasunezkotzat jo ditu lau zerbitzuetako lanpostuak: osasun arlokoak, liburuzainak, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak eta mendizainak.
Osasun arloari dagokionez, euskara merezimendu gisa dago lanpostu ia guztietan, eta hizkuntza eskakizuna duten lanpostuetan maila apala eskatzen da (V1). Hizkuntza Eskubideen Behatokiaren datuen arabera, zehazki, 144 kexa jaso ziren iaz Nafarroan, eta horietarik 75 (%52,1) osasun arloari dagozkionak izan ziren.
Liburuzainen kasuan, oraintsu arte ez da hizkuntza eskakizunik eskatu liburuzainen lanpostuen hautaketa prozesuetan, eta euskara merezimendu gisa soilik baloratu da eremu euskaldunetan aritu behar duten langileen kasuan. Hainbat eskaeren ostean, azken deialdian, bederatzi liburuzainen posturi ezarri zitzaien hizkuntza eskakizuna. Hala ere, UEMAko ordezkarien hitzetan, “ordezkapenak egin behar direnean (gaixoaldietakoak, lan-erretiroak…) kolokan jartzen dute zerbitzu elebiduna, osasungintzan gertatzen den bezala. Beraz, ziurgabetasuna ekidin nahi badugu, lanpostu horietan ariko diren profesional guztiei hizkuntza gaitasuna eskatzea da berme bakarra”.
Egoera larriagoa da Nafarroako Enplegu Zerbitzuari dagokionez. Zehazki, Nafar Lansarek hiru bulegotan eskaintzen die zerbitzua UEMAko kide diren udalerrietako herritarrei. Bulego horietan guztira 18 lanpostu daude esleituta, eta bakar batek ere ez du hizkuntza eskakizunik.
Azkenik, mendizainei dagokienez, Nafarroako Gobernuaren plantilla organikoaren baitan, Ingurumena zaintzeko ataleko lanpostuen egoera aztertu du UEMAk: 97 basozain, hamar basozain nagusi eta sei basozain nagusi alboko daude eta lanpostu horietatik bakar batek ere ez du hizkuntza eskakizunik.
Hori guztia kontuan hartuta, zehazki, honako eskaerak egin ditu gaur UEMAk Nafarroako Parlamentuan:
Amaitu aurretik, hiru kontu nabarmendu nahi izan ditu Eneka Maizek, UEMAren izenean.
Batetik, euskarari buruzko foru dekretua eta euskararen plan estrategikoa aurrerapausotzat jo ditu, baina horiek garatzeko bitartekoak eta planifikazioak eskatu ditu. “Tresna eraginkorrak izan daitezkeenak ez daitezela bazterrean geratu, beste hainbatetan ikusi dugun moduan. Jar dadila arreta herritarren eskubideak bermatu daitezen, eta baita baliabideak ere horretarako”.
Bestetik, Nafarroako Gobernuak lan eskaintza zabala egin behar duenean, plantilla organikoan hizkuntza eskakizunak behar bezala zehaztuta egotea eskatu du, eremu euskaldunean, herritarrek euskaraz aritzeko eskubidea legez jasota dutenez, langile publikoak euskaraz aritzeko modua bermatu dadin”.
Azkenik, Euskararen Legeari buruzko hausnarketa egiteko sortu den batzordeari dagokionez, berariaz eskatu du “gune hau baliatu dadila behingoz zonifikazioa gainditzeko. Euskara nafar guztion hizkuntza denez, euskaldunok ez baitugu eremu zehatz batzuetan gotortuta egon beharrik. Nafarrak gara, euskaldunak gara, eta ez dugu mugarik eta zonifikaziorik nahi. Hizkuntza politika berezituak eta ezberdinak behar ditugu errealitate soziolinguistiko ezberdinen arabera, baina batean zein bestean euskaldunen eskubideak bermatu egin behar dira legez, errealitate soziolinguistikoa ezberdina izan arren eskubideak berdinak baitira batean eta bestean”.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Agerraldiaren bideoa, osorik, hemen.
· Eneka Maiz, UEMAk Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren inguruan:
Etxarri Aranazko alkate eta UEMAren zuzendaritza batzordeko kide den Eneka Maizek, bideo honetan laburtu dizkigu UEMAk Nafarroako Parlamentuan egindako agerraldiaren nondik norakoak.