Hasiera » arnasguneak » Salto! Gazte Topaketak, gaurtik igandera bitartean, udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko

Salto! Gazte Topaketak, gaurtik igandera bitartean, udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko

Gaurtik igandera bitartean Salto! Gazte Topaketak izango dira Orioko Itxaspe baserrian, udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eragile aktibo bihurtzeko. 40 lagunentzako lekua dagoen arren, 75 gaztek eman dute izena, eta zozketa egin behar izan du UEMAk, lurraldetasun eta genero irizpideak kontuan hartuta.

 

UEMAren hezkuntza proiektuak eskolatik kanpo ere egingo du bidea asteburu honetan. Hezkuntza ez arautuan ere eragin nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu UEMAk, gazteak euskal hiztun gisa sentsibilizatu, kontzientziatu, aktibatu eta ahalduntzeko. Euskaraz bizitzea eta euskararen arnasa zabaltzeko agente bilakatzea sustatu nahi da. Gaiak duen garrantzia nabarmenduz, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimena.

Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta amaitu berri den ikasturtean UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua bere osotasunean garatzeko, eta hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, Salto! Gazte Topaketak antolatu ditu aurten lehen aldiz UEMAk. Urriaren 20tik 22ra izango dira, asteburu honetan, Orioko Itxaspe baserrian, eta udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzea eta beraien artean euskara oinarri hartuta saretzea da asmoa. 15 eta 18 urte arteko gazteak bilduko dira topaketetan, eta hiru egunetan hainbat ekimen eta ekitalditan hartuko dute parte lagunartean, begirale eta sukaldariekin batera.

Azken batean, euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburuetako bat, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da topaketa hauekin. Maddi Gallastegi UEMAko hezkuntza teknikaria izango da topaketen koordinatzailea.

Gazteen artean euskararen ezagutzak gora egin arren erabileran eta kontzientziazioan eragitea oraindik ere ezinbestekoa dela iritzita, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak berariaz lagundu du ekimen hau.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Salto! gazte topaketek hartuko dute asteburuan Itxaspe aterpetxea (Urola Kostako Hitza, 2017-10-20).
· “UEMAk antolatutako ‘Salto!’ gazte topaketa izango da asteburuan Itxaspe baserrian” (orio.eus, 2017-10-18).
· Josu Labaka: “Gazteak euskara zabaltzeko agente aktibo izatea lortu nahi da Salto! Gazte Topaketekin” (Info7 irratia, 2017-10-20).
· Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak izango dira urriaren 20tik 22ra Orion, gazteak euskararen inguruan kontzientziatzeko (uema.eus, 2017-09-04).
· UEMAk antolatutako ‘Salto!’ gazte topaketa izango da asteburuan Itxaspe baserrian (karkara.eus, 2017-10-18).
· Euskaran ahalduntzera saltoa (Gipuzkoako Hitza, 2017-09-15).
· Salto! Gazte Topaketak egingo ditu UEMAk Orion (Urola Kostako Hitza, 2017-09-08).
· Udalerri euskaldunetako gazteek Orion ezagutuko dute elkar (Argia, 2017-09-08).
· Salto! Gazte Topaketak egingo ditu UEMAk, Orion (karkara.eus, 2017-09-08).
· Udalerri euskaldunetako gazteen topaketak egingo dituzte urriaren 20tik 22ra, Orion (uztarria.eus, 2017-09-11).
· Salto! Udalerri euskaldunetako gazte topaketak (usurbil.eus, 2017-09-15).

· UEMAren hezkuntza proiektua: udalerri euskaldunetarako ekarpen berria eta iraunkorra (uema.eus, 2016-04-13).

· Soziolinguistika ikasgeletan txertatuz (Urola Kostako Hitza, 2016-04-15).
· UEMAren hezkuntza proiektua, esperimentaziotik harago (zarauzkohitza.eus, 2016-04-13).
· UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen barria eta iraunkorra (bizkaie.eus, 2016-04-15).

· Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin(uema.eus, 2016-01-29).
· Xabi Aizpurua: “Jarrerarekin diskurtsoekin baino gehiago erakutsiko diegu gazteei” (karkara.eus, 2015-12-03).
· “Euskara garraia dezaten ahaldundu behar dira ikasleak” (Berria, 2016-01-30).
· Euskararen arnasguneak bilatuz (Noticias de Gipuzkoa, 2016-02-12).
· Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin (uema.eus, 2015-11-20).
· Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia (Bat, Soziolinguistika aldizkaria, 95. zenbakia. 2015/04).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.