Hasiera » iritzia » “Euskalgintzaren akuilua lanerako aukera bezala ikusi behar dute erakunde publikoek”

“Euskalgintzaren akuilua lanerako aukera bezala ikusi behar dute erakunde publikoek”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur. Aste honetan hasiko den Korrikaren aitzakian, euskalgintzaren eta erakunde publikoen arteko zubigintzaz aritu da. Izan ere, euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik elkarrekin egingo dute kilometro bat, sinbolikoki, Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzen dituen Santiago Zubian. 

Hona hemen Josu Labakaren hitzak, entzungai zein irakurgai.

“Euskalgintzaren akuilua lanerako aukera bezala ikusi behar dute erakunde publikoek, eta aurrera egin, euskararen aldeko politika aurrerakoiak eta ausartak bideratuz”

Hiru egun besterik ez dira geratzen. Hizkuntzaren malabaristak, akrobatak, trapezistak, herri honen ilusionistak… bidera aterako gara ostegun honetan. Herriz herri igaroko gara. Mundura aterako gara. Denok bat, hara eta hona, Korrika, euskarak batuko gaitu berriro ere.

            Urteurren biribila du aurten Korrikak. 20. aldiz zeharkatuko baitu Euskal Herria. Otxandiotik Iruñera, herriz herri, dozenaka mila euskaltzalek babestuko dute lekukoa, euskararen alde, eta berriro ere irudi ederrak geratuko zaizkigu oroitzapenen bildumarako.

            Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearentzat ere berezia izango da aurten Korrika. Izan ere, euskalgintzaren eta erakundeen arteko elkarlan hotsek, Korrikan ere izango dute isla. Zehazki, apirilaren 4an, Gipuzkoa eta Lapurdi elkartzen dituen Santiago Zubian elkarren egingo dugu korrika euskalgintzako eta erakunde publikoetako hainbat ordezkarik. Korrikaren antolatzaileek, AEK-ko lagunek, zubien beharra irudikatu nahi izan dute kilometro sinboliko honekin.

            Behingoz, elkarlana benetakoa izateko aukera sumatzen da inguruetan, eta horrek bereziki pozten gaitu. UEMA duela 26 urte sortu zen, euskalgintzatik, herri mugimendutik. Euskal Herrian Euskaraz taldearen mozio bat onartu zuten udalak elkarren artean biltzen hasi ziren, euskaraz lanean hasi ahal izateko zituzten oztopoak eta arazo komunak elkarrekin gainditu nahian. Horrela sortu zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Euskalgintzatik sortu eta erakunde publiko bihurtu, hainbat udalen ekimenez. Ordudanik, ez dugu ahaztu zein diren euskararen aldeko lanak benetan emaitzak eman ditzan bi oinarriak: hanka bat kalean edukitzea, eta bestea erakunde publikoetan.

Bien arteko orekari esker aurrera egiteko bidea zabaltzen aritu gara urte askoan, eta ezinbestekoa da honek duen garrantzia ulertzea. Beste hainbat esparrutan bezala, herri mugimenduak, euskalgintzak, euskaraz bizitzeko ahaleginean akuilu eta bide erakusle izan behar du administrazioarentzat eta erakunde publikoentzat. Akuilu hori lanerako aukera gisa ikusi behar dute erakunde publikoek, eta aurrera egin, euskararen aldeko politika aurrerakoiak eta ausartak bideratuz. Egindako akatsak ez errepikatzea, eta zuzendu beharrekoak zuzentzea. Auzokritika beharrean, autokritika. Egindako lanaren aitortza. Eta ekimenak baterakoiak, elkar-eragileak eta eraginkorrak izatea. Bidea argi dago. Hitzetik benetako ekimenetara pasatzea tokatzen zaigu orain.

Korrikak, bere horretan, batzen gaituenaren atzean sumatzen den ilusioa eta gaitasuna erakusten du. Elkarlanean eta auzolanean egin daitekeenaren ispilua da euskararen aldeko lasterketa herrikoia. Lekukoari elkarrekin heldu, eta segi dezagun aurrera, gelditu gabe. Atzetik datozen guztiek eskertuko digute.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.