Hasiera » Zehaztu gabe » Udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna gakoa dela nabarmendu dute #erronkak jardunaldian

Udalerri euskaldunenetan hizkuntza politikaren zeharlerrotasuna gakoa dela nabarmendu dute #erronkak jardunaldian


Donostian, EHUren Carlos Santamaria Zentroan egin da “Arnasguneak eta udalerri euskaldunak:
gaurko eta biharko erronkak” jardunaldia, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak elkarlanean
antolatuta. Bertan bildutako euskara teknikariek, udal ordezkariek, ikerlariek eta euskararen
biziberritzean diharduten profesionalek euskaldun proportzio altuena duten udalerrientzat aurrera
begira ikusten diren erronka nagusien inguruan jardun dute.

Maddi Etxebarria, Soziolinguistika Klusterreko lehendakariak, Josu Labaka, UEMAren lehendakariak
eta Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak jardunaldian
planteatzen diren gaiak euskararen biziberritzeari begira funtsezkoak direla eta aurrerantzean ere
ikertzen eta egitasmo berriak sortzen jarraitu beharra izango dela azpimarratu dute.

Mikel Zalbide, hizkuntzaren soziologian ikerlaria arduratu da irekiera hitzaldiaz. Nazioarteko
soziolinguistika akademikoan arnasguneen gaia kokatu ostean, bere iritzian aurrera begira herri
euskaldunenetan euskararen egoera eta erreprodukzioa bermatzeko hiru gako nagusi azpimarratu
ditu: estabilizazio demografikoa, ingurune horien bideragarritasun sozioekonomikoa bermatzea eta
komunitate horietan hizkuntza bakoitzaren funtzio sozialaren inguruan euskarari nagusitasunezko
tokia ematen dion adostasuna lortu eta aplikatzea.

Iñaki Agirreazkuenaga zuzenbidean katedradunak legediak ezartzen dituen aukera eta mugen
inguruko galderei erantzun die. Alde batetik, legediaren ahalmena erlatibizatzeko zenbait azalpen
eman ditu: legeak aldatu gabe hauen aplikazioa aldakorra izaten dela denboran zehar, esate
baterako. Euskararen Legea, zenbaitetan euskararen aurkako tresna ere izan daitekeela eta izan dela
adierazi du. Zentzu horretan, legeen aplikazioa sarri legelari eta abokatuen abileziaren araberakoa
dela kontuan hartuz, udalerri euskaldun eta arnasguneetan euskarari lehentasuna emateko neurri
ausartak emateko aukera badagoela argitu du; horren muga euskara ez dakiten herritarren
hizkuntza-eskubideak bermatzea litzateke, beti ere.

Soziolinguistika Klusterreko Olatz Altunak 76 udalerritako kale erabilera neurketaren emaitzak
aurkeztu ditu: UEMAko herri gehienetan eta Tolosaldeko herrietan egindako neurketa berezia izan
da. Guztira 54.700 elkarrizketatik gora behatu dira. Aztertutako datuetan oinarrituz, herriok
sailkatzeko tipologia berria proposatu du Altunak. Honen arabera, ikus liteke euskaldun proportzio
altuena duten herrietan, badirela zenbait ezingo genituzkeenak arnasgune kategorian sartu; izan ere,
kaleko erabilerari erreparatuta ezin da esan euskarazko jarduna nagusi denik bertan.

Jardunaldiari amaiera emateko, arratsaldeko mahai-inguruan tokiko errealitateen gertuagotik eta
hainbat ikuspegitatik begiratu zaie. Goizane Aranak Bermeo eta Ondarroan egindako ikerketaren
ondorioak mahai-gaineratu ditu; Imanol Azkue Zumaian azaleratutako errealitateaz aritu da, Alberto
Barandiaranek tokiko hedabideek joka dezaketen papera landu du eta Unai Fernandez de Betoñok,
berriz, lurralde antolaketa kontuan hartu beharra azpimarratu du. Azken galderari erantzunez,
bakoitzak bere jarduera-esparrutik arnasguneentzat ikusten dituen erronka bana proposatu du.
Honenbestez eman zaio amaiera Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren IX. Edizioari. Hurrengo egun
eta asteetan gaurko saioen ikusentzunezko-grabazioak eta materialak hurrengo egunotan izango dira webgune honetan bertan ikusgai.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· #erronkak jardunaldiaren laburpena eta zuzeneko kontakizuna:

#erronkak jardunaldiaren laburpena eta zuzeneko kontakizuna

Mikel Zalbide: “Arnasguneetan ez da eztabaidatzen zein hizkuntzatan egin behar den”

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.