Hamaika Telebistak ‘Euskaltzale’ saioa estreinatu zuen atzo gauean. Euskarak Nafarroan bizi duen egoeraren inguruko elkarrizketak eta erreportajeak emango dituzte, 20 ataletan. Tartean, udalerri euskaldunen nondik norakoak, euskararen arnasguneak diren herrien egoera zehatza, eta beste hamaika kontu interesgarrirekin. Guztira, 120 lagun baino gehiago elkarrizketatu dituzte azken hilabeteotan. Baita UEMAko ordezkariak ere.
Atzo gauean eman zuten ‘Arnasguneak’ izeneko lehenengo atalean, zehazki, Nafarroako udalerri euskaldunenen inguruan aritu zen Anabel Arraiza aurkezlea, udalerri euskaldunetako hainbat alkate, teknikari eta herritarrekin solasean. Tartean, UEMAren zuzendaritza batzordekidea eta Etxarri Aranazko alkatea den Eneka Maizekin, edota UEMAko teknikaria den Miren Etxenikerekin.
Anabel Arraiza aurkezleak nabarmendu zuenez (bideoan, 30’40”), “batzeak, estrategiak adosteak, helburuak konpartitzeak, garrantzia handia dute euskararen normalizazioak aurrera egingo badu. UEMAk egiten duen lana oso aintzat hartzekoa da, eta ez bakarrik arnasguneak babesteko eta hedatzeko lanean diharduelako. Oraindik ezagutza tasa altu horietara iritsi ez diren udalerrientzat eredu direlako. UEMAko udalerriek orain jorratzen duten bide hori gero beste udalerri horiek jorratu beharko dute tasa horietara iristen direnean [biztanleen %70etik gora euskalduna izatea]. Esperientzia hauek oso balekoak izanen dira prozesuak azkartzeko eta eraginkortzeko. Aitzindariak dira UEMAko udalerriak, bai horixe!”.
Arraizak, dena den, bi kezka ere nabarmendu zituen arnasguneei buruz aritzean: “Batetik, ez dut ulertzen zergatik ez dauden %70 eta %100 ezagutza tasa duten udalerri guztiak UEMAn sartuta. Ez dut ulertzen. eta bestetik, ez dut ulertzen ere zergatik ez dagoen beste mankomunitateren bat %50-70 ezagutza tasa dutenak batuko lituzkeenak. Edo %25-50 ezagutza tasa dutenak. Izan ere, politika eta estrategia bateratuek erraztuko lukete arnasguneen hedapena, eta udalerri gehiago sartuko lirateke normalizazioaren dinamika honetan. Borondate falta dela iruditzen zait. Eta ez naiz ari herritarren borondate faltaz”.
Hemen ‘Euskaltzale’ saioaren lehen atala osorik ikusgai: ‘Arnasguneak’.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Hamaika Telebistak ‘Euskaltzale’ saioa estreinatuko du bihar gauean (Berria, 2017-09-17).
· ‘Euskaltzale’, 1. saioa: ‘Arnasguneak’ (Hamaika Telebista, 2017-09-18).