Hasiera » udalak » Euskara turismo eskaintzaren erdigunera ekartzeko zenbait ekimen, udalerri euskaldunetan

Euskara turismo eskaintzaren erdigunera ekartzeko zenbait ekimen, udalerri euskaldunetan

· Euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko eta babesteko lanean hasi dira UEMAko hainbat herri.
· Nafarroako Gobernuak ere urrats aitzindaria eman du Nafarroako Turismo Plan Estrategikoan berariaz aipatuz “euskara kultur ondare garrantzitsua eta berezia” dela, eta eskualde euskaldunetako hizkuntza errealitateari balioa eman behar zaiola.


Zer eragin du turismoak hizkuntzen erabileran? Turista asko jasotzen dituzten herrietan euskararen erabilera areagotu daiteke? Eta euskara ondare bezala nabarmentzeak edo euskararekin lotutako ekitaldiak bereziki sustatzeak eraldatu dezake bisitariaren esperientzia? Galdera horiei erantzuna eman nahian lantalde bat osatu du UEMAk bertako kide diren herrietako euskara teknikariekin, eta lanean ari da apirilaz geroztik.

Euskara turismo eskaintzan: onurak eta eredu aldaketa

Lantaldeak abiarazitako lanen eta ekimenen oinarrian, hainbat gogoeta daude. Besteak beste, euskara eskaintza turistikoaren ardatzetako bat izatea, monumentu historikoak, gastronomia edota baliabide naturalak nabarmentzen diren modu berean.

Gogoeta horren harira, Azpeitibizi egitasmoa abiarazi du Azpeitiko Udalak.Azpeitikoa, ordea, hurrengo aste eta hilabeteotan helduko diren egitasmoen aurrekaria besterik ez da. Izan ere, euskara turismo eskaintzan kontuan izateak dakartzan onurak ikusarazi nahi dizkie Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hau osatzen duten udalei. Gaiaren inguruko hausnarketa zabaltzea eta herrietan egitasmoak zehazten joatea da asmoa hurrengo hilabeteotan. Gainera, Nafarroako Gobernuak oraintsu aurkeztu duen 2017-2025 Nafarroako Turismo Plan Estrategikoan euskara berariaz kontuan hartzeak ere ateak zabaltzen dizkio orain arte gehiegi landu ez den ildoari.

‘Azpeitibizi’ egitasmoa, bisitariak euskararen herrira erakarri nahian

Herri nortasuna galdu gabe turistak erakartzeko eta arriskuak aukera
bihurtzeko asmoarekin, Azpeitibizi egitasmoa aurkeztu zuen Azpeitiko Udalak maiatzean, azpeitibizi.eus webgunearekin eta aplikazioarekin batera.

Azpeitiko euskara zinegotzi Josu Labakaren hitzetan, “turismo masifikatua deitzen den horretatik harago, bestelako turismo bat eginez gero, herriaren garapen sozioekonomikoan eragin positiboa du”, eta horretan eragin nahi dute, euskara eta euskal kultura erdigunean jarrita, azpeitiarren nortasunaren ardatza direlakoan biak. Euskara eta euskal kultura erakusleihoan nabarmentzea, hizkuntza babestetik askoz harago, bisitarientzat amu erakargarria dela sinetsita dago Azpeitiko Udala.

Urrats aitzindaria Nafarroako Turismo plan estrategikoan

Azpeitikoa, ordea, ez da euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzeko ahalegin bakarra. Nafarroako Gobernuak urrats aitzindaria eman du Nafarroako Turismo Plan Estrategikoan berariaz aipatuz “euskara kultur ondare garrantzitsua eta berezia” dela, eta eskualde euskaldunetako hizkuntza errealitateari balioa eman behar zaiola.

Horretarako, zenbait neurri zehazten ditu Nafarroako Turismo Plan berriak. Besteak beste, “Nafarroaren historia, hizkuntza eta kulturaren inguruko bizipenak islatzea ahalbidetuko duten edukiak eta teknologiak garatzea”.

Euskara turismo eskaintzan nabarmentzea, Baztango Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Malerrekako Mankomunitateak egindako eskaera aintzat hartu izanaren ondorioa da nolabait. Izan ere, Turismo Plan Estrategikoa prestatzen ari zenean Nafarroako Gobernua, hiru erakunde horietako ordezkariek eskaera formala helarazi zuten Turismo eta Merkataritza zuzendaritzara, planak eskualde horietako hizkuntza errealitatea aintzat har zezan eskatzeko.

Batetik, eskualde horien promozio turistikorako egiten diren ekintzetan zein bisitarientzako informazio guztietan euskara presente egotea eta euskara lehenestea eskatu zuten, udalerri euskaldunetako erabilera planen arabera indarrean diren hizkuntza irizpideak bete daitezen.

Bestetik, turistentzako eta bisitarien-tzako euskarrietan hizkuntza errealitatearen berri emateko ere eskatu zuten. “Eskualdeko promozio turistikoa lantzen denean, bertako paisaia, baliabideak, kultura, ohiturak eta tokiak kontuan hartzen dira. Baina, gure ustez, ez da berdin jokatzen hizkuntzarekin, eta euskara ere bada Baztan, Malerreka eta Bortzirien marka”.

Horregatik, “promozio turistikorako ekintzetan eta bisitarientzako informazioetan hemengo hizkuntza errealitateari leku egitea”, izan zen eskaera zehatza. 2017-2025 Nafarroako Turismo Plan Estrategikoak errealitate hori aitortzeak eta berariaz kontuan hartzeak, udalerri euskaldunak turismoaren eta hizkuntzaren inguruan egiten ari diren hausnarketarekin bat egiten du, eta atea zabaltzen die lanerako ildo berriei.

Orioko Udala ere, euskara herriaren marka dela erakutsi nahian

Turismoa eta euskara uztartu nahi dituen lanerako ildo berri horien baitan, Orioko Udala ere lanketa berezia egiten hasi da UEMArekin batera udaren atarian, herriko tabernetan eta jatetxeetan paisaia linguistikoa eta zerbitzuak euskaratzeko.

Orioko Udalaren arabera, “udan bisitari asko dator Oriora, eta Udalak inportantea ikusten du euskara gure herriaren marka ere badela adieraztea. Horregatik erabaki du kanpaina hau orain egitea, uda betean sartu aurretik”.

Horretarako, herriko jatetxe eta taberna guztiak banan-banan bisitatuko ditu Udaleko Euskara Zerbitzuak, UEMAren laguntzarekin, eta laguntza eskainiko die tabernan edo jatetxean dauzkaten ageriko elementuak euskaratzeko: menuak, prezio-zerrendak, eskaintzen kartelak, kanpoko arbeletako mezuak eta abar. Orioko Arkupe ostalarien elkarteak ere babestu du Udalaren ekimena.

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Turistek euskararekiko duten iritzia jasotze aldera inkesta bat banatuko du Zumaiako Udalak (baleike.eus, 2017-07-05).
· Euskara da gure postalik ederrena: UEMAko udalerri turistikoenetan euskara balio erantsia eta garrantzitsua dela nabarmentzeko abiarazitako kanpaina.

· Orioko Udalak euskararen erabilera bultzatu nahi du herriko taberna eta jatetxeetan (orio.eus, 2017-06-12).
· Euskara turismoa lotzeko ekimenak landu dituzte Oriok, Zumaiak, Azpeitiak eta Nafarroako Gobernuak (argia.eus, 2017-07-06).
· Turistek euskararekiko dute pertzepzioa jakin nahi du Zumaiako Udalak (Urola Kostako Hitza, 2017-07-07).

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.