Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko, udalerri euskaldunetako gazteen udalekuak antolatu ditu aurten lehen aldiz UEMAk, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzarekin.
Uztailaren 10etik 17ra izango da egonaldia, Zestoako Sastarrain aterpetxean. 50 lagunentzako izango da lekua, eta izena emateko epea astelehenean zabalduko da, martxoaren 19ean.
AURREKARIAK
Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.
Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu zituen iaz lehen aldiz UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izan ziren, udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzeko. 15 eta 18 urte arteko gazteak bildu ziren topaketa haietan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartu zuten parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.
ZER DIRA UDALERRI EUSKALDUNETAKO GAZTEENTZAKO UDALEKUAK
Hiru egun haietan landutako eduki guztia modu lasaiagoan lantzeko eta gazte gehiagorengana heltzeko, asteburu bateko egonaldia beharrean aste osoko udalekua prestatzea erabaki du orain UEMAk.
Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da udaleku hauekin.
Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du udaleku hau.
LEKUA: Sastarrain aterpetxea, Zestoan.
Zestoako Sastarrain aterpetxean izango dira udalekuak.
Sastarrain baserri eskola eta aterpetxea, izen bereko bailara txiki eta atseginaren erdigunean dago kokatuta, Zestoan, Gipuzkoan, herrigunetik kilometro eta erdira. Zelai multzoak eta zuhaiztiak ugariak diren bailara txiki eta eder honetan daude Ekaingo koba eta Ekainberri museo-gunea ere.
Aterpetxeari eta inguruari buruzko informazio osagarria, hemen: sastarrain.com
[Zestoako Sastarrain aterpetxean izango dira udalekuak, izen bereko bailara lasai eta ederrean].
NORENTZAT DIRA UDALERRI EUSKALDUNETAKO UDALEKUAK: ADINA
Udalerri euskaldunetan bizi diren 15 eta 18 urte arteko gazteentzat.
IZENA EMATEKO EPEA eta MODUA
· Izena emateko epea martxoaren 19an hasiko da, eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik.
· Horretarako, hezkuntza@uema.eus helbidera idaztea edota 943 816699 telefonora deitzea (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara) nahikoa izango da.
PREZIOA
249 euro ordaindu beharko du gazte bakoitzak.
OHARRAK:
· 50 lagunentzako lekua izango da.
· Prezioan sartuta dago zazpi eguneko egonaldia mantenu osoan, otordu guztiekin. Baita eguneroko ekintzak, irteerak, tailerrak eta udalekuetan ohikoak diren gainerako jarduera guztiak ere.
· Salto Gazte Topaketetan parte hartu zuten gazteentzat, berariaz 10 leku gordeko dira.
· Gainerako 40 gazteak zozketa bidez hautatuko dira izena 40 lagunek baino gehiagok ematen badute, beti ere lurraldetasun eta genero ikuspegiak zainduta.
· Zozketa egin behar izanez gero, UEMAk maiatzaren 14an jakinaraziko die gazteei lekua egokitu zaien ala ez.
Behin zozketaren emaitza jakinarazita, gazteek maiatzaren 19a arteko epea izango dute UEMAren kontuan ordainketa egiteko.
· UEMAk hedabideen aurrean martxoaren 23an aurkeztuko ditu udaleku berri hauek, Eusko Jaurlaritzarekin batera.
Informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunetako eskoletan banatuko den diptikoa hemen eskuragai, PDFan
(baita beheko irudiaren gainean klik eginda ere).
Gai honi buruko zenbait esteka:
· UEMAk gazte udalekuak antolatu ditu, lehen aldiz (aramaio.eus, 2018-03-20).