Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur UEMAko lehendakari Josu Labaka. Herritarren ekarpenak administrazioa euskalduntzeko bidean izan duen eragina nabarmendu du, UEMAk eta hainbat udalek aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko elkarlanean abian duten kanpainaren harira.
Hemen entzun daiteke Labakaren kolaborazioa, audioan, Info7 irratiaren webgunean.
Hemen, berriz, testua irakurgai:
Josu Labaka: “Euskara kontuetan ez dago autolikidaziorik. Kasuan kasuan, behin eta berriro, hautu kontzientea egin behar dugu, euskaraz garela aitortzen segi dezagun”.
2016ko errenta aitorpena egiteko kanpaina abiarazi dute dagoeneko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Foru Ogasunek, eta aurten ere, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, bertako kide diren hainbat udalekin elkarlanean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian.
Ohikoa da kanpaina, azken urteotan ere egin izan dugu, baina aurten sarean matraka ederra ematen ari garela entzun behar izan dut ingurukoen artean. Izan ere, UEMAk ez ezik, hainbat udalek ere bat egin dute kanpaina, eta guztien artean ari gara udalerri euskaldunetako herritarrei gogorarazten, administrazioa euskaratzeko ahaleginean, herritarren akuilua ere beharrezkoa dela oraindik.
Izan ere, udalerri euskaldunetan euskaraz bizi gara, baina herritar askok du joera oraindik administrazioarekin gazteleraz aritzeko. Hautu horretan eragin nahi du kanpainak, euskara ezagutzeaz gain euskara ere erabil dezagun eguneroko jardunean.
Hau gogoraraztea, ordea, ebidenteegia da hainbatentzat. “Euskaldunak gara, eta nola egingo dugu ba errenta aitorpena?”. Edo “nola egingo ditugu ba administrazioarekin gestio eta paper kontuak?”, pentsatuko du hainbatek. Datuek, ordea, bestelako errealitatea erakusten dute. Euskaldunak izan arren, eta euskaraz bizi arren, oraindik ere ez dugu ohitura askorik euskaraz aritzeko burokrazia kontuetan. Kontratuak, aholkularitzak, fakturak, erreziboak, notarioak, errenta aitorpenak eta abar luzea, oraindik ere, euskaldunen ehuneko handi batentzat, erdararen eremua dira.
Urteotako ahaleginaren ostean, eta gorabeherako gorabehera, oro har lortu dugu administrazioa euskalduntzea eta herritarren eskubideak bermatzea, baina herritarren kontzientziazioa falta da oraindik. Horregatik, gai honek bete-betean islatzen du azken datu soziolinguistikoek erakusten dutena: ezagutzan gora egin dugu, baina erabileran behera.
Administrazioarekiko kontuetan, burokrazian, paper artean, antzekoa ikusten dugu: euskaraz aritzeko aukera daukagu, baina horretarako kontzientziazioan eragitea giltzarria da oraindik, herritarrek euskararen aldeko hautua egin dezaten, euskaraz garela gogorarazteko. Matraka ematen jarraituko dugu, beraz, ahal dugun heinean eta moduan. Errenta aitorpen asko eginda iristen da. Autolikidazioa esaten zaio. Baina euskara kontuetan ez dago autolikidaziorik. Kasuan kasuan, behin eta berriro, hautu kontzientea egin behar dugu, euskaraz garela aitortzen segi dezagun.
Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du UEMAk, bereziki autolikidazioari garrantzia emanez (uema.eus, 2017-03-31).
· Errenta 2016. Martxan da errenta aitorpena egiteko kanpaina (zestoa.eus).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Orioko Udalak (orio.eus, 2017-01-31).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin dute UEMAk eta Orioko Udalak (karkara.eus, 2017-03-31).
· Errenta aitorpena euskaraz. %45era baietz! (Ondarroako Udala, udalbarriak.eus, 2017-04-06).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko aukera izango da (Zumaiako Udala, baleike.eus, 2017-05-05).
· Aurten ere, egin errenta aitorpena euskaraz (Zumaiako Udala, zumaia.eus, 2017-04-05).
· Irurako Udalak errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri du abian aurten ere (Noticias de Gipuzkoa, 2017-04-12).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin du Irurako Udalak [bideoa] (28kanala.eus, 2017-04-14).
· Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu zarauztarrak (Urola Kostako Hitza, 2017-04-17).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian jarri dute UEMAk eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak
(erran.eus, 2017-04-12).
· Errenta aitorpena euskaraz; euskarari bide berriak ireki eta administrazioa euskalduntzeko
(Bergarako Udala, bergara.eus, 2017-04-18).
· Bergarako Udalak errenta aitorpena euskaraz egitera animatu ditu herritarrak (goiena.eus, 2017-04-18).
· Egin errenta aitorpena euskaraz (Azpeitiko Udala, azpeitia.eus, 2017-04-20).
· Errenta aitorpena euskaraz egiteko gonbitea luzatu du Udalak (uztarria.eus, 2017-04-20).
· Aurten ere, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiarazi du Anoetako Udalak, UEMArekin elkarlanean (Anoetako Udala, anoeta.eus 2017-04-24).
· ‘Errenta aitorpena euskaraz’ kanpaina, UEMArekin batera (Leitzako Udala, leitza.eus 2017-04-25).