Hasiera » iritzia » “Euskarak turismo eredua aldatzen du, harremanetan eta kulturan oinarritutako turismo bizia sortuz”

“Euskarak turismo eredua aldatzen du, harremanetan eta kulturan oinarritutako turismo bizia sortuz”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur. Udalerri euskaldunek turismo eskaintzaren erdigunean euskara jartzeko duten asmoaz hitz egin du, Azpeitian abiarazi duten Azpeitia Bizi egitasmoa nabarmentzearekin batera.

Hemen entzun daiteke audioa, Info7 irratiaren webgunean:

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hona Josu Labakaren testua, bere horretan:

 

“Beharbada bati baino gehiagori errepikakorra irudituko zaio, baina euskaraz garela esan ohi dugu udalerri euskaldunetan, harrokeriarik gabe, baina harrotasunez. Gure herrietan euskaraz hitz egiten baita oro har. Euskara modu naturalean transmititzen baita belaunaldi batetik bestera, eta euskaraz aritzen baitira gehienak, naturaltasun osoarekin. Ohituta gaude egoera horretara, eta ez dugu errealitate soziolinguistiko horren kontzientzia handirik ere.

Esan ohi da, argazkiak edo koadroak lekuz aldatu ezean, hirugarren hilabetetik aurrera horiei arreta jartzeari uzten diogula, eta ikusezinak bihurtzen zaizkigula. Bada, udalerri euskaldunetan, euskararekin antzeko zerbait gertatzen zaigula iruditzen zait. Santutegiak, kostaldeak, geoparkeak, gastronomiaren tenpluak, pintxo ibilbideak, kontu bati edo besteari buruzko museoak, kirol ekitaldi sonatuak, danborradak edo festa koloretsuak goratzen eta zabaltzen ditugu lau haizetara, etxe ederra bisitariari gustura erakusten dionaren satisfakzioarekin. Baina ahaztu egiten zaigu, etxea benetan berezi bihurtzen duena, hizkuntza dela. Badugu, beraz, ardurarik, bisitariak euskara entzuten duenean, leku eta instante bakarrean dagoela sentiaraztekoa.

Hainbat udalerri euskaldunetako ordezkariak eta teknikariak kezkatuta sumatu ditugu azken hilabeteotan, turismoak hizkuntzan duen eraginak arreta merezi duelakoan. Neurri zuzentzaileak hartzea da gakoa, bisitari gehienak Euskal Herritik bertatik edota euskararekiko jarrera irekia duten lekuetatik datozelako, Herrialde Katalanetatik, esaterako. Euskara lehenestea, bisitari horientzat guztientzat, balio erantsia da gure turismo eskaintzan. Euskara ikusaraztea eta entzunaraztea, beraz, bete beharreko ardura ere badugu ikuspegi turistikotik ere.

Herri batzuetan hasita gaude lanean. UEMAren baitan, esaterako, herrietako euskara teknikariek lantalde zehatza osatu dute gai honi heltzeko, eta bitartean, herri batzuk hasi dira bidea urratzen.

Azpeitian, esaterako, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzea erabaki genuen, eta soka horri tiraka, ideia garatu eta hilabete honetan bertan aurkeztu dugu Azpeitia Bizi egitasmoa. Bi euskarri ditu ardatz, webgunea eta mugikorretarako aplikazioa, baina bietan mezu bera da nabarmentzen duguna: euskara da gure herriko balio erantsi nagusia. Izan ere, euskaraz bizi gara gure herrian, eta euskarak kultura bat dakar aldean, eta kultura horren iturritik edatera bisitari asko eta asko etortzen dira. Turismo bizia baitakar euskarak, bisitaria bertako herritarrekin eta ekitaldiekin harremanetan jartzea ahalbideratzen duena, leku batera iritsi, zerbait fisikoa ikusi, eta inorekin hitz egin gabe postal baterako argazkia ateratzetik askoz urrunago iristen dena.

Beraz, turismo ereduak ere iraunkorra izan behar duela entzuten ari garen sasoiotan, udalerri euskaldunetatik gogorarazi egin behar diegu, turismo kontuetan eskumena duten gainerako erakunde publiko guztiei, euskara turismo eskaintzaren erdigunean jartzeak duen garrantzia. Batetik, turismo eredua aldatzen duelako, harremanetan oinarritutako turismo bizia sortuz. Eta bestetik, euskara aintzat hartzen duelako, erakusteko dugun ondare bereziena eta ederrena dela ikusaraziz. Euskal Herria, euskararen herria dela ahaztu ez dezagun”.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.