Hasiera » Administrazioa » Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko bost udalek

Bikain ziurtagiria jaso dute UEMAko bost udalek

Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta eta Irurako udalek Bikain ziurtagiria jaso dute, eta horretarako UEMAk emandako laguntza eskertu dute.

[ EAEko 35 erakundek jaso zuten Bikain ziurtagiria, pasa den abenduaren 13an, Bilbon egindako ekitaldian. Tartean izan ziren Ajangiz, Anoeta, Aulesti, Ikaztegieta eta Irurako udal ordezkariak ere ].

2017ko Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatu zituen Eusko Jaurlaritzak pasa den abenduaren 13an, Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordeak banatu zituzten ziurtagiriak, eta UEMAko bost udal izan ziren ziurtagiria jaso zuten 35 erakundeen artean: Ajangiz, Anoeta, Aulesti,  Ikaztegieta eta Irura.

Bikain ziurtagiria Eusko Jaurlaritzak ematen duen ziurtagiri ofiziala da. Publikoa eta doakoa da, eta esparru sozioekonomikoan zein publikoan euskararen presentziaren eta erabileraren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du. 2008tik gaur egun arte 348 erakundek jaso dute ziurtagiria, eta guztira 65.000 langile inguru dituzte erakunde publiko zein enpresa horiek.

Aurten ziurtagiria jaso duten 35 erakundeen artean, 16k goi mailako urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute, 17k zilarrezkoa eta beste bik oinarrizkoa. UEMAko udalen kasuan, bostek urrezko Bikain ziurtagiria jaso dute.

Ziurtagiria eskuratu ahal izateko, erakundeak ebaluazioa egin eta gainditu behar izaten du. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzak nabarmendu zuenez, ebaluazioak egiten Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 123 lagun aritu izan dira (2-4 ebaluazio-talde bakoitzeko), “bakoitzak duen onena erakundearen esku utziz, euskararen kudeaketa, presentzia eta erabileran hobetzen laguntzeko”. Guztira, Bikain ebaluazio klubean 666 pertsona daude, sektore eta lan alor desberdinetakoak. UEMAko kide diren eta ziurtagiria jaso zuten 5 udalek, zehazki, prozesu horretan eta egin beharreko lanetan UEMAk emandako laguntza eskertu zuten.

UEMAko gainerako 80 udalei dagokienez, horietako askok betetzen dituzte Bikain ziurtagiria lortzeko zehazten diren baldintzak, baina horiek denak batera ebaluatzeko eta bideratzeko zailtasunengatik, batzuk soilik hautatu dira 2017an ziurtagiria jasotzeko, beti ere udalerri euskaldunetako udalen aitzindaritza erakusteko asmoz. 2018an beste hainbat aurkezteko asmoa dago, horiek ere erraz lortuko dutelakoan ziurtagiria.


[ Igor Urreta, Miren Mendizabal, Bakarne Olano, Pello Estanga eta Ana Leunda, Ikaztegieta, Anoeta eta Irurako udal ordezkariak, Bikain ziurtagiriarekin ].


[ Ajangizko alkate Mikel Ander Zubizarreta -ezkerrean- eta Aulestiko alkate Mikel Ansotegi -eskuinean-, pasa den asteazkenean, Bikain ziurtagiria jaso ostean ].

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Bikain ziurtagiria banatzeko ekitaldiko argazki guztiak, hemen (iturria: Eusko Jaurlaritza. irekia.eus).
· Bikain ziurtagiria jaso dute Anoetako, Ikaztegietako eta Irurako udalek (Tolosaldeko Ataria, 2017-12-14).
· 2017an Bikain ziurtagiriak jaso dituzten 35 erakundeak (Eusko Jaurlaritza. irekia.eus).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.