Hasiera » Administrazioa » UEMAk bat egin du Osakidetzaren kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die euskara hautatzeko osasun zerbitzu publikoan ere

UEMAk bat egin du Osakidetzaren kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die euskara hautatzeko osasun zerbitzu publikoan ere

Udalerri euskaldunetan euskaraz garela erakutsi nahian, UEMAk bat egin du Osakidetzak abian duen kanpainarekin, eta herritarrei dei egin die oraindik euskara hautatu ez duten herritarrei, bertako hizkuntzaren aldeko hautua egiteko eta Osakidetzari jakinarazteko

 

UEMAko lehendakari Josu Labakaren hitzetan, “kalitatea da edozein zerbitzu publikoren helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari ere badago lotuta. Medikuaren eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da, eta horrek garrantzia berezia du hizpide ditugun udalerri euskaldunetan”.

Horregatik, UEMAk bat egin du Osakidetzak otsailean abiarazitako kanpainarekin, eta UEMAko kide diren udalerrietako herritarrei dei egin die euskara hautatzeko osasun zerbitzua jasotzerakoan. Izan ere, Osakidetzak aukera hori eman die herritarrei, Lagundu egiguzu hobetzen: AUKERATU ZURE HIZKUNTZA! izeneko kanpaina abiarazita.

Eusko Jaurlaritzak zehaztu duenez, “hizkuntza-eskubideen errespetuan, zerbitzuaren kalitatean eta progresibitate-irizpidean sakontzeko” helburua du Osakidetzaren kanpainak, eta horretarako “Euskal Osasun Zerbitzu Publikoaren erabiltzaileei osasun-arretan erabili nahi duten lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dutela” jakinarazi nahi die kanpaina honekin.

Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko II. Planaren (2013-2019) baitan kokatzen da kanpaina, eta Eusko Jaurlaritzaren arabera “osasun-arreta gaztelaniaz nahiz euskaraz emateko Osakidetzaren konpromisoa inplikatzen du, betiere errealitate soziolinguistikoaren eta erabilgarri dauden zerbitzuen eta baliabideen arabera, jomugatzat hartuta osasun-zerbitzuko prestazio guztiak Euskadiko bi hizkuntza ofizialetan eskaini ahal izatea”.   

Osasungintza denez herritarrek jasotzen duten zerbitzu publiko esanguratsuenetakoa, UEMAk arreta berezia jarri izan dio betidanik osasungitza euskalduntzeari. EAEko osasun zerbitzu publikoari dagokionez, zehazki, UEMAk Osakidetzaren jarraipen batzordeetan parte hartzen du. Osakidetzak 2013an abiarazitako V. Euskararen erabilera planari ere jarraipen berezia egiten dio, helburuak betetzen ari direla ziurtatzeko. Horrez gain, osasun-zentroekin bilerak egiten ditu mediku zein pediatra erdaldunak dauden herrietan eta egoera konpontzeko emateko bideak adosten ahalegintzen da. Unean-unean kanpaina berezituak ere egin izan ditu UEMAk zerbitzuak euskaraz ere izan daitezen eskatzeko. Esaterako, UEMAko herrietan egingo diren ordezkapenetan mediku euskaldunak kontrata ditzatela eskatzeko lanketa egiten da udaren atarian.

Osakidetzak otsailean abiarazitako kanpaina honi dagokionez, tokian tokiko hedabideak, udalen bitartekoak eta sare bideak baliatuko ditu UEMAk herritarrei kanpainaren berri emateko. Udaletarako, zehazki, honako bando eredua ere prestatu du UEMAk, kanpainarekin bat egin nahi duten udalen eskura jartzeko.

 

Gai honi buruzko informazio osagarria:

· Lagundu egiguzu hobetzen: AUKERATU ZURE HIZKUNTZA! Osakidetzak kanpaina bat jarri du abian erabiltzaileei jakinarazteko lehentasunezko hizkuntza jasota uzteko aukera dutela (Irekia. Eusko Jaurlaritza, 2017-02-02).
· Bandoa: Osakidetzarekin ere euskaraz.

 

 

 

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.