Hasiera » udalerriak » Arantzazuko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, gaur egin duen udal osoko bilkuran

Arantzazuko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, gaur egin duen udal osoko bilkuran

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu du gaur Arantzazuko Udalak, ohiko udal osoko bilkuran. Arratia-Nerbioi eskualdean dago Arantzazu, Bizkaia hegoaldean. 394 biztanle ditu, eta %76 da euskalduna. Arantzazuko Euskara zinegotzi Nekane Zuazok nabarmendu duenez, erabakiarekin, “euskaldunak izan arren erdararako joera duten herritarren hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzte”. Horretarako UEMAren esperientzia eta laguntza baliagarria izango zaielakoan dago Udala.

[Bizkaia hegoaldeko udalerria da Arantzazu. Arratia-Nerbioi eskualdean dago.
  394 biztanle ditu, eta %76 da euskalduna].

Arantzazu udalerri euskalduna da, baina euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak kezka sortu du udal arduradunengan. Euskararen ezagutzak ere behera egin du azken ikerketa soziolinguistikoen arabera. Zehazki, %76 da euskalduna Arantzazun (2011ko neurketa), baina hamar puntu handiagoa zen 1981ean (%86). Egoera irauli nahian, euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoz erabaki du Arantzazuko Udalak UEMAra sartzea.

Nekane Zuazo euskara zinegotziaren hitzetan, “herri euskalduna da Arantzazu, baina azken urteotan nabaritu dugu beheranzko joera erabileran. Batez ere, tabernetan nabaritzen da erdararako joera, herritarrak oro har euskaldunak izan arren. Euskarari eusteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko sentsibilizazio lana areagotzea dagokigu, eta UEMAren esperientzia eta laguntza ezin hobeto etorriko zaigu horretarako”.

EH Bilduk du alkatetza Arantzazun. Zehazki, udalbatzarra osatzen duten hautetsietatik 4 ditu EH Bilduk, eta 3 EAJk. UEMAko kide izateko erabakia, Udal Gobernua osatzen duten lau zinegotzien aldeko botoarekin eta EAJren aurkako hiru botoekin hartu dute.

Gaur egun, 85 udalek osatzen dute UEMA, eta 86. udala izango litzateke Arantzazu, UEMAren hurrengo batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Maiatzaren 26an izango da UEMAren batzar nagusia, Diman, Udalerri Euskaldunen Egunarekin bat eginez. Arantzazu ere kontuan hartuta, 247.500 biztanle inguruko lurgunea osatzen dute UEMAko kide diren herriek.

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Arantzazu UEMAko kide izango da (bizkaie.eus, 2018-03-14).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.