Hasiera » udalak » Igorre eta Gabiria ere UEMAko kide dira dagoeneko, Zestoan egin den batzar nagusiak onartu ostean

Igorre eta Gabiria ere UEMAko kide dira dagoeneko, Zestoan egin den batzar nagusiak onartu ostean

Urteko bigarren batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bi udal berri onartu ditu: Igorre eta Gabiria. Bi hauekin, 84 udalek osatzen dute gaur egun UEMA, guztien artean 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatuz.

Udalerri euskaldunetako dozenaka eta dozenaka alkate eta zinegotzi elkartu dira Zestoako bainuetxean egin den batzar nagusian eta, besteak beste, UEMAk esku artean dituzten egitasmo berriak nabarmendu dituzte: euskara eta turismoa uztartzekoa, esaterako

 

Ohiko batzar nagusia egin du gaur Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Zestoan, eta bertan bildutako ia ehun alkate eta zinegotziek bi herri berri onartu dituzte UEMAn: Igorre eta Gabiria. 

Bi herri hauek sartuta, guztira 245.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute UEMAko kide diren 84 herrien artean. Agintaldi honen hasieran 72 udal ziren UEMAko kide [Ezkio eta Itsaso banandu egin dira ordudanik]. Azken bi urteotan, berriz, 11 herri gehiagok erabaki dute UEMAko kide izatea: Dima, Ea, Ziortza-Bolibar, Legorreta, Areatza, Larrabetzu, Ataun, Mendaro, Errezil eta gaur sartu diren Gabiria eta Igorre. 

UEMAren batzar nagusiak Igorre eta Gabiria ere onartu ditu UEMAko kide gisara.

Hainbat egitasmo esku artean

UEMAko lehendakari Josu Labakak eta UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak batzarrean bildutakoen aurrean nabarmendu duten moduan, urte honetako plangintzaren baitan, hainbat egitasmo ditu esku artean UEMAk, ohiko lan-ildoen baitan. Erabileraz planez eta udalak euskalduntzeko ohiko lanez gain, herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko tailer eta ekimen berriak abiarazi ditu UEMAk azken urteotan, eta horien ingurukoak zertan dira azaldu du UEMAko koordinatzaileak. 

   

Beste askoren artean, herritarrak kontzientziatzeko eta ahalduntzeko sortutako tailerren berri eman du. Aurten berritu eta eguneratu den UEMAren zerbitzuen katalogoak biltzen ditu horiek guztiak. 

UEMAko herri gehienetako eta horiez gain Tolosaldeko beste 13 herritako hizkuntzaren kale erabilera neurketak ere abian direla eta irailean horien guztien berri emango dutela ere jakinarazi du Segurolak.

Hezkuntza proiektuari dagokionez, euskararen arnasgunei eta hizkuntza ekologiari buruzko hezkuntza proiektua eskoletatik kanpo ere osatu nahi duen hezkunza ez-arauturako proposamena ere aurkeztu dute: urrian izango diren eta udalerri euskaldunetako gazteak elkartuko dituen topaketak.

Azkenik, UEMAko herrietako euskara teknikariek proposatuta abiarazi duten turismoari buruzko lanketa berezia ere aipatu dute, turismoak hizkuntzan duen eraginaren inguruan hausnartzeko eta udalerri euskaldunen hizkuntza egoera ezagutarazteko. Zehazki, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea hizkuntza, kultura eta nortasuna sendotzeko eta erakusteko giltzarria dela nabarmendu du UEMAren koordinatzaileak. Horren harira, hurrengo asteotan UEMAk kanpaina berezia abiaraziko du, udalerri euskaldunetara datozten turistei eta bisitariei gure ondare nagusia euskara dela erakusteko, Euskara da gure postalik ederrena lemapean.

 

Igorre

Igorrek aste honetan bertan onartu du UEMAko kide izatea, astelehean egin zuen udal osoko bilkuran. 2013an argitaratutako azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %75,28 dira Igorren. Oro har euskaraz bizi dira Igorren, baina udalerri euskaldun gehienetan bezala, beheranzko joera islatzen dute datuek: 2001-2011 urteen artean 5,4 puntu egin baitzuen behera euskararen ezagutzak. Erabilerari dagokionez, euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua %50,3 da gaur egun. 2001n, aldiz, %61,2 zen. 

Igorre, Bizkaia erdialdeko udalerria da. Arratia eskualdeko jendetsuena, zehazki. Iaz, 4.108 biztanle zituen erroldan.

Batzar nagusia amaitu ostean Ainhoa Zuloaga Igorreko euskara zinegotziak nabarmendu duenez, “gaur gure herriarentzat egun garrantzitsua da, UEMAn sartu garelako”. Besteak beste, “UEMAn sartzeak indarra emango dio gure euskara planari” adierazi du.

 

Gabiria

Gabiria, Gipuzkoako Goierri eskualdean dagoen herria da. 487 biztanle ditu, eta otsaileko osoko bilkuran erabaki zuen UEMAra sartzeko eskaera egitea. Gabiria UEMAn sartzeko erabakiarekin, UEMAko kide den Goierriko 12. herria bihurtu da Gabiria.

Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskaldunak %87,9 dira Gabirian. Hala ere, 2001-2011 urteen artean 6,8 puntu egin zuen behera euskararen ezagutzak. Euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua, berriz, %81 da gaur egun. 2001n, aldiz, %95 zen. 

UEMAko kide izateko erabakiarekin, “Gabiriako Udalak euskara bultzatu nahi du. Kanpotik bizitzera joandakoei hizkuntza ohitura hartzen lagundu nahi diete, eta bertakoek utz ez dezaten lan egin”. Iñigo Igartzabal zinegotziaren hitzetan, zehazki, UEMAra sartzeko erabakiarekin, “Euskal Herri euskaldun baten aldeko apustu irmoa egin du Gabiriako Udalak”. Horregatik, gaur gabiriarrentzat “egun historikoa” dela nabarmendu du.

UEMAko lehendakari Josu Labaka ere gustura agertu da bi herri berri gehitu direlako Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera. Labakaren hitzetan, “batzar nagusitik batzar nagusira gero eta udal gehiago dira gurera biltzen ari zaizkigunak. Pixkanaka UEMAren lurgunea zabaltzen eta sendotzen doa, eta pozik gaude. Ilusioz beterik hartu ditugu, eta ilusioz beterik sumatu ditugu bai Gabiriako eta bai Igorreko ordezkariak ere. Beraiek ekarpena egingo diote UEMAri, eta UEMAk ere ekarpena egin nahi die bi herriei, euskararen sustapena landuz eta bultzatuz”.

Hemen Josu Labakaren adierazpenak:


Igorreko eta Gabiriako udal ordezkariak, UEMAko lehendakari Josu Labakarekin.

Arratialdeko udalerri euskaldunetako ordezkariak, UEMAren batzar nagusia amaitu ostean.

+ Argazki gehiago, hemen: UEMAren batzar nagusia, Zestoan.


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Igorrek eta Gabiriak bat egin dute UEMArekin (berria.eus, 2017-06-10).
· UEMAko kide dira Igorre eta Gabiria (El Diario Vasco, 2017-06-10).
· Igorre eta Gabiria UEMAko kide izatea onartu du Zestoan egin duten batzar nagusiak (naiz.eus, 2017-06-10).
· Zestoako Batzar Nagusiaren ostean, UEMAko 83 eta 84. kideak dira Igorre eta Gabiria (Igorre Sarean, 2017-06-11).
· Gabiria da UEMA mankomunitatean sartu den Goierriko 12. herria (Goierriko Hitza, 2017-06-12).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.