Hasiera » hizkuntza politika » “Euskararekiko hartu beharreko erabakiak, estatu politika dira: herri bat bizi dadin arnasa ematea ala ez ematea”

“Euskararekiko hartu beharreko erabakiak, estatu politika dira: herri bat bizi dadin arnasa ematea ala ez ematea”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur, eta hizkuntza politikaren indar guztia herritarrak kontzientziatzeko bitartekoetan ezin dela jarri aipatu du, erakunde publikoak eredu izateak ere kontzientziazioan eragin nabarmenagoa izango lukeela aipatuz.

Hemen entzun daiteke Info7 irratiko audioa. Baita irudiaren gainean klik eginda ere.


Honakoa da, berriz, Josu Labakaren testua:

Azken hilabeteotan sortu eta prestatu dituen tailer, hitzaldi eta gainerakoekin, udalerriak euskalduntzeko zerbitzuak biltzen dituen katalogoa osatu eta berritu du UEMAk, eta pasa den asteaz geroztik ari dira bertako teknikariak UEMAko kide diren udalei horren berri ematen.

Sortu zenetik, besteak beste, udalak euskalduntzeko zerbitzuetan nabarmendu da UEMAren lana. Duela lauzpabost urte, ordea, udalerriak euskalduntzeko beharra ere sumatuta, horri ere ekin dio, eta zerbitzu horiek ageri dira katalogo berri honetan. Herritarren sentsibilizazioan eta kontzientziazioan eragiteko zerbitzuak dira batetik, eta udalerri euskaldunen zaintzari dagozkionak bestetik. Azken urteotan, euskararen bilakaerak behera egin du udalerririk euskaldunenetan ere, eta egoera iraultzeko giltzarriak dira katalogo berrian ageri diren hainbat egitasmo. Azken urteotan abiarazitakoen artean, hartzaileen kopuruari dagokionez, hezkuntza proiektua da nabarmenena, baina tailer ezberdinak, erakusketa eta hitzaldiak ere biltzen ditu katalogoak. Azkenik, udalerri euskaldunen zaintzarekin lotuta, eragin linguistikoaren ebaluazioa ere ageri da berrikuntza gisa, proiektu zehatzek euskararen bilakaeran duten eragina ezagututa, udalentzat lanabes garrantzitsua delakoan.

Herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea gakoak dira, eta horren baitan sortu eta prestatu dituzte teknikariek tailerrak, hitzaldiak, erakusketa eta hezkuntza proiektu integrala. Euskaltzaleen Topaguneak pasa den astean antolatutako Topaldia jardunaldien harira ere, ondorio argia nabarmendu zuten antolatzaileek: herritarrak ahalduntzea eta aktibatzea dagokie gizarte mugimenduei, eta mugimenduok babestuko dituzten neurriak hartzea erakunde publikooi.

Herritarrak ahalduntzeko eta aktibatzeko, kontzientziazio lana ezinbestekoa da, eta horretan eragiteko zerbitzu ugari ageri dira UEMAren katalogo berrian. Kontzientziazio lana eraginkorra izan dadin, ordea, bidea ez da herritarrei hau egin behar dutela edo horrela aritu behar dutela esatea. Askoz eraginkorragoa da erakunde publikoak eredu izatea. Erakundearen eguneroko lanean, ordezkari publikoen eguneroko agerraldi eta jarreretan eta, noski, baita erabaki politikoetan ere.

Izan ere, egundoko lana egin dezakete teknikariek, edota gizarte mugimenduek, eta kontzientziatu eta aktibatu ditzakegu euskaldunak, euskaraz bizitzea zergatik den garrantzitsua nabarmenduz, baina alferrik ariko gara, multzo horretatik kanpo daudenek hau guztia ulertzen ez badute. Gure hizkuntza, gure kultura eta gure eguneroko mundua arrotza bazaie. Elkarrekin bizi bagara, baina elkarri begiratzeko bitartekorik jartzen ez badugu. Eta elkarri begiratzeko, euskaraz garela nabarmentzeko, bitartekoak behar dira. Dirua behar da. Erabaki estrategikoak behar dira.

Hau ez baita hizkuntza bat biziberritzea soilik. Hau ez da herritar batzuk ahalduntzea soilik. Hau herri baten izaera erdigunean jartzea da. Herri bati bizitzeko arnasa ematea ala ez ematea da. Estatu politika da. Eta hori ez da katalogo batean, jardunaldi batzuetan, edota herritarren kontzientziazioan eragiteko zerbitzuetan kabitzen. Hori, hartu beharreko erabaki politikoa da, euskaratik eta euskaraz sortzen dugun mundua sendoa izan dadin, herritar kontzienteak ez ezik, herritar kontzientziagabeak ere erakartzeko gai izango dena.


Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.