Hasiera » iritzia » “Aurten eman diren pauso sendoek balio dezatela urte berrian bide berriak jorratzeko”

“Aurten eman diren pauso sendoek balio dezatela urte berrian bide berriak jorratzeko”

UEMAko lehendakari Josu Labakaren kolaborazioa, Info7 irratiko Gureaz Blai saioan (2016-12-20).

Audioa hemen entzungai: Josu Labaka, Info7 irratia, Gureaz Blai.

“Aurten eman diren pauso sendoek balio dezatela sekula gehiago atzerantz ez egiteko, eta urte berrian bide berriak jorratzeko”.

Urtearen amaiera sasoi aproposa izaten da atzera begiratzeko, egindakoez akordatzeko, balantzea egiteko, eta urte berrirako asmoak eta helburuak zehazteko. Horrelakoetan konturatzen gara, zenbaterainokoa izan den egindako bidea, batzuetan ia oharkabean baldin bada ere, urratsez urrats aurrerantz ari baikara.

Euskarari dagokionez, eta udalerri euskaldunen leihotik begiratuta, 2016 hau ez da nolanahikoa izan. UEMAk 25 urte bete zituen maiatzean, eta herri hau euskaratik eta euskaraz eraiki daitekeela, eta herri honetan euskaratik eta euskaraz bizi daitekeela gogoratu genuen. 72 udalekin hasi zuen urtea UEMAk, eta 81 izango dira urtarrilean batzar nagusia egiten dugunean. Udalerri euskaldunen lurgunea zabaltzen ari da, beraz.

 Lurgune hori zabaltzearekin batera, lurgune hori babesteko, eta bere ezaugarri nagusienari eusteko ezinbestekoak diren neurriak aldarrikatu ditugu urte askoan. Bada, aurten, lehen aldiz, neurri horiek lege izaera ere hartu dute. Eusko Legebiltzarrak onartutako Udal Legeak, esaterako, hainbat ate zabalik utzi ditu euskararen aldeko politika ausartak egiteko. Hirigintza proiektuek euskararengan izango duten eragin linguistikoa neurtu egin beharko da aurrerantzean, behar izango balitz neurri zuzentzaileak hartzeko. Legeak atea zabalduta, borondate politikoa behar da orain legea betetzeko.

 Udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, urte honetan, UEMAren hezkuntza proiektua ere abiarazi dugu, DBHko eta Batxilergoko 4.000 ikaslerengana iritsiz. Herritarrak kontzientziatzeko ahalegin horren baitan, haur eta helduek batera lantzeko tailer berria ere hasi gara ematen, eta haur hezkuntzako liburuak eta unitate didaktikoak ere aurkeztu berri ditugu.

 Lanak ez du etenik, egia esan, oraindik ere egoerak lan asko egitea eskatzen baitu. Osasungintzan, esaterako. Aurten ezagutarazi ditugun datuek ez baitigute lasaitasun askorik ematen. Udalerri euskaldunetako osasun-etxeetan, familia medikuen laurdenak eta pediatren herenak ez baitira gai euskaraz aritzeko. Horren aurrean, eskua luzatu diogu berriro ere dagokionari, elkarlanean egoera iraultzeko, eta udalerri euskaldunetako herritarren eskubideak bermatzeko. Elkarlanak, gure ustez, egun zehatz batzuetako argazki puntual batzuk baino askoz sendoagoa eta seriogoa behar baitu. Arazoei aurre egiteko, eta euskararen aldeko benetako politika ausartak eta aurrerakoiak sustatzeko, adibidez.

Erakunde batzuen artean sumatzen da horretarako gogoa eta borondatea. Luzatuta dauden eskuak elkartzea izango da, beraz, urte berrirako erronketako bat.

 Urtearen amaieran heldu zaigun Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak ere ate asko zabal ditzake. Behar bezalako etekina ateratzeko lanean segitzea dagokigu orain.

 ‘Astiro goaz, urrun goazelako’, entzun izan diegu adiskide kataluniarrei azken hilabeteotan, eta euskara kontuetan ere antzeko zerbait esan daiteke urte honetan egindakoa ikustean. Pauso sendoak eman dira aurten, eta gainera bide zuzenean horietako batzuk. Balio dezatela sekula gehiago atzerantz ez egiteko, eta urte berrian bide berriak jorratzeko.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.