Hasiera » Administrazioa » Errefuxiatuen harrera protokoloa zuzentzeko eskatu du UEMAk, babesarekin batera euskara ere jaso dezaten

Errefuxiatuen harrera protokoloa zuzentzeko eskatu du UEMAk, babesarekin batera euskara ere jaso dezaten

Errefuxiatuen harrera protokoloaren proposamena bidali die Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak EAEko udalei, ekarpenak egiteko. Proposamenean ez dira kontuan hartzen UEMAk eta udalerri euskaldunek 2015ean egindako eskaerak, babesarekin batera errefuxiatuei euskara ere emateko. Areago, laguntza entitateek udalekin itaunduta “gaztelaniaren ikaskuntzaren ardura” izango dutela aipatzen da, berariaz.

Hau zuzentzeko eta errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak eskatu ditu UEMAk, bai Eusko Jaurlaritzari eta bai gai honetan eskumena duten gainerako erakunde publikoei bidalitako eskaera ofizialean.

 

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen duten EAEko dozenaka udalek, otsailean jaso zuten Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak landutako proposamena, asiloa eskatzen duten pertsonen harrera hobetzeko Errefortzu Sistema Osagarriari dagokiona.

Proposamena biltzen duen dokumentu horretan, Lehen urratsak Euskadin etapa berria abiarazteko errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko prozesuetan izenburupean, errefuxiatuak udalerrietan hartzeko erakunde ezberdinek landu nahi duten protokolorako proposamena egiten da.

UEMAri beharrezkoa eta lehentasunezkoa iruditzen zaio protokoloa, Euskal Herrira helduko diren errefuxiatuek merezi duten babesa eta arreta ahalik eta egokiena izan dadin, baina larria iruditzen zaio errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak kontuan ez hartzea eta, areago, laguntza entitateek udalekin itaunduta “gaztelaniaren ikaskuntzaren ardura” izango dutela aipatzea, berariaz.

Gai honen harira, 2015eko irailean egin zien UEMAk lehen proposamena gainerako erakunde publikoei eta herri mugimenduei, udalerri euskaldunetara heltzen diren pertsona guztientzat oinarrizkoa den abiapuntuaren ildotik. Izan ere, Josu Labaka UEMAko lehendakariaren hitzetan, “udalerri euskaldunak garen heinean, gure esku dago etorri berriei hizkuntza ere ematea, elikagaiekin, arropekin edo aterpearekin batera. Gure artean errotuko diren ehunka errefuxiatuei euskara ematea modu ederra da beso zabalik hartzen ditugula erakusteko. Ikastolak, eskolak eta euskaltegiak zabaltzeko ordua da, beraz. Era berean, erakunde publikoetatik bideratuko den laguntza euskara ikasteko ere izan dadin bermatzea dagokigu”. 

Horretarako, hainbat neurri proposatu zituen UEMAk 2015eko irailean, UEMAko kide diren eta errefuxiatuak hartuko dituzten udalerrietan kontuan hartzeko:

  • Errefuxiatuei hasieratik ezagutzera ematea gure herrietako errealitatea, hauetan erabat errotzeko euskara ikastearen garrantzia nabarmenduz.
  • Haur eta gazteen kasuan, eskolaratzea ahalik eta samurrena izan dadin, euskara ikasteko errefortzu ikastaroak bermatzea, herrietan horretarako baliabideak jarriz edo indartuz.
  • Helduen kasuan, doako euskalduntzea bermatzea, hala badagokio horretarako berariaz salbuespen neurriak onartuta.
  • Hau guztia posible izan dadin, aldez aurretik herriko euskaltegiekin biltzea eta lanerako protokoloa zehaztea, bai euskaltegiak horretarako prestatuz eta bai mintzalagun sareak indartuz.

Etorri berrien euskalduntzeak duen garrantziaz ohartuta, UEMAk bere baliabideak udalen eskura jarriko zituela iragarri zuen, gai honen inguruko zalantzak argitzeko edota egin beharreko urratsetan laguntzeko.

UEMAko kide ez diren udalei dagokienez, berriz, UEMAk eskaera zuzena egin zien errefuxiatuen etorrera koordinatzen ari ziren Euskal Herriko erakunde publikoei, errefuxiatuei euskara ematearen garrantziaz ohartu eta horretarako bitartekoak jar zitzaten lehen egunetik, “gure hizkuntza eskaintzea osasun arreta, aterpea eta elikagaiak ematea bezain beharrezkoa delako”.

Orain, 18 hilabete geroago, errefuxiatuen harrerari buruzko protokoloaren proposamena aurkeztu die Eusko Jaurlaritzak erakunde publikoei. Lehendakaritzaren baitako Bakegintza eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiak otsailean egindako proposamenean, ordea, ez da euskararen inguruko neurririk zehazten erakunde publikoei dagokien ekarpenetan.

Areago, laguntza entitateei dagokien ekarpenari dagozkien ardatzetan, zehazki, honakoa ere aipatzen da: “Gaztelaniaren ikaskuntzaren ardura hartuko dute, udalekin itaunduta”.

“Larria” iritzi dio kontu honi UEMAko lehendakari Josu Labakak: “Udalerri euskaldunetara eta Euskal Herriko gainerako herrietara helduko diren errefuxiatuei euskara ez ematea, asilo eskaera egiten duten horiek guztiak berriro ere baztertzea dela sinetsita”. 

Horrela, proposamena zuzendu nahian, UEMAren zuzendaritza batzordeak pasa den astean erabaki zuen bai Eusko Jaurlaritzari eta bai gai honetan eskumena duten foru aldundiei, udalei eta erakunde publikoei eskaera ofizialak bidaltzea, erakunde publikoen, entitate homologatuen, udalen eta laguntza entitateen ekarpenei dagozkien puntuetan, berariaz, “Euskararen ikaskuntzaren ardura hartuko dute, udalekin itaunduta” gehitzea eta horretarako neurriak hartzea” eskatuz, gaur egun UEMA osatzen duten 82 udalen eta 240.000 biztanle baino gehiagoko lurgunearen izenean.

 

Dokumentazio osagarria:
· UEMAk Eusko Jaurlaritzaren Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiari eta beste hainbat erakunde publikori bidalitako gutuna (PDFa).
· ‘Lehen urratsak Euskadin etapa berria abiarazteko errefuxiatuak hartzeko eta integratzeko prozesuetan’ proposamena: gaztelaniaren ikaskuntza berariaz aipatzen duen orrialdea (PDFa).
· Errefuxiatuei babesarekin batera euskara ere emateko UEMAk 2015ean egindako proposamen zehatzak  (JPG).


Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Babesarekin batera errefuxiatuei euskara ere emateko neurriak eskatu ditu UEMAk (uema.eus, 2015-09-08).
· Errefuxiatuei euskara ere emateko eskatu die UEMAk udalerriei (Berria, 2015-09-10).
· Bi xer hati (Ongi etorri) (Urtzi Urrutikoetxea, Berria, 2015-09-05).
· Euskara eta errefuxiatuak (Urtzi Urrutikoetxea, zuzeu.eus, 2015-12-01).
· Errefuxiatuen harrera protokoloan euskara aintzat hartzea eskatu du UEMAk (El Diario Vasco, 2017-03-06).
· Errefuxiatuei euskara emateko deia egin du Uemak (Berria, 2017-03-07).
· Errefuxiatuen harrera protokoloan euskararen irakaskuntza sartzea eskatu dio UEMAk Eusko Jaurlaritzari (argia.eus, 2017-03-07).
· Hizkuntzen garrantzia (Urtzi Urrutikoetxea, Berria, 2017-03-12).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.