Hasiera » arnasguneak » Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa neurtu du Errezilgo Udalak

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa neurtu du Errezilgo Udalak

Errezilgo Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango duen eragin linguistikoa neurtu du, Eragin Linguistikoren Ebaluazioa eginda, UEMArekin elkarlanean. Arritxu Zelaia hizkuntza aholkularia izan da ebaluazioa egin duena.


[Gipuzkoako herria da Errezil. Urola Kosta eskualdean dago, Urola bailaran, eta 600 biztanle ditu. Euskararen arnasgune nagusienetakoa da, euskararen kaleko erabilera %94koa baita, iazko datu soziolinguistikoen arabera].

Azterketaren ondorioetan nabarmendu duten moduan, “Errezil udalerri txikia da, eta bertako euskararen ezagutza eta erabilera maila oso handia da. Ondorioz, Errezilen hirigintzan egin daitezkeen esku-hartzeek eragin handia izan dezakete”. Zehaztu dutenez, “HAPOn aurreikusita dauden esku‐hartze nagusietatik (etxebizitza berriak, Akertxoko handitu, Industrigunea handitu) eragin handiena etxebizitza berriek eta ondorioz etorriko diren biztanleek izango dute. Herri osoan eragingo du, euskararen ezagutzan jaitsiera aurreikusten baita HAPO bere osotasunean garatuz gero”.

Errezilen euskararen ezagutza maila handia da, eta naturaltasunez erabiltzeko joera dute herritarrek. Azterketaren atarikoan nabarmendu duten moduan, ordea, “hala ere, arreta jarri beharra dago, 10 urtean euskararen ezagutza %9,2 jaitsi baita”. Dena dela, HAPO honek herriko errealitate soziolinguistikoan izango duen eraginari dagokionez, “ez da aurreikusten aparteko eraginik izan dezakeenik komunitatearen kultur eta gizarte bizitzan, are gutxiago hizkuntza paisaian, zerbitzuen eskaintzan eta komunikazioan”.

Egindako ebaluazioaren ondorioetan, badaezpadako neurri zuzentzaileak ere proposatzen ditu azterketak. Batetik, etxebizitza berrien planifikazioan: erroldaren irizpidea ezartzea, kooperatiba izaera sustatzea, etxebizitza denak batera ez egitea, edota etxebizitzak herritarrentzat izan daitezen neurriak hartzea. Bestetik, proiektua garatu aurretik eta proiektua egin bitartean, obra baimenetan hizkuntza irizpideak ezartzea ere proposatzen da, proiektuaren iragarkiak tokiko eta euskarazko hedabideetan egitea lehenestearekin batera. Azkenik, herritar berrien etorrerari dagokionez, hainbat neurri proposatzen dira herritar berriak modu naturalean euskaraz bizi daitezen lortzeko, horretarako babesa eta erraztasun guztiak emanda.

Adostutako neurri zuzentzaileak ezartzen direla  bermatzeko, jarraipen batzordea ere osatu dute. Nekane Zinkunegi Errezilgo Euskara zinegotzia izango da batzordearen koordinatzailea, eta UEMAk, Errezilgo Udalak eta bertako udal arkitektoa izango dira batzordekideak.

Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa,
udalerri euskaldunen beharretatik EAEko Udal Legera

Udalerri euskaldunenak ere erdalduntzen ari direla erakusten duten datuekin kezkatuta, azken urteotan, UEMAren ildo nagusietako bat da udalerri euskaldunen zaintza, eta horren baitan sortu zuen Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa 2015ean. Kontseiluarekin, UEUrekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan egindako hausnarketen emaitza izan zen bateko zein besteko proiektuek hizkuntzarengan izan dezaketen eragina neurtzeko tresna sortzea, behar izanez gero neurri zuzentzaileak ere hartu ahal izateko.

Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea izeneko lehen jardunaldi haietan, lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana estua dela eta hirigintza proiektuek Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.

2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak) ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu zuen UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Euskalgintzak eta erakunde publikoek ere bat egin zuten gaiak duen garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEk lege izaera ere hartu zuen 2016an, EAEko Udal Legea onartu zenean. Izan ere, Udal Legeak lege babesa ematen dio Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarrita (ikus albistea: Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek). 

Orioko Udala izan zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak herrian izango zuen eragin linguistikoa aztertu zuen lehen udala, 2016ko otsailean. Orioko Udalak egin zuen lana gainerako udalerri guztientzat eredu dela nabarmendu zuen orduan UEMAko lehendakari Josu Labakak. Harrezkero, Orexan, Munitibarren, Lekarozen eta Alegian egin izan dute ELE, bai Hiri Antolamenduko Plan Orokorretan edota egitasmo zehatzen inguruan. Errezilgo Udalak eta Alegiko Udalak egin dituzten ebaluazioak dira azkenak.

Errezilgo Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Eragin Linguistikoa:
· Txostena, osorik, PDFan (37 orrialde).

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren eragin linguistikoa neurtu du Errezilgo Udalak (Urola Kostako Hitza, 2018-02-06).
· Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berria aurkeztu du UEMAk, ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan (uema.eus, 2017-05-15).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.