Hasiera » hezkuntza » Salto! gazte topaketen balorazio oso positiboa egin du UEMAk, eta 2018an udalekuak antolatzeko asmoa agertu du

Salto! gazte topaketen balorazio oso positiboa egin du UEMAk, eta 2018an udalekuak antolatzeko asmoa agertu du

· Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan aktibatu nahian, urriaren 20tik 22ra Salto! gazte topaketak egin zituen UEMAk. 40 lagunentzako lekua zegoen prestatuta Orioko Itxaspe baserrian, baina aldez aurretik 75 gaztek eman zuten izena, eta lurraldetasun eta genero irizpideak kontuan hartuta zozketa egin behar izan zuen UEMAk.
· Hiru egunez hainbat ekimenetan parte hartu zuten gazteek, eta “landutako edukia zabaltzeko eta sendotzeko” 2018an udalekuak antolatzeko asmoa agertu du UEMAren hezkuntza arduradunak, “euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua, gazteen aisialdian ere sendotu ahal izateko”.

[Salto! gazte topaketetan parte hartu zuten hainbat lagun, pasa den urriaren 22an, Orioko Kukuarri mendian].

Herritarren kontzientziazioa eta aktibazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan, udalak euskaldundu arren udalerririk euskaldunenak erdalduntzen ari direla ohartuta. Horregatik, herritarrak euskararen inguruan kontzientziatzeko eta ahalduntzeko, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta pasa den ikasturtean UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Orain, lehen aldiz, gazteei eskolan azaltzen zaiena beste modu batera ere zabaldu nahi izan du topaketa hauekin UEMAk, udalerri euskaldunetako gazteak “euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko”. Azken batean, gazteak euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da. Horretarako egin dira Salto! gazte topaketak. Urriaren 20tik 22ra izan dira, Orion, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta hizkuntzarekiko duten harremanaz beraien artean hausnartzeko balio izan dute. 15 eta 18 urte arteko 40 gazte elkartu dira, eta hainbat ekimen eta tailerretan hartu dute parte, lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Proposamen berria izanda ere, 75 lagunek eman dute izena

UEMAren hezkuntza arduraduna den Maddi Gallastegi teknikaria izan da topaketen koordinatzailea, eta nabarmendu duenez, “oso positiboa da balorazioa. 40 lagunentzako lekua genuen, baina topaketak hasi baino egun batzuk lehenago dagoeneko 75 lagunek zuten izena emanda”. Ondorioz, zozketa egin zuen UEMAk, izena emandako gazteen artean. Gallastegiren hitzetan, “aldez aurretik erreferentziarik gabeko proposamen berria izanda”, nabarmentzekoa da eskainitako kopuruaren ia bikoitzak parte hartu nahi izatea. “15 eta 18 urte arteko 75 gaztek eman zuten izena, eta horietatik 40 gaztek hartu ahal izan dute parte topaketan. Gazte horiei guztiei lau begirale eta bi sukaldariren presentzia gehituz, Aramaio, Bermeo, Larrabetzu, Ondarru, Markina, Aizarnazabal, Errezil, Zumaia, Zarautz, Tolosa, Berastegi, Anoeta, Oiartzun, Bera, Zubieta, Betelu eta Doneztebeko euskara entzun ahal izan dugu bi egunez, teilatupe berean”.

Ildo estrategikoa da UEMArentzat: herritarren kontzientziazioan, gazteak protagonista bihurtzen direlako

Topaketen balorazioa egiterakoan, ordea, kopuru aldetik jasotako erantzunetik baino askoz harago doa Gallastegi. Izan ere, UEMArentzat estrategikoa den esparrua da honakoa, eta herritarren ahalduntzean eta sentsibilizazioan gazteek protagonista izan behar dutela iritzita, “hezkuntza araututik kanpo beraien borondatez izena eman duten dozenaka eta dozenaka gazte elkartzea oso garrantzitsua” dela nabarmendu du. Gainera, herritarren kontzientziazioan eragile aktibo bihurtu nahi izan dituzte gazteak, “topaketa hauetan egindako tailerrekin, hausnarketekin eta soziolinguistika edukiak modu naturalean lantzeko dinamikekin”.

Gallastegiren hitzetan, “honelako ekimen baten emaitza edo fruitua ez da berehalakoan ikusten. Argi dago: ereiten ari gara, gazte hauetako bakoitza bere ingurunean eragile aktibo izan dadin. Euskararentzat arnasguneek duten garrantzia ikusarazi eta hizkuntza ekologiaren kontzeptua ulertuta, gazteak beste modu batera itzultzen dira herrira, eta aurrerantzean izango duten jarrera eta egingo duten lana baloratzea ez da posible asteburu bateko topaketaren ondoren. Ereitea dagokigu orain, behin eta berriro, herritarren kontzientziazioan eta ahalduntzean protagonista izan daitezen gazte hauek guztiak”.

2018an udalekuak antolatzeko asmoa

Aurrera begira, beste pauso bat eman nahi du UEMAk. Zehazki, “asteburu baterako prestatutako tailerrak, edukiak eta ekimenak modu zabalagoan lantzeko eta jorratzeko, egun gehiagoko egonaldia egokiagoa” izango litzatekeela iritzi dio UEMAren hezkuntza arduradunak. “Azken batean, astebete edo hamar eguneko egonaldiarekin, eduki hau guztia zabaltzeko eta sendotzeko aukera askoz txukunagoa edukiko genuke. Gainera, kontuan hartu behar da izena eman duten gazteen erdiek parte hartu ahal izan dutela lehenengo topaketa hauetan. Zozketa egin ondoren kanpoan geratu behar izan duten horiekin guztiekin hau nola landu, edota topaketetan parte hartu dutenak elkarren artean nola saretu ere erabaki beharrekoa da”.

Hurrengo urtean, “udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko udalekuak antolatzea pauso berri eta garrantzitsua” izan daitekeela dio Gallastegik. Horretarako, ordea, kontu asko lotu beharko ditu UEMAk hurrengo asteotan eta hilabeteotan. “Hiru eguneko topaketa zena egonaldi luzeagoa izan dadin, hainbat kontu erabaki beharko ditugu. Besteak beste, data, lekua, finantziazioa, edukia, antolatuko diren tailerrak eta ekimenak, gaiaz hitz egiteko edota aisialdiko kultur eskaintza zabaltzeko aukera emango duten gonbidatuak, gazte hauek izan dezaketen rola eta harremana beraien herrietako euskalgintzan eta hizkuntza politikarekin lotutako ekimenetan, eta abar. Gaia konplexua da. Ilusioa eta lanerako gogoa nabaritu dugu egun hauetan, eta eragile aktibo izateko prest dagoen gazte asko ezagutu ditugu. Hori guztia aurrerantzean nola antolatu erabaki behar da orain, eta ondo hausnartu hurrengo urratsak, sortzen hasi den eta ondo antolatuz gero sendotu daitekeen indar hau guztia euskararen aldeko kontzientzia bihurtzeko herriz herri”.

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Irudi bilduma: Salto! gazte topaketak aurrera doaz (Urola Kostako Hitza, 2017-10-22).
· Salto! gazte topaketak, gaurtik igandera bitartean, udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko (uema.eus, 2017-10-20).
· Salto! exitoso encuentro para activar a los jóvenes euskaldunes desde el placer (Gara, 2017-10-23).
· Salto! gazte topaketek hartuko dute asteburuan Itxaspe aterpetxea (Urola Kostako Hitza, 2017-10-20).
· “UEMAk antolatutako ‘Salto!’ gazte topaketa izango da asteburuan Itxaspe baserrian” (orio.eus, 2017-10-18).
· Josu Labaka: “Gazteak euskara zabaltzeko agente aktibo izatea lortu nahi da Salto! Gazte Topaketekin” (Info7 irratia, 2017-10-20).
· Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak izango dira urriaren 20tik 22ra Orion, gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko (uema.eus, 2017-09-04).
· UEMAk antolatutako ‘Salto!’ gazte topaketa izango da asteburuan Itxaspe baserrian (karkara.eus, 2017-10-18).
· Euskaran ahalduntzera saltoa (Gipuzkoako Hitza, 2017-09-15).
· Salto! Gazte Topaketak egingo ditu UEMAk Orion (Urola Kostako Hitza, 2017-09-08).
· Udalerri euskaldunetako gazteek Orion ezagutuko dute elkar (Argia, 2017-09-08).
· Salto! Gazte Topaketak egingo ditu UEMAk, Orion (karkara.eus, 2017-09-08).
· Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak egingo dituzte urriaren 20tik 22ra, Orion (uztarria.eus, 2017-09-11).
· Salto! Udalerri euskaldunetako gazte topaketak (usurbil.eus, 2017-09-15).

· UEMAren hezkuntza proiektua: udalerri euskaldunetarako ekarpen berria eta iraunkorra (uema.eus, 2016-04-13).

· Soziolinguistika ikasgeletan txertatuz (Urola Kostako Hitza, 2016-04-15).
· UEMAren hezkuntza proiektua, esperimentaziotik harago (zarauzkohitza.eus, 2016-04-13).
· UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen barria eta iraunkorra (bizkaie.eus, 2016-04-15).

· Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin(uema.eus, 2016-01-29).
· Xabi Aizpurua: “Jarrerarekin diskurtsoekin baino gehiago erakutsiko diegu gazteei” (karkara.eus, 2015-12-03).
· “Euskara garraia dezaten ahaldundu behar dira ikasleak” (Berria, 2016-01-30).
· Euskararen arnasguneak bilatuz (Noticias de Gipuzkoa, 2016-02-12).
· Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin (uema.eus, 2015-11-20).
· Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia (Bat, Soziolinguistika aldizkaria, 95. zenbakia. 2015/04).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.