Hasiera » hizkuntza politika » Euskara planaren aurkako epaiari “oso larria” iritzi eta babes osoa helarazi dio UEMAk Gipuzkoako Foru Aldundiari

Euskara planaren aurkako epaiari “oso larria” iritzi eta babes osoa helarazi dio UEMAk Gipuzkoako Foru Aldundiari

EAEko auzitegi nagusiak Gipuzkoako euskara planaren aurkako epaia berretsi duela jakinda, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak babes osoa helarazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta euskara planaren aurkako sententzia “oso larritzat” jo du, “berez hizkuntza ofiziala izan arren, euskaraz soilik ezin garela aritu nabarmentzen duelako”.

Beste behin ere erabakiaren aurrean “sendotasuna eta ausardia” eskatu die UEMAk erakundeei


2013-2017 arteko euskara plana onartu zuen aurreko agintaldian Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta euskara lehenetsitako hizkuntza izatea erabaki zuen, bi hizkuntza ofizialen desoreka berdintzeko eta euskararen normalizazioari benetan heltzeko, “eskubide osoz”. Planaren baitan, besteak beste, agerraldi publikoak euskaraz egitea eta kontratazio publikoetan hizkuntza irizpideak jartzea onartu zuen, beti ere euskaraz ez dakiten herritarren hizkuntza eskubideak bermatuz. Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkaritzak auzitara eraman zuen plan hura, eta EAEko auzitegi nagusiak planaren lau artikulu indargabetu zituen iaz, maiatzean. Erabaki haren aurkako helegitea aurkeztu zuen gaur egungo foru gobernuak, baina auzitegiak ez du ontzat hartu helegitea, eta erabaki irmoa plazaratu du.

Erabakiaren berri izanda, UEMAren izenean babesa adierazi dio Gipuzkoako Foru Aldundiari UEMAko lehendakari Josu Labakak. Labakaren hitzetan, “berriro ere, euskaraz bizitzea posible izan dadin, gazteleraz ere bizi behar dugula esan digute. Ezin dugula euskaldunak soilik izan. Ezin garela euskaraz soilik aritu. Askotan esan duguna errepikatu behar dugu: euskararo ofizialtasuna aitortu eta 40 urtera, oso larria da oraindik horrela ibiltzea. Zapaldua izan dena duintzeari eta eskubide osoz bere lekuan jartzeari erreparoa diote oraindik inguratzen gaituzten hizkuntza erraldoiek, eta alde dituzte legeak eta bitarteko guztiak. Gutxitutako hizkuntza bat normalizatzeko, ordea, ezinbestekoa da lehenestea, eta bereziki sustatzea”.

Beste behin ere, gainera, udalerri euskaldunen egoera nabarmendu nahi izan du UEMAko lehendakariak: “Udalerri euskaldunetan euskaraz bizi gara, eta euskara ez dakiten herritarrak euskarara erakartzeko politika ausartak eta aurrerakoiak bideratzen ditugu. Hala ere, kostatzen ari zaigu erabilerari eustea, inguratzen gaituen guztia beste norabide batean doalako. Herritarren sentsibilizazioa, ahalduntzea, eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua lantzeko egundoko lana egiten dugu, arnasguneei eustea herri honen oinarriari, izaerari eta kulturari eustea dela sinetsita. Euskarak benetan normalizatu eta duindu dadin politika ausartak bideratzen laguntzen diegu udalei, eta ildo horretan urratsak egiten dituzten erakunde publikoen bidelagun gara. Baina euskararen aldeko pauso bat ematen dugun bakoitzean, kolpea dator atzetik. Etsigarria da euskarari bidezidorrak zabaltzeko epaitegi, helegite eta sententzien artean ibili beharra beti, inguruko erdara erraldoiek guztia eskura duten bitartean”.

Horregatik, “sententziak sententzia, udalei eta erakunde publikoei lanean segitzeko eta inolako beldurrik eta lotsarik gabe euskara lehenesteko deia” egin nahi die UEMAko lehendakariak, mankomunitatea osatzen duten 85 udalerrien izenean. “Guztien artean 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dugu, eta harro esan eta erakutsi nahi dugu euskaldunak garela, euskaraz garela eta euskaraz bizitzen jarraitu nahi dugula”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· UEMAk oso larritzat jo du Gipuzkoako euskara planaren aurkako sententzia (uema.eus, 2017-06-23).
· Gipuzkoako euskara planaren kontrako epaia berretsi du EAEko auzitegi nagusiak (berria.eus, 2018-01-15).

· Gipuzkoako Foru Aldundiaren lau artikulu indargabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak (berria.eus, 2017-06-23).
· Gipuzkoako Aldundiaren euskara planaren bost artikulu baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak (naiz.eus, 2017-06-23).
· Helegitea jarriko du diputazioak (berria.eus, 2017-06-23).
· Epaia salatu dute UEMAk eta Kontseiluak (berria.eus, 2017-06-23).
· Tumban la exigencia del euskera para contratar con la Diputación de Gipuzkoa (elespanol.com, 2017-06-21).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.