UEMAk larunbatean Ikaztegietan egindako batzar nagusiaren harira, Info7 irratian aritu da solasean UEMAko lehendakari Josu Labaka. Besteak beste, euskararen arnasguneak biziberritzeko neurri berriez aritu da, gaur egungo euskararen arnasguneak XXI. mendera zabaldutako leiho biziak direla nabarmenduz.
Hemen entzungai Josu Labakaren hitzak.
· Josu Labaka (Gureaz Blai, Info7 irratia, 2017-12-18).
Hemen, berriz, testua irakurgai:
Josu Labaka: “XXI. mendeko Euskal Herrian, arnasguneak mundura zabaldutako leihoak dira”
Batzar nagusia egin du UEMAk asteburu honetan. UEMAko kide diren 85 udaletatik heldutako dozenaka eta dozenaka alkate eta zinegotzi elkartu ginen larunbatean Ikaztegietan, eta udal berri bat ere onartu genuen UEMAko kide gisa: Orozko. Ongietorririk beroena, beraz, bertako herritar guztiei, udalerri euskaldunen lurraldera.
Orozko UEMAra gehitzeaz gain, 2017an egindakoak gogoratu, eta 2018an landuko ditugun ildoak ere onartu genituen, beti ere udalerri euskaldunen funtzioari eta ardurari helduta. Izan ere, azken urteotan, UEMAtik ahalegin berezia egin dugu udalerri euskaldunen zaintza eta babesa zein garrantzitsua den ikusarazten, udalerri horiek euskararen arnasgune izaten segi dezaten, eta arnasgune horiek gero eta gehiago eragin dezaten euskararen biziberritzean, euskara lau haizetara zabaltzen.
Munduan barrena, hizkuntzalaritzan ohikoa da hizkuntza baten arnasguneen kontzeptua eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia, hizkuntza baten eremu naturala zaintzeko eta babesteko ezinbestekoa delakoan. Euskarari dagokionez, batez ere UEMAtik ahalegindu gara kontzeptu nahikoa arrotza zena udalerri euskaldunetara ekartzen, eta horren berri ematen, baita azken hilabeteotan ere.
Orain, azken urteotan egindako lana ari da emaitza ematen, eta badirudi udalerri euskaldunenetan hain argi ikusten genuena ikusten eta aitortzen dutela erakunde publikoetako hizkuntza politikaren arduradunek eta euskalgintzako eragile gehienek ere: euskararen arnasguneek berariazko hizkuntza politika eta babesa behar dute, biziberritzeko eta motorea izaten segitzeko.
UEMAtik, arnasguneen inertzia baliatuz, eskualde-buruak diren herri handiagoetan ere eragin nahian ari gara. Galtzaundirekin Tolosaldeko herri guztietan elkarlanean aritzeko hitzarmena, edota Urola Kostako Udal Elkartearekin turismo eskaintzan euskara erdigunean jartzeko hitzarmena horren lekuko dira. Eskualdeko gainerako arnasguneek asko lagundu dezakete Tolosa edo Zarautz bezalako herrietan euskara biziberritzeko ahaleginean, beti ere inguruko erdara handien uholdeari aurre egiteko hizkuntza politika ausartarekin, noski. Erabat ulertzen eta babesten dugu behetik gorako ahalegina loratu dadin sabai batzuk desagerrarazteko beharra. Ahalegin horretan ari gara, zehazki, arnasguneetatik eragin eta eskualde-buruetan ere euskara biziberritzen, bereziki etorri berriei harrerarekin batera bertako hizkuntza ere emateko bitartekoak jarrita, egin diezaiekegun ongietorri sentituena euskararekin egingo diegulakoan.
XXI. mendeko Euskal Herrian, ezin argiago baitaukagu arnasguneak mundura zabaldutako leihoak direla. Kultura garaikidea eta globalizatua da hau, eta hor eragiteko eta nabarmentzeko bitarteko sendoak behar ditu euskaldunak, alor guztietan. Horregatik da ezinbestekoa euskara benetan zeharlerrotasunez landuko duen hizkuntza politika nazionala. Hizkuntza politika horrekin soilik izango baita emankorra behetik gora egindako lan guztia.
Erronka polita dugu aurrean. Lanerako gogoa eta ilusioa ere bai. Eta inoiz baino bidelagun gehiago. Ikusiko duzue: urte emankorra izango da 2018a. Hitz egingo dugu.