Hasiera » jardunaldiak » ‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloari ekingo diote datorren astean Zumaian

‘Euskara, bestela ez gara’ hitzaldi zikloari ekingo diote datorren astean Zumaian

 · Iturria: Zumaiako Udala, Euskara Zerbitzua

 

Urtero bezala, hitzaldi zikloa antolatu du Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Hitzaldi guztiak 18:30ean hasiko dira Alondegiko Oxford aretoan. Aurtengoak honako hauek izango dira:

Otsailaren 15ean, Hiztun berrien esperientziak herri oso euskaldunetan.  “Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak” izeneko ikerketako emaitza batzuen inguruen jardungo dute Ane Ortega eta Esti Amorrortuk. Ikerketan Zumaiako partaide batzuen esperientziak ere jaso ziren.

Otsailaren 22an, KONPASAREN ORRATZA euskaratik zirkuluak marrazteko Izenburu hori duen hitzaldia emango du Maialen Lujanbiok. Gizarte eta aro eleaniztun honetan, zail egiten zaigu askotan euskararen balioa eta funtzioa azaltzea, eta joka-moldea antolatzea. Bertsolaritzak balio ote dezake bestelako jardunentzat, gizartearentzat, hizkuntzaren gaineko politikentzat, adibide moduan? 

Martxoaren 1ean, Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Zumaian? Galdera horri erantzungo dio Idoia Etxeberriak. Badihardugu elkartea Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzen ari da, 101l.ahotsak.eus webgunea horren erakusgarri. Zumaiako hizkuntzak ere jaso dira  eta bertan egindako elkarrizketen nondik norakoak ere azalduko ditu: zenbat elkarrizketa egin diren, zenbat hizkuntza jaso diren… Ondoren, “Zumaia eleanitza” dokumental laburra ikusteko aukera izango da, egindako elkarrizketen emaitza.

Martxoaren 8an, Euskararen erabilera Zumaiako kaleetan. Azken saio honetan Belen Urangak 2016an Zumaiako kaleetan egindako erabileraren neurketaren datuak emango ditu. 2011n baino gehiago edo gutxiago hitz egiten da euskaraz Zumaian? Gure gazteen erabilera handitu ala murriztu egin da? Galdera horien eta beste askoren erantzunak jakin ahal izango dira.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.