Hasiera » Administrazioa » “Adostasunean oinarritutako politika publiko bat eraginkorragoa da beti”

“Adostasunean oinarritutako politika publiko bat eraginkorragoa da beti”

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordearen elkarrizketa argitaratu zuen atzo Berria egunkariak. Arlo publikora heldu den belaunaldi aldaketarekin hainbat kontu hasi dira aldatzen euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko harremanean eta, ondorioz, baita hizkuntza politika ulertzeko eta egiteko moduetan ere. Horren isla da Dobaranen elkarrizketa, bere horretan. Tartean, UEMAri buruz ere hitz egiten du, eta baita udalerri euskaldunen zaintzarako azken urteotan abiarazi diren ekimenei buruz ere: eragin linguistikoaren ebaluazioaz, edota hizkuntzaren eta lurralde antolaketaren arteko harremanaz, besteak beste.

Hemen irakur daiteke Garikoitz Goikoetxea kazetariak Miren Dobarani egindako elkarrizketa, osorik:
Hizkuntza eskubideak betetzeko euskaraz egin behar da lan derrigor.

Hona, berriz, zenbait pasarte esanguratsu:

HIZKUNTZA ESKAKIZUNEN INGURUAN;

Uemak kezka du herri euskaldunetan zer gertatuko den maila altuko eskakizunak jaitsita.
Ez da zertan hori gertatu. Kontuan hartuta euren eginkizunak zeintzuk diren eta normalean herri txikiak direla, erraz justifika daiteke zergatik behar den laugarren eskakizuna. Aldeko txostenak egin ditu Hizkuntza Politikak.

(…)

LURRALDE ANTOLAKETA ETA EUSKARA:

Lurralde antolaketako gidalerroetatik euskarari buruzko atal batzuk kendu dituzte azken bertsioan. Zer gertatu da?
Zerbait badakigu, eta gure abokatuak begiratzen ari dira. Parlamentura doa gaia, eta alderdiek izango dute aukera zuzentzeko edo aldaketak egiteko.

(…)

UDAL LEGEA ETA ERAGIN LINGUISTIKOAREN EBALUAZIOA:

Udal legea ere garatu behar da: finantzaketa, eragin linguistikoaren ebaluazioa… Zertan dira?
Ari dira garatzen. Adi-adi egon beharko dugu: Hizkuntza Politikaren txostena egongo da artikuluz artikulu. Dekretu hori aukera gisa ikusten dugu euskararentzat.

(…)

ERAKUNDE PUBLIKOAK, EUSKALGINTZA ETA ELKARLANA:

BERRIAn iaz egindako lehen elkarrizketak lerroburu hau zuen: «Mesfidantzak egongo dira, baina gainditzeko gai gara». Gainditzen ari dira? Gainditu dira?

Gainditzen ari dira, dudarik gabe. Harremanak sendotzen ari dira. Etengabe ari gara hitz egiten. Uemarekin egin dugun bidea, adibidez, oso handia izan da. Ezinbestekoa da. Uemako herrietan ez bada, non bizi dira, ba, euskaraz? Horiek behar ditugu, eskolatik ateratzen ari diren hiztun berriak euskalduntzeko eta hiztun oso bilakatzeko. Baditugu programa pilotu batzuk hiztun berriak herri horietara eramateko. Uemarekin bide bat egin dugu, baina ez bakarrik Uemarekin: Kontseiluarekin ere konplizitate handia daukagu, eta, adibidez, hezkuntzaren inguruko dokumentuan ados gaude gauza inportanteenetan. Konplizitate horrek eragin ikaragarria dauka gure politiketan. Adostasunean oinarritutako politika publiko bat eraginkorragoa da beti.

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Miren Dobaran: “Hizkuntza eskubideak betetzeko euskaraz egin behar da lan derrigor” (Berria, 2018-03-04).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.