UEMAk EHUren ‘Lurraldea eta Hizkuntza’ graduondokoan asteburu honetan aurkeztu du Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna berritua, iaztik hona jasotako ekarpenekin, zuzenketekin eta gainerakoekin gaurkotuta
[Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. PDFa. 2,84 Mb]
Hirigintzak eta lurralde antolamenduak hizkuntzan duen eraginaz ohartuta, UEMAk, Kontseiluak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak abiarazi zituzten duela hiru urte.
Lurraldea eta Hizkuntza. Hizkuntza eta Lurraldea izeneko lehen jardunaldi haietan, lurralde antolakuntzaren eta hizkuntza aldaketaren arteko harremana estua dela eta hirigintza proiektuek Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa (ELE) moduko azterketa baten beharra dutela nabarmendu zuten antolatzaileek.
2015eko Lurraldea eta Hizkuntza 2. jardunaldietan (Lurraldea eta Hizkuntza. Erronkak & Tresnak) ELE tresna horren lehen bertsioa aurkeztu zuen UEMAk, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera. Euskalgintzak eta erakunde publikoek ere bat egin zuten gaiak duen garrantzia nabarmentzerakoan, eta ELEk lege izaera ere hartu zuen iaz, apirilean EAEko Udal Legea onartu zenean. Izan ere, Udal Legeak lege babesa ematen dio Eragin Linguistikoaren Ebaluazioari, hirigintza planek edo gainerako proiektuek hizkuntzan izango luketen eragina aztertzeko beharra ezarrita (ikus albistea: Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek).
Ondoren, gaiaren lanketa akademikoari jarraipena emanez, ELE tresnaren etorkizuna aztertu zen III. Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldietan. Bertan, esperientzia zehatzak aurkeztu, balizko kalteak apaltzeko neurri zuzentzaileez hausnartu, eta ELE tresna legean txertatzeko moduak aztertu zituzten UEMAk eta erakunde antolatzaileek.
Herri baten egoera soziolinguistikoan eragin dezakeen edozein proiektuk ELE bezalako tresna ezinbestekoa dutela ikusita, udal arkitektoak, teknikariak eta gaian interesa duten gainerako profesionalak, euskaltzaleak eta ikasleak formatzeko beharra agerian geratu zen, herrietan eta proiektuetan Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa modu zehatz eta profesionalean egin ahal izateko. Horretarako, Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa titulua sortu du EHUk, eta graduondoko horren lehen ikasturtea ari da eskaintzen urriaz geroztik.
Graduondoko horretan irakasle lanetan aritu dira Miren Segurola UEMAko koordinatzailea eta Goizane Arana UEMAko teknikaria, eta bien artean landutako ELE tresnaren bertsio zehatza eta berritua aurkeztu dute egunotan. Zehazki, pasa den ostiralean eta larunbatean graduondoko ikasleek 3ECTSko lurraldetasun praktikak izan dituzte, ELE tailerra izenburupean.
Bertan, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresnaren bertsio zuzendua, eraberritua eta eguneratua aurkeztu dute. Bi irakasleek nabarmendu dutenez, “EHUren graduondokoan aurkeztu dugun Eragin Lingustikoaren Ebaluazioa, hainbat urtean egindako ibilbidearen ondorioa izan da: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Kontseiluarekin hasitako bideari UEMAk eman dio azken bultzada, gaiaren ardura hartuta, baina gaiaren garrantzia ikusi eta honi serio heldu dioten erakunde askoren lana eta unibertsitatearen beraren konpromisoa dago honen guztiaren atzean”.
Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa tresna berritzeko, UEMAko teknikariek hainbat ekarpen jaso dituzte hilabete hauetan guztietan, iazko jardunaldietan ELE tresna garatzeko eta neurri zuzentzaileak zehazteko beharra ikusi zenetik. Batez ere, lehenago Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiten jardundako arkitekto, soziologo, teknikari eta hizkuntza aholkularien ekarpenak, iritziak eta zuzenketak izan dira kontuan hartu dituztenak.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Lurraldea eta Hizkuntza. Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa graduondokoa (EHUren titulua).
· Hirigintza planen hizkuntza eragina aztertu beharko dute EAEko herriek (Berria, 2016-04-14).
· Lurraldea eta Hizkuntza, III. jardunaldiak (uema.eus, 2016-04-12).
·