Euskaraldia euskararen lurralde osorako pentsatuta dagoen ekimena da, baina udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoak bere berezitasunak ditu. Horregatik, Euskaraldiak ekarriko duen dinamikaz gain, Hamaika aldiz gehiago! proposamena adostu eta landu du UEMAk, udalerri euskaldunetako udalek eta herrietako batzordeek erabili dezaten.
Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! Euskaraldia udalerri euskaldunetan lantzeko proposamen osagarria (PDFan, 2,21Mb)
Hainbat udalerri euskaldunetan, hizkuntza ohiturak aldatzeko ekimena erabat beharrezkoa da, batez ere euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldea nahi baino handiagoa den herrietan. Udalerririk euskaldunenetan, ordea, Euskaraldiaren ohiko dinamikaz gain, areago joateko beharra ere nabarmendu dute bateko eta besteko eragileek, batez ere euskararen erabilera altua den udalerrietan. Euskararen arnasguneetan, alegia. Herri horietan, euskaraz aritzea erabat naturala eta ohikoa denez, Euskaraldia hizkuntza ohituren inguruan areago hausnartzeko baliagarria izan daiteke.
Horregatik, udalerri euskaldunetako teknikariekin eta eragileekin gaia landu ostean, Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago! proposamena osatu du UEMAk, udalerri euskaldunetan osagarri gisara lantzeko, Euskaraldiaren ohiko dinamikarekin batera.
Proposamen osagarriaren funtsa, hamaika egunetan hamaika alor lantzea da, bakoitzaren inguruan hamaika konturen inguruan hausnartzeko, hutsuneak ikusarazteko, jokaera eredugarriak nabarmentzeko, edota hamaika konpromiso hartzeko, maila pertsonalean zein kolektiboan.
Azken batean, udalerri euskaldunenetan euskaraz hitz egiten dugu oro har eguneroko jardunean. Beraz, oraindik erdaraz aritzen garen esparruetako hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain, hamaika aldiz areago joateko beharra daukagu. Hamaika aldiz gehiago hausnartzeko. Egun bakoitzean arlo bati begiratu, benetan euskaraz bizi garen aztertzeko hamaika hausnarketa egin, eta horietan ere hizkuntza ohiturak aldatzeko ideiak eta ekimenak jarri mahai gainean. Hamaika egiteko arlo bakoitzean, hamaika aldiz gehiago izan gaitezen aurrerantzean ere.
Euskaraldia UEMAko kide diren herrietan lantzeko zenbait irizpide eta argibide,
udalentzat zein herrietako batzordeentzat
- Euskaraldiak landuko duen proposamena beharrezkoa eta interesgarria da, zalantzarik gabe, herriz herri euskalgintzaren, erakundeen eta herritarren artean sendotu daitezkeen zubiengatik eta hizkuntza ohituretan sortu daitezkeen aldaketengatik. Udalerri euskaldunetan oro har euskaraz bizi garenez, ordea, hamaika egun horiek hausnarketarako baliatzeko gakoak eskaintzea eta ahulguneei aurre egiteko hamaika proposamen iradokitzea da Hamaika aldiz gehiago! dokumentuaren asmoa.
- Azken batean, Euskaraldia bideratzeko herrietan sortuko den mugimendua baliatuz, udalerri euskaldunetan urrats bat gehiago egitea da asmoa, udalerri euskaldunen egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta. Horregatik landu du honako proposamena UEMAk. Udalerri euskaldunearako ez ezik, beste udalerrietarako ere balio du, noski, baina udalerri euskaldunetan hamaika pauso aurrerago joateko asmoari eta beharrari erantzunez sortutakoa da.
- Hainbat herrik gustura eta ilusio handiz heldu diote Euskaraldiaren erronkari. Beste batzuentzat, berriz, erronka zaila da, duten lanerako gaitasunaren arabera. Batzuentzat zein besteentzat, proposamen osagarria eta lagungarria izan nahi du honakoak.
- Udal edo batzorde bakoitzak erabaki beharko du, gaitasunaren eta beharraren arabera, UEMAk proposatzen dituen hamaika alor hauei heldu, hausnarketa zein alorretan egin, eta bakoitzean landu daitezkeen kontuak zenbateraino landu. Bide horretan, gida edo mapa modukoa besterik ez dira orrialde hauek. Alor bakoitzean, hausnarketa, ideia eta proposamen gehiago eta hobeak ere sortu daitezke herrietan, hemen idatzitakoen osagarri.
- Izan ere, hamaika arlo eta proposamen hauetako bakoitzak, bere horretan, gaia nahi adina lantzeko aukera ematen du: apur bat soilik, azaletik, edota hilabete askoan lan sakona eginda.
- Euskaraldia 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra izango da. Hamaika eguneko iraupena izango du, baina horrelakoetan ohi den bezala, ekimenak berak bezainbesteko garrantzia izango du bidean sortuko den guztiak: herritarren, euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlanetik herrian sortuko diren zubi, talde eta dinamika berriak.
- Horregatik, Euskaraldia lantzeko herrietan sortu diren eta sortuko diren batzordeen esku jarriko du UEMAk gida hau, laguntza gisa, batzordeek nahi duten moduan lantzeko.
- Euskaraldia lantzeko batzorderik sortu ez den herrietan, berriz, udalak eskatuz gero, UEMAk bideratuko ditu Euskaraldia lantzeko sustapen saioak, dohainik. Azken batean, UEMAko teknikarien laguntza behar den kasuetan, UEMA prest dago azalpenak, argibideak eta lanerako irizpideak emateko, udal ordezkariekin zein herritarrekin egin daitezkeen aurkezpenetan.
- Euskaltzaleen Topagunearekin adostuta, UEMAko teknikariek berariazko formakuntza jasoko dute Euskaraldiari buruz, gero herrietan Belarriprest eta Ahobizientzako formakuntza saioak eskaintzeko. Beraz, formakuntza jaso nahi duten herrietara eta batzordeetara joango dira UEMAko teknikariak, Euskaraldiaren atarian herritarrak eta eragileak formatzeko eta ahalduntzeko.
- Euskaraldian parte hartzeko asmoa duten herriek, berariaz izena eman behar dute ekimenean. Horretarako, dagoeneko epea zabalik dago: euskaraldia.eus webgunean eman behar da izena, martxoa amaitu baino lehen.
- UEMAko kide diren herriek, nahi izanez gero, UEMAren bidez eman ahal izango dute izena. Euskaraldian parte hartzea erabaki bezain laster, UEMAri horren berri eman behar zaio, UEMAk eskaera bideratzeko. UEMAren bidez egin beharrean, udalen batek bere kontura eman nahi badu izena, ez dago inolako arazorik. Bi kasuetan, ordea, UEMAri jakinaraztea eskatzen dizuegu, parte hartuko duzuen herrien berri izan dezagun.
Bi kasuetan, komunikazioa@uema.eus helbidera idatzita edo 943 816699 telefonora deituta jakinarazi behar duzue egingo duzuena.