Hasiera » arnasguneak » “Udalerri euskaldunetako errealitatea ere legez babestu beharko luke euskararen inguruko foru dekretu berriak”

“Udalerri euskaldunetako errealitatea ere legez babestu beharko luke euskararen inguruko foru dekretu berriak”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da, Nafarroako Gobernuak aurkeztu duen euskararen inguruko foru dekretuaren proposamenari buruz. Besteak beste, “nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeaz gain, udalerri euskaldunetako errealitatea ere legez babestuko duen foru dekretua izatea” proposatuko du UEMAk dekretuarei egindako ekarpenekin.

Hemen entzun daiteke Info7 irratiko audioa. Baita irudiaren gainean klik eginda ere.


Josu Labaka: “Udalerri euskaldunetako errealitatea ere legez babestu beharko luke euskararen inguruko foru dekretu berriak”.

“Behin baino gehiago esan izan dugu, euskarari dagokionean ere, herri mugimenduek eta erakunde publikoek elkarrekin egin beharko dutela bidea, norabide berean, euskararen biziberritzean benetan egin nahi badugu aurrera.

Horregatik, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik, ilusio eta arreta bereziarekin ari gara jarraitzen Nafarroako Gobernua euskararen inguruan ematen ari den pausoak. Urtarrilaren amaieran, Euskararen I. Plan Estrategikoa onartu zuen aurrena. Ondoren, administrazio publikoan euskararen erabilera arautzeko foru dekretuaren proiektua. Azken honekin, administrazioaren eta herritarren arteko harremanetan euskarazko arreta bermatu nahi du Nafarroako Gobernuak, euskararen inguruan urte askoan izandako jarrera aldatuta, eta euskaldunon eskubideak aintzat hartuta.

Nafarroako udalerri euskaldunetan, aspaldidanik lan handia egin da ildo horretan. Udalerriak euskararen arnasguneak diren heinean, udalek ere errealitate hori islatu nahi izan dute administrazioan, eta zailtasunak zailtasun, urte asko eman dituzte herritarrei euskarazko arreta bermatuz. Udalerri euskaldunetako errealitate horrek, ordea, ez du islarik izan Nafarroako legeetan, eta foru dekretu berriak errealitate hau ere kontuan hartu beharko luke, lege babesa emanez udalerri euskaldunetako udalen jardunari.

Pasa den urtean antzeko irakurketa egin genuen EAEn Udal Legea onartu zenean ere. Hainbat aurrerapauso nabarmendu genituen, baina udalerri euskaldunen errealitatea aintzat hartuko lukeen erabaki ausartagoak falta zirela ere esan genuen, udalerri euskaldunen zaintza eta babesa ezinbestekoa izango baita euskarari eutsiko baldin badiogu.

Orain, Nafarroako foru dekretuari ekarpenak egiteko sasoia da. Dekretu proposamena ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren webgunean, herritarrek eta gizarte eragileek ekarpenak egin ditzaten. Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak egingo ditu bereak. Horretan ari gara, gaia juridikoki lantzen, udalerri euskaldunek beharko luketeenaren eta legearen arabera abokatuek onargarritzat jotzen dutenaren arteko mugetan barrena. Aldaketak proposatuko ditugu, helburu argiarekin: nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeaz gain, udalerri euskaldunetako errealitatea ere legez babestuko duen foru dekretua izatea”.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.