Hasiera » udalak » Orozkoko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, udalbatzak aho batez hartutako erabakian

Orozkoko Udalak UEMAko kide izatea onartu du, udalbatzak aho batez hartutako erabakian

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen Orozkoko Udalak, pasa den uztailaren 11n egindako udal osoko bilkuran. Gainera, udalbatza osatzen duten alderdi guztien aldeko botoekin hartu zuten erabakia. ADIE Orozkoko Talde Independenteak du alkatetza Orozkon, baina talde horretako sei zinegotziek ez ezik, EAJren hiru zinegotziek eta EH Bilduren bi zinegotziek ere osatzen dute Udal Gobernua. UEMAko kide izatea, guztien aldeko botoarekin erabaki zuten pasa den astean.

Orozko, Bizkaia hegoaldean dagoen herria da, Arratia-Nerbioi eskualdean, eta 2.635 biztanle ditu. Udalerri euskalduna baldin bada ere, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko aldeak kezka sortzen du udal arduradunengan, eta egoera iraultzeko eta euskararen aldeko hizkuntza politika aurrerakoia egiteko asmoz hartu dute UEMAra sartzeko erabakia. Orozkoko Udalak nabarmendu duen moduan, “UEMAko kide izateagatik Orozkok hainbat zerbitzu jasoko ditu. Besteak beste, udaletxe barruan euskara normalizatzeko plana, merkatari eta ostalariei euskara zerbitzua ematea, etorri-berrientzako harrera plana, herritarrak sentsibilizatzeko eta ahalduntzeko tailerrak edo hezkuntza proiektua eskolarekin elkarlanean”, beste hainbat zerbitzuren artean.

Gaur egun, 84 udalek osatzen dute UEMA, eta 85. udala izango litzateke Orozko, UEMAren hurrengo batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean. Guztien artean, Orozko ere kontuan hartuta, 247.000 biztanle inguruko lurgunea osatzen dute.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Orozko UEMAn sartu da (orozkoudala.com, 2017-07-14).
· Orozko UEMAn sartu da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (radiollodio.com, 2017-07-14).
· Orozko se adhiere a UEMA, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (radiollodio.com, 2017-07-14).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.