Hasiera » jardunaldiak » Arnasguneen eta udalerri euskaldunen gaurko eta biharko erronkak aztergai, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldian

Arnasguneen eta udalerri euskaldunen gaurko eta biharko erronkak aztergai, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak antolatutako jardunaldian

Azken urteotan euskararen biziberritzean diharduten ikertzaileek, teknikariek eta ekintzaileek arreta berezia jarri dute arnasguneetan, alegia, euskararen ezagutza proportzio handiena duten udalerrietan. Arnasguneek funtzio sozial ahalik eta gehienak euskaraz betetzeko aukerari eusten diote, eta ezinbestekoak dira hizkuntza-komunitatearen garapenerako. Hala berresten dute soziolinguistika arloko teoriek eta ikerketek.

Euskal Herrira begira jarrita, arnasgune bezala izendatutako herrietan, badago herri multzo  bat gaur egun arnasgune izateko baldintzak bete arren benetako arnasgune izatetik urruntzen ari dena, batez ere euskararen erabilerari dagokionez. Herri horietako asko, gainera, eskualde-buruak dira, eta herri-tipologia horrek ere euskararen biziberritzean izan dezakeen papera aztertzea eta lantzea komenigarria da.

Soziolinguistikaren eremuan ugari izan dira aipatutako gaiei eskainitako lanak: jardunaldiak, ikerketak eta artikulu zientifikoen berri izan da, tokiko errealitate zehatzen ingurukoak edo horien arteko alderaketaz ikuspegi zabalagoa landu dutenak. Hizkuntzen Erabileraren Kale-Neurketak emandako datuak ere ezagutu dira duela gutxi, arnasguneen eta udalerri euskaldunen bilakaerari erne jarraitu eta esku hartzearen beharra azpimarratu dutenak.

Hau guztia kontuan izanik, UEMAk eta Soziolinguistika Klusterrak IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia elkarlanean gai honi eskaintzea erabaki dute. Lan-ildo horretan argia jartzen lagun dezaketen azken ikerketak ezagutu, aurrera egiteko dauden baldintzak baloratu eta gaia lantzen dihardutenen artean ikuspuntuak partekatzeko gune izan nahi du hitzorduak. Horretarako, hitzaldi-aurkezpenak, mahai-inguruak eta parte hartzaile guztien arteko aurrez aurreko topaketarako espazioak izango dira.

 

IX. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia

Antolatzaileak: UEMA eta Soziolinguistika Klusterra.
Laguntzaileak: EHU eta UEU.
Babeslea: Eusko Jaurlaritza. Kultura eta Hizkuntza Politika.
Data: 2017ko azaroak 22
Lekua: Karlos Santamaria Zentroa (Donostia)

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.