Urtarrilaren 14an Larrabetzun egindako batzar nagusian, UEMAra batu ziren bost udal berri: Ataun, Areatza, Errezil, Larrabetzu eta Mendaro. Udal berrien izenean, batzar nagusian hitza hartu zuten Ataungo eta Areatzako euskara zinegotziek. Honakoa da, zehazki, Ataungo euskara zinegotzi Karmele Aierbek esandakoa:
“Ohore bat da bai pertsonalki eta bai ataundarron izenean, gaur hemen, UEMAko batzarrean parte hartzea eta Ataungo herria, urteetan euskaraz ari zareten udalerriekin batera aritzeko, UEMAko kide onartzea.
Bejondeizuela! UEMAko kide zareten guztioi! Euskararen normalizazioari ekarpen bikaina eginez segitzen duzue. Euskaldunon komunitatea bildu eta trinkotzen egindako lana handia da. Izan ere, euskarak aurrera egingo badu eta bere geroa ziurtatu nahi badugu, irmotasunez jokatzea dagokigu eta euskararen arnasguneak bildu behar ditugu, handitu eta trinkotu. Euskaratik eta euskaraz bizitzeko, bildu behar gara.
Euskara da gure territorio libre bakarra adierazi zuen Sarrik duela urte asko. Zoritxarrez, XXI. mendean ondo sarturik gaudenean, esaldiaren esanahiak bere zentzu osoa mantentzen jarraitzen du. Egun, euskara hizkuntza indarberritua dugu, hiztunak eta funtzioak irabazi dituen hizkuntza dugu. Baina ez da nahikoa. Euskararen etorkizuna mehatxatzen duten laino beltzek ortzemugan jarraitzen dute gure eskubideak urratzen.
Euskararen berreskurapenean eta normalizazioan jauzi berria emateko garaia da.
Euskal Herriaren berreuskalduntze osora hurbilduko gaituen behin betiko bultzada eman dezagun. Herritarrekin eta erakunde desberdin guztiekin batera, elkarlanean, auzolanean, arduraz jokatzea dagokigu inoren zain egon gabe. Euskaraz gara eta izango gara!
Izan ere,
euskararik gabe Euskal Herririk ez! Euskal Herririk gabe euskararik ez!”.