Larrabetzuko alkate Iñigo Gazteluk gaurko prentsaurreko agerraldian irakurritako testua da honakoa:
“Euskara hizkuntza erabilia eta bizia izatea: horra gure helburua. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen duen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten digun helburua: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei, eta abarri. Gustuko dugun helburua da, gustura hartzen dugun konpromisoa.
Eta Larrabetzuk konpromiso hori berresteko aukera du Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean sartuta. Indartsuago ekingo baitiogu helburuari, antzeko zailtasun eta eragozpenak dituzten herrien artean. Nabaritu ere guztietan nabaritzen baitugu erabilerak beheranzko joera hartu duela, eta ziztuan doala maldan behera. Herrien elkarketa horretan, beraz, zenbat eta gehiago izan, are indartsuago izango da guztion erantzuna.
Baina UEMAn sartzeko beharra ez eze, harrotasuna ere adierazi behar dugu, larrabetzuarron %70 baino gehigo delako hizkuntzaren jabe oraindik, euskerak arnasa hartzen baitu gure artean, eta behiala eduki duen bizitasun eta erabileratik gertuago gaudelako. Euskararen arnasgunea gara, Euskal Herriko beste 155 herri legez; denetariko herriak. Batzuk dezente handiak, Zarautz Tolosa edo Bermeo kasu; beste batzuk, gurearen tamainatik hurbilagokoak: Muxika, Gatika, Atxondo, berbarako. Guztion babesa, guztion beharra eta guztion interesa elkartuta sendoagoa da gure hizkuntza.
UEMAk Larrabetzu Euskal Herriarekin lotzen du lehen baino estuago, euskaraz bizi gura duten beste hamarnaka herri eta milaka herritarrekin batera, Herri oso batek bere hizkuntzaren berreskurapenaren alde egiten ari den lanean protagonista bihurtzen gaitu, UEMAko kide izateak etenbarik gogoraraziko digulako euskararen biziraupena larrabetzuarron esku ere badagoela. UEMAko kide izanda, inoiz baino euskararen herritarrago gara”.
Iñigo Gaztelu Bilbao
Larrabetzuko alkatea