Hasiera » zerbitzuak » Motibazio tailerra sortu du UEMAk, erdararako joera duten herritarrentzat

Motibazio tailerra sortu du UEMAk, erdararako joera duten herritarrentzat

Herritarrak kontzientziatzeko ildoaren baitan, motibazio tailerra sortu du UEMAk, hainbat arrazoirengatik eguneroko bizimoduan erdararako joera duten herritarrentzat zein hizkuntzari buruzko kontzientzia berezirik ez duten herritarrentzat. Larunbat honetan eman zuten tailerra lehen aldiz UEMAko teknikariek Mallabian, bertako Udalak eta UEMAk antolatuta.
 
UEMAko teknikari Goizane Aranaren hitzetan, tailer berri honek helburu argia du: “Herritarrek hizkuntza praktikez hausnartzea eta horren kontzientzia hartzea. Azken batean, bakoitzak eguneroko bizitzan euskararen alde egiteko eta hizkuntza ohiturak aldatzeko zer egin dezakeen hausnartzea”.

Tailer berria, bereziki, eguneroko bizimoduan erdararako joera duten herritarrentzat landu du UEMAk, eta interes talde ezberdinei zuzendu dakieke tailerra. Guraso taldeei, edo herriko talde eta elkarteei, esaterako. Hizkuntzarekiko aparteko kontzientziarik ez duten herritarrak izanik hartzaile nagusiak, horiek tailerrera joatea ez da erraza. Horregatik, “oso garrantzitsua da udalak edo tailerra antolatzen duenak aldez aurretik ondo lantzea gaia. Mallabian, esaterako, gonbidapen pertsonalak bidali dituzte, jendeari deitu eta zuzenean hitz egin dute herritarrekin, eta horrek eragin zuzena izan du jasotako erantzunean: larunbat goizean, 1.200 biztanleko herri batean, 20 lagun inguruk hartu zuten parte”.

Eduki teorikoak landu arren, ariketa praktikoak

UEMAko bi teknikarik gidatzen duten tailer honetan eduki teorikoak ere lantzen diren arren, batez ere ariketa praktikoek dute pisu handiena bi orduko saioan.

Eduki teorikoetan, batez ere honakoak lantzen dituzte tailerraren hasieran: arnasguneen kontzeptua, udalerri euskaldunetako datuak eta herriko datu soziolinguistikoak, korronte nagusiek duten indarra korronte txikien aurrean, faktore sozioekonomikoek hizkuntzarengan duten eragina, eta hizkuntza ekologiaren inguruko edukiak (hizkuntzen balio unibertsala, hiztunen arteko errespetua, demokrazia, hizkuntza aniztasuna, eta antzekoak).

Tailerraren mamia eta hizkuntza ohiturei buruzko hausnarketa, dena dela, dinamika parte-hartzaileen eta ariketa praktikoen bidez lantzen dute. UEMAko teknikarien hitzetan, “bidaia moduko bat prestatzea eskatzen diegu parte hartzaileei. Motxila prestatu, nora joan nahi duten pentsatu, eta antzekoak. Bidaia horretan, hainbat ariketa eginarazten dizkiegu, eta horrela bakoitzak euskararekin duen lotura zein den ezagutzen joaten gara”. Azken batean, euskaraz ez egiteko dituzten arrazoei buruz hausnartzen dute tailerrean parte hartzen dutenek, termometroekin, bidaia txartelekin eta antzeko dinamikekin, “azkenean bakoitza non dagoen eta nora heldu nahiko lukeen pentsatzeko”.

Lehen saioaren balorazio oso positiboa egin dute UEMAko teknikariek, “bai Mallabiko Udalak tailerra arrakastatsua izan dadin egin duen lanketagatik, eta baita parte hartzaileek erakutsitako jarregatik ere”.
Hemendik aurrera, UEMAk eskaintzen dituen gainerako tailerrekin batera izango dute udalek motibazio tailerra ere, UEMAren zerbitzuen baitan, eta nahi duten udalek izango dute tailer hau eskatzeko eta eskaintzeko aukera.

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.