Hasiera » arnasguneak » “Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko” udalekuak aurkeztu dituzte

“Gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko” udalekuak aurkeztu dituzte

Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak aurkeztu ditu gaur UEMAk, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordearekin batera egindako agerraldian. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko asmoz antolatu ditu udaleku hauek UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.

Uztailaren 10etik 17ra izango da egonaldia, Zestoako Sastarrain aterpetxean.
50 lagunentzako izango da lekua, eta izena emateko epea zabalik dago, maiatzaren 9a arte.


Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Josu Labaka UEMAko lehendakaria, Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea eta UEMAko zuzendaritza batzordeko kidea, eta Jokin Uranga UEMAko hezkuntza arduraduna hedabideen aurrean agertu dira gaur, UEMAk lehen aldiz antolatu dituen udalekuen berri emateko.

Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu zituen iaz lehen aldiz UEMAk. Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketa haietan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartu zuten parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki du orain UEMAk.

UEMAko lehendakari Josu Labakak nabarmendu duen moduan, “azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin”.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du udaleku hau.

Miren Dobaran sailburuordeak berariaz nabarmendu du udalerri euskaldunek eta euskararen arnasguneek normalizazio prozesuan duten garrantzia, eta baita udalerri hauek zaintzeko berariazko hizkuntza politika. Ildo horretan UEMAk egindako lana eta soziolinguistika edukiak gazteen artean lantzeko beharra aipatu du, eta hor kokatu du Eusko Jaurlaritzaren eta UEMAren arteko lankidetza. Lankidetza horren baitan, udaleku hauek duten garrantzia ere nabarmendu du, batez ere gazteen ahalduntzean eta kontzientziazioan eragiteko, hizkuntza ohituretan ere eragin nahian. “Etorkizuna iraunkorra izateko ezinbestekoa da erabilera trinkotzea. Udalerri euskaldunek eta arnasguneek berezibiko garrantzia dute horretan. Eta zer esanik ez bertan bizi diren gazteek. Horiek eragile aktibo bihurtzea oso garrantzitsua da erabilerari eusteko, eta hori da udaleku hauekin lortu nahi dena”.

Zestoako alkate Josetxo Mendizabalek nabarmendu duenez, UEMAk lehen aldiz antolatu dituen udaleku hauek Euskal Herriko gazteen artean Zestoa are gehiago ezagutzeko baliagarriak izango dira. “Pozgarria da honelako ekimen bat gure herriarentzat. Gainera, Zestoa udalerri euskalduna da, eta Zestoako gazteek eta beste hainbat udalerri euskaldunetako gazteek elkarrekin aritzeko aukera izango dute, euskaratik eta euskaraz”.

UEMAko hezkuntza arduradun Jokin Urangak zehaztu ditu udalekuen nondik norakoak, “euskararenganako kontzientzia hartzeko eta horrekin gazteak eragile aktibo bihurtzeko ekimen aitzindaria” direla nabarmentzearekin batera.

Lekua: Sastarrain aterpetxea, Zestoan.

Zestoako Sastarrain aterpetxean izango dira udalekuak.
Sastarrain baserri eskola eta aterpetxea, izen bereko bailara txiki eta atseginaren erdigunean dago kokatuta, Zestoan, Gipuzkoan, herrigunetik kilometro eta erdira. Zelai multzoak eta zuhaiztiak ugariak diren bailara txiki eta eder honetan daude Ekaingo koba eta Ekainberri museo-gunea ere.
Aterpetxeari eta inguruari buruzko informazio osagarria, hemen: sastarrain.com

 

Norentzat dira udalerri euskaldunetako udalekuak: adina.

Udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko gazteentzat.

Izena emateko epea eta modua.

· Izena emateko epea martxoaren 19an hasiko da, eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik.
· Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbidera idaztea edota 943 816699 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) nahikoa izango da.

Prezioa.

249 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak.

Oharrak.
· 50 lagunentzako lekua izango da.
· Prezioan sartuta dago zazpi eguneko egonaldia mantenu osoan, otordu guztiekin. Baita eguneroko ekintzak, irteerak, tailerrak eta udalekuetan ohikoak diren gainerako jarduera guztiak ere.
· Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat, berariaz 10 leku gordeko dira.
· Gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dira izena 40 lagunek baino gehiagok ematen badute, beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta.
· Zozketa egin behar izanez gero, UEMAk maiatzaren 14an jakinaraziko die gazteei lekua egokitu zaien ala ez.
Behin zozketaren emaitza jakinarazita, gazteek maiatzaren 19a arteko epea izango dute UEMAren kontuan ordainketa egiteko.

Informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunetako eskoletan banatuko den diptikoa hemen eskuragai, PDFan
(baita beheko irudiaren gainean klik eginda ere).

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Gai honi buruzko beste zenbait esteka:

· Udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak antolatu ditu aurten UEMAk, lehen aldiz (uema.eus, 2018-03-16).
· Udalerri euskaldunetako gaztetxoentzat udalekuak antolatu dituzte (Berria, 2018-03-23).
· ‘Salto!’, udalerri euskaldunetako gazteei zuzendutako lehen udalekuak (El Diario Vasco, 2018-03-23).
· Gazteak euskararen eragile aktibo bihurtzeko udalekuak antolatu ditu UEMAk lehen aldiz (Europa Press, 2018-03-23).
· Zestoan egingo ditu UEMAk gazteentzako lehen udalekuak (Urola Kostako Hitza, 2018-03-23).
· Udalerri euskaldunetako gaztetxoentzako udalekuak antolatu ditu UEMAk (naiz.eus, 2018-03-26).
· UEMAk 15 eta 18 urte arteko gazteentzako udalekuak antolatu ditu (oñati.eus, 2018-03-28).
· Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko udalekuak antolatu ditu lehenekoz UEMAk (goiena.eus, 2018-03-31).
· UEMAren udalekuetara joateko aukera Arbizu eta Etxarri Aranatzen (sakana-mank.eus, 2018-03-22).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak, lehen aldiz (bizkaie.biz, 2018-04-03).
· Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu aurten UEMAk, lehen aldiz (leitza.eus, 2018-04-10).
· Udalekuen aurkezpeneko edukiarekin Hamaika Telebistak egindako bideoa:
 

 

 

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.