Hasiera » UEMA » Orozko UEMAko kide da gaurtik aurrera, udalerri euskaldunek Ikaztegietan egin duten batzar nagusiak onartu ondoren

Orozko UEMAko kide da gaurtik aurrera, udalerri euskaldunek Ikaztegietan egin duten batzar nagusiak onartu ondoren

Amaitzear den urtearen balantzea egin, eta 2018rako ildo nagusiak onartu ditu gaur UEMAk, euskararen arnasguneak biziberritzeko neurri berriekin

[ UEMAko kide diren herrietako alkateak, zinegotziak eta udal ordezkariak, gaur eguerdian, Ikaztegietako udaletxearen atarian ].

Ikaztegietan elkartu dira gaur UEMA osatzen duten 85 udalerri euskaldunetatik joandako ia ehun alkate eta zinegotzi, UEMAren batzar nagusian. Besteak beste, 2017an egindakoaren balantzea aurkeztu du UEMAk, zenbait kontu nabarmenduz. Batetik, UEMAko herrietan eta Tolosaldeko herrietan euskararen erabilera neurtzeko egin diren kale neurketen emaitzak aztertu dituzte. Bestetik, hizkuntzaren ezagutzatik erabilerara dagoen aldea zein faktorek eragiten duten aztertzeko egindako ikerketa ere gogoratu dute, bertan bildutako ondorioak giltzarriak direlakoan udalerri euskaldunetan euskara biziberritzeko.

Zehazki, ondorio horiek jendarteratzeko egin den ahalegina ere aipatu dute. Kale erabilera neurketen emaitzak, ondorioak, edota ezagutzaren eta erabileraren arteko aldearen ingurukoa izan baita aurtengo Euskal Soziolinguistika Jardunaldia, Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak izenburupean, hainbat erakunde publikoren babesarekin eta alor askotariko adituekin eta teknikariekin.

Jardunaldi horren ondorioei tiraka, 2018ko plangintzan UEMAk areagotu egin ditu udalerri euskaldunak zaintzeko, herritarrak sentsibilizatzeko eta euskara alor guztietan zeharlerrotasunez lantzeko lan-ildoak.

Horien baitan, Euskaraldia ekimena udalerri euskaldunetan berariaz nola landuko duten ere aztertu dute gaurko batzarrean, UEMAk Euskaraldiarekin eta Topagunearekin adostutako ‘Hamaika egun baino hamaika aldiz gehiago!’ proposamena oinarritzat hartuta.

“Arnasguneetatik euskararen biziberritzean are gehiago eragiteko ildoak onartu ditugu gaurko batzar nagusian”

Batzar Nagusia amaitu ostean, UEMAko ordezkariek agerraldia egin dute hedabideen aurrean. UEMAko lehendakari Josu Labakak eta Orozkoko Euskara eta Kultura zinegotzi Begoñe Olabarriak hartu dute hitza.

Josu Labakak nabarmendu duenez, egun pozgarria da gaurkoa, “Orozko UEMAra gehitu delako, eta 85 udalekin inoiz baino sendoago dagoelako UEMA, ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuta”. Horrez gain ”arnasguneek euskararen biziberritzean duen funtzioak aitortza zabala eta sendoa jaso du 2017an, erakunde publikoen zein euskalgintzako eragileen aldetik, eta arnasgune horietatik are gehiago eragiteko ildoak onartu ditugu gaurko batzar nagusian”.

Labakaren hitzetan, “UEMAtik, arnasguneen inertzia baliatuz, eskualde-buruak diren herri handiagoetan ere eragin nahian ari gara. Galtzaundirekin Tolosaldeko herri guztietan elkarlanean aritzeko hitzarmena, edota Urola Kostako Udal Elkartearekin turismo eskaintzan euskara erdigunean jartzeko hitzarmena horren lekuko dira. Eskualdeko gainerako arnasguneek asko lagundu dezake herri handietan euskara biziberritzeko ahaleginean, beti ere inguruko erdara handien uholdeari aurre egiteko hizkuntza politika ausartarekin, noski”.

Orozko, UEMAko 85. udala

Orozkoko Udalak UEMAn sartzeko egindako eskaera ere onartu du gaurko batzarrak.

 [ Begoñe Olabarria Orozkoko Euskara eta Kultura zinegotziak hartu du hitza Orozkoko Udalaren izenean, eta gustura agertu da UEMAko kide direlako gaurtik aurrera ].

Uztailean egindako osoko bilkuran hartu zuen UEMAra sartzeko erabakia Orozkoko Udalak, udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko botoekin. ADIE Orozkoko Talde Independenteak du alkatetza Orozkon, baina talde horretako sei zinegotziek ez ezik, EAJren hiru zinegotziek eta EH Bilduren bi zinegotziek ere osatzen dute Udal Gobernua. UEMAko kide izatea, guztien aldeko botoarekin erabaki zuten.

Orozko, Bizkaia hegoaldean dagoen herria da, Arratia-Nerbioi eskualdean, eta 2.635 biztanle ditu. Udalerri euskalduna baldin bada ere, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak kezka sortzen du udal arduradunengan, eta egoera iraultzeko eta euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoz hartu dute UEMAra sartzeko erabakia.

Begoñe Olabarria Euskara eta Kultura zinegotziak adierazi duenez, “egun handia da guretzat gaurkoa. Oso pozgarria da UEMA moduko erakunde baten parte izatea. UEMAren parte izatea oso aberasgarria eta onuragarria izango delako gure herriarentzat. Orozko bertan sartzeko proposamena herritik sortu zen, herritarrek osatutako euskara taldetik, hain justu ere. Eta herriagaz elkarlanean heldu gara puntu honetara. Hasieran pentsatu moduan egiten ari gara bidea”. Horregatik, hunkituta, zorionak eta eskerrak eman dizkie erabaki honetan bidelagun izan diren herritarrei.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Udalerri euskaldunek Ikaztegietan egin dute urteko batzar nagusia (ataria.eus, 2017-12-16).
· Orozko ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitu da (naiz.eus, 2017-12-16).
· Udalerri euskaldun izendatu dute Orozko (El Diario Vasco, 2017-12-16).
· Orozko UEMAn sartu da (bizkaie.eus, 2017-12-18).

UEMAk Ikaztegietan egindako batzar nagusiaren zenbait argazki:


 



Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.