Hasiera » euskalduntzea » Iruñeko kilometroa elkarrekin egiteko deia egin die UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta ordezkariei

Iruñeko kilometroa elkarrekin egiteko deia egin die UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta ordezkariei

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bi aldiz hartuko du aurten Korrikaren lekukoa. Batetik, gaur, Lapurdi eta Gipuzkoa arteko Santiago zubian, euskalgintzak eta erakunde publikoek batera egingo duten kilometroan. Bestetik, igandean, Iruñean, eta kilometro hori elkarrekin egiteko gonbidapena eta deialdia egin die herritarrei, euskaraz garela festa giroan aldarrikatzeko

Gaur arratsaldean, 16:00ak aldera, euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariek elkarrekin egingo duten kilometroan hartuko du lekukoa UEMAk. Izan ere, euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlan hotsek Korrikan ere izango dute isla, eta gaur arratsaldean Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzen dituen Santiago zubian elkarrekin egingo dute korrika euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik. Korrikaren antolatzaileek, AEK-ko lagunek, zubien beharra irudikatu nahi izan dute kilometro sinboliko horrekin, eta UEMAren izenean Josu Labaka lehendakaria eta Miren Segurola koordinatzailea izango dira bertan. 

Datorren igandean, berriz, Korrika amaitu aurreko azken kilometroetako bat egingo du UEMAk, Iruñean. Igande eguerdian izango da, Korrika amaitu baino apur bat lehenago. Zehazki, 12:21ean du hitzordua UEMAk, 2.552. kilometroan (Urdazubi monasterioa, 8. Hemen kokapen zehatza ikusgai). Korrikak Euskal Herrian barrena zabaltzen duen euskararen aldeko aldarriarekin eta ilusioarekin bat eginez, UEMAk udalerri euskaldunetako herritarrei eta udal ordezkariei gonbidapena eta deialdi berezia egin nahi die Iruñean batera aritzeko korrika.

UEMAren lehendakari Josu Labakaren hitzetan, “Korrikak, bere horretan, batzen gaituenaren atzean sumatzen den ilusioa eta gaitasuna erakusten du. Elkarlanean eta auzolanean egin daitekeenaren ispilua da euskararen aldeko lasterketa herrikoia. Lekukoari elkarrekin heldu, eta aurrera segitzeko hainbat arrazoi ditugu: euskara ikastearen doakotasuna, udalerri euskaldunen zaintza, euskaraz bizitzeko irrika eta, batez ere, euskaldunak garela eta euskaraz garela esateko harrotasuna, inolako harrokeriarik gabe. Beraz, hau guztia gurekin partekatzeko deia egin nahi diegu udalerri euskaldunetako herritarrei, eta UEMA osatzen duten udaletako hautetsi, alkate, langile eta ordezkari guztiei”.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Korrikan elkarrekin parte hartuko dute euskalgintzak eta instituzioek (Berria, 2017-03-21).
· Elkarlanerako zero kilometroa (Berria, 2017-04-05).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.