Hasiera » komunikazioa » “Ezinbestekoa da lokomotora elikatzea, trena makaldu ez dadin”

“Ezinbestekoa da lokomotora elikatzea, trena makaldu ez dadin”

Aste garrantzitsua da honakoa UEMArentzat. Etzi, Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak jardunaldia izango da eta, besteak beste, bertan ezagutaraziko dira Euskal Herriko udalerririk euskaldunenetan aurten egindako kale erabilera datuak. Azken urteotako hizkuntza politikaren inguruan hausnartzeko, eta udalerrik euskaldunek euskararen normalizazioan dituzten erronkak aztertzeko hainbat giltzarri izango dira hizpide jardunaldian. Horren guztiaren inguruan aritu da gaur Josu Labaka UEMAko lehendakaria Info7 irratiko Gureaz Blai saioan.

Hemen Labakaren gogoeta, entzungai, Info7 irratiaren wegunean.

Hemen, berriz, testua, bere horretan:

Josu Labaka: “Euskarari egurra eman behar diogu, ezinbestekoa baita lokomotora elikatzea, trena makaldu ez dadin”.

Aste garrantzitsua da honakoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat. Aspaldidanik buruan eta mahai gainean dugun kezkak dimentsio zabalagoa hartuko baitu Arnasguneak eta udalerri euskaldunak: gaurko eta biharko erronkak jardunaldiarekin. UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak antolatu dugu elkarrekin, baina Eusko Jaurlaritzak babestu du jardunaldia, eta EHUren eta UEUren laguntza izan dugu gaiak benetan arreta merezi duelakoan.

Urteak igaro dira UEMAk hausnarketa egin eta kezka agertu zuenetik: hainbat ekimen eta lan egin ondoren, oro har udalak euskaldundu direla ohartu ginen, baina gero eta hutsune handiagoa sumatzen hasi ginen erabileran. Udalerri euskaldunenetan, udalak euskalduntzen baina udalerriak erdalduntzen joan zaizkigula esan izan dugu azken urteotan, eta hori iraultzeko aritu gara lanean. Horretarako herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea giltzarri dela sinetsita, hainbat tailer, hitzaldi eta ekimen abiarazi ditugu, milaka gazterengana heltzen ari den hezkuntza proiektu integralarekin, edota hizkuntza ekologiaren eta argasguneen bilakaeraren inguruko erakusketarekin batera.

Berez, sinplea da kontua. Betidanik abestu izan dugu, euskara dela euskaldun egiten gaituena. Eta aspaldidanik irakurri dugu batean eta bestean, hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik. Egindako bidea ez da antzua izan inolaz ere, eta aurrerantzean ere erakunde publikoen eta herri eragileen arteko elkarlanak zabalduko digu aurrera egiteko aukera, baina ezin dugu oinarrizkoena ahaztu. Erabilera da gakoa.

Eredu izatea eta aitzindaritza aitortu izan zaie udalerri euskaldunei. Trenaren lokomotora dira. Trenaren lokomotora gara. Gainerako bagoi guztiei bidea zabaltzen diena. Haien babesa. Motorea. Baina lokomotora ere gelditu egiten da ikatzik ezean. Edo energiarik ezean. Beraz, ezinbestekoa da lokomotora elikatzea, trena makaldu ez dadin. Harrotasunez, baina baita dagokigun arduraz ere, euskarari egurra eman behar diogu. Lokomotorak indarra izan dezan, noranahi heldu ahal izateko.

UEMA azken urteotan gai-jartzaile lanetan aritu da kontu honen inguruan, eta orain, aste honetan, euskalgintzan, soziolinguistikan eta hizkuntza politikan aritu direnak elkarrekin ariko dira lokomotorari begira. Euskal Herriko udalerri euskaldunenetako kale erabilera datuak ere ezagutuko ditugu aste honetan, jardunaldi horren baitan. Beraz, lokomotora nolakoa den, nola dabilen, konponketarik behar duen, egurra eta energia eraginkorrena zein den, bakoitzak zer-nolako ardurak dituen eta, batez ere, trenak zein norabide hartu behar duen askoren artean hausnartzeko eta adosteko astea da. Ez dugu erronka makala. Aitzindari izatearen harrotasunarekin eta ardurarekin, beraz, egur gehiagoren bila jarraituko dugu.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.