Hasiera » arnasguneak » Pediatria zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu dute Nafarroako zortzi udalek eta UEMAk

Pediatria zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu dute Nafarroako zortzi udalek eta UEMAk

Araitz, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza, Arano, Lekunberri eta Beteluko udalek eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Nafarroako zortzi herri horietako pediatria zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu diote Osasunbideari eta herri horietako osasun zerbitzuetako langileen joan-etorriak kudeatzen dituen Irurtzungo osasun etxeari. 

Izan ere, orain artean udalerri horietan konpartitu duten pediatra beste zentro batera mugituko dela-eta, haren ordez helduko dena euskalduna izateak zerbitzuaren kalitatean nabarmen eragingo lukeela ikusita, zerbitzua euskaraz bermatzeko eskatu dute herri horietako zortzi alkatek eta UEMAko lehendakari Josu Labakak. Irurtzungo osasun etxeko zuzendariari ez ezik, Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezi ere helarazi diote gutuna.

“Kalitatea da Osasunbidearen helburu nagusietako bat, eta kalitatea osasungintzan hizkuntzari ere badago lotuta. Osagile eta pazientearen arteko harremanean konfiantza eta enpatia lortzeko hizkuntza funtsezkoa da, eta horrek garrantzia berezia du hizpide ditugun udalerri euskaldunetan. Udalerri horien eskaera izan da azken urteetan mediku euskalduna lortzea, eta uste dugu momentu egokia dela hau, bestela ere aldaketa egin behar delako”, nabarmendu dute zortzi udaletako alkateek eta UEMAko lehendakariak gutunean. Horregatik, “pazientea ardatza dela kontuan hartuta” eta “erabiltzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzeko helburuz”, udalerri hauetan eta bailerako beste batzuetan zerbitzua eskainiko duen profesionala euskalduna izatea eskatzen dute. 

Lehenago ere, familia-medikuak edota pediatrak euskaldunak izatea eskatuz hainbat ahalegin eta kanpaina egin izan dira Nafarroako eremu euskaldunetan. UEMAk, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak eta Euskaltzaleen Topaguneak, esaterako, Leitzaldeko herrietan kanpaina zehatza egin zuen duela hiru urte. Ordukoa da honakoa bideoa:

Gai honi buruzko dokumentazio osagarria:
· Araitz, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza, Arano, Lekunberri eta Beteluko udalek eta UEMAk Nafarroako Osasun kontseilariari bidalitako gutuna (PDFan). 2017-02-17.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.