Info7 irratiko Gureaz Blai saioan izan da gaur UEMAko lehendakari Josu Labaka. Ikasturte honetako lehen kolaborazioan, aste honetan hainbat eragilek emandako agerraldia izan du hizpide. Zehazki, Osakidetzaren euskara planaren balorazioa egin dute eragile horiek, neurri eraginkorrak hartu ezean hizkuntza eskubideen urraketa betikotu egin daitekeela oharraraziz.
Entzun audioa (irudiaren gainean klik eginda, edo hemen bertan).
Hemen, berriz, Josu Labakak esandakoaren testua, bere horretan:
“Administrazioari herritarren eskubideak bermatzea eta horretarako bitartekoak jartzea dagokio”.
Aste honetan, prentsaurrean agerraldia egin dugu UEMAk, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eta Osasungintza Euskalduntzeko Erakundeak. Izan ere, beste behin ere, kezkatuta gaude osasun etxeetan euskaraz aritu nahi duten herritarrek oraindik ere egunero dituzten oztopoekin.
Kontua ez da berria. Areago: bide luzea egin dugu honi konponbidea aurkitu nahian. UEMAk, azken urteotan, batez ere udaren atarian, egoeraren berri eman, udalerri euskaldun batzuetako kasuen larritasuna agerian jarri, eta elkarlanerako eskua luzatu izan die, bai Osakidetzari eta baita Osasunbideari ere, hartu beharreko neurriak har ditzaten.
Aurten, beste hainbat kontutan ageri den elkarlanerako borondatea eta egin diren urratsak kontuan hartuta, salaketa beharrean, barne mailan ahalegindu gara eragiten. Zehazki, udako ordezkapenetan udalerri euskaldunetan berariaz euskarazko medikuak bermatzeko eskatu diogu udalen izenean bai Osakidetzari eta bai Osasunbideari, bertako arduradunei bidalitako gutunetan. Beste behin ere, gutun horietan, udako ordezkapenak egiteko, zerbitzua euskaraz eman dezaketen profesionalak jartzea eskatu dugu. Batetik, herritarren eskubidea delako zerbitzu hori beraiek nahi duten hizkuntzan jasotzea; eta, bestetik, gure udalerrietako bizilagunak euskaraz bizi direlako, eta komunikatzeko modurik errazena eta erosoena euskara delako beraientzat.
Aurten ere, ordea, uda joan da, eta hainbat herritan euskararik ez zekiten medikuak aurkitu dituzte udalerri euskaldunetako herritarrek. Horren aurrean, aste honetan prentsaurrean agertu garen erakundeok, Osakidetza euskalduntzeko planaren balorazioa egin dugu. Izan ere, planak berak jasotzen du soziolinguistikoki aurreratuen dauden guneetan arreta berezia jarriko zaiola gai honi. Osakidetzak berak ondo azaltzen duen bezala, erakundearen helburu nagusietakoa kalitatea da. Gainera, Osasun sailburuak esanda da medikuaren eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa dela. Guztiz bat gatoz baieztapen horrekin, noski. Osasun arretaren kalitatea bermatzeko ezinbestekoa da pazientearen hizkuntza eskubideak bermatzea.
Planak, bere horretan, hobetu beharreko hainbat puntu ditu, baina onartutakoak betez gero behintzat hainbat aurrerapauso sumatuko genituzke. Kontua da planaren indarraldiaren erdia igarota, bete ez diren irizpideak asko direla, eta hutsuneak nabarmenak. Beste behin ere, beraz, gogorarazi nahi dugu administrazioari herritarren eskubideak bermatzea dagokiola, eta horretarako bitartekoak jartzea. Areago, hori guztia bideratzeko euskara plan bat onartuta duenean erakunde publikoren batek, Osakidetzaren kasuan bezala. Aitzakiak amaitu dira. Gaiari oinarritik heldu behar zaio eta benetako konponbidea bilatu behar da, normalizaziorako epe guztiak aspaldi pasatu baitziren.