Hasiera » argitalpenak » Lau liburu, haur hezkuntzan euskararen arnasguneen garrantzia lantzeko

Lau liburu, haur hezkuntzan euskararen arnasguneen garrantzia lantzeko

Euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua Haur Hezkuntzara ere zabalduko du UEMAk urte berriarekin batera. Horretarako, Miren Amurizak idatzi eta Katxiporreta kooperatibarekin elkarlanean landutako lau liburu berri erabiliko ditu, haurrak euskararen garrantziaz ohartu daitezen. Liburu bakoitzak gida didaktikoa ere izango du. Gaur aurkeztu dituzte liburuak, hedabideen aurrean, Donostiako Elkar aretoan.

Herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan, euskararen garrantziaz eta hizkuntza ekologiaren kontzeptuaz jabetu daitezen. Horren baitan, ikasturte honetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan ari dira lanean UEMAko teknikariak, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektuarekin. Ekimen honek duen garrantziaz ohartuta, izan duen erantzuna ikusita, eta batetik eta bestetik heldu diren eskaerei erantzuteko, orain, haur
hezkuntzara ere zabalduko du proiektua UEMAk.

Horretarako, elkarlanean aritu da Katxiporreta kooperatibarekin eta Miren Amuriza bertsolari eta irakaslearekin. Euskara bilduma berria abiarazi dute Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak, Amurizak idatzitako lau liburuekin. Liburu horien edukia idazteko UEMAren lana eta aholkularitza kontuan izan du Amurizak, eta UEMAk unitate didaktikoak prestatu ditu liburu bakoitzaren inguruan, urtarriletik aurrera eskoletan lantzen hasteko.

Euskara da lau liburuen gaia, baina bakoitzak arlo ezberdin batetik jorratzen du.


[ Liburuak aurkezteko prentsaurreko agerraldi osoa, audioan].

EUSKARA BILDUMA

Izenburua: Porrotx. Hizkuntzaren arnasa.
Idazlea: Miren Amuriza.
Argitaratzaileak: Katxiporreta, Elkar.
Haur Hezkuntzarako unitate didaktikoa: UEMA.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Porrotxen herrian euskaraz bizi eta mintzo dira denak, zahar zein gazteenak. Etxean, eskolan, parkean, frontoian eta abar.  Porrotxek ere euskaraz egiten die denei. Hirira joaten denean, ordea, ohartzen da beste ahots eta hizkuntzak ere badirela. Badirela euskara hain ohikoa ez den lekuak ere.

Udalerri euskaldunen eta euskararen arnasguneen garrantzia nabarmendu nahi du liburu honek. Gida didaktikoarekin, hizkuntza ekologiaren ikuspegia landuko da, balio handiko gune naturalak zaintzea ohikoa den bezala, hizkuntzaren gune naturalak ere zaintzeko beharra erakusteko.

 

Izenburua: Marimotots. Euskara ikasten.
Idazlea: Miren Amuriza.
Argitaratzaileak: Katxiporreta, Elkar.
Haur Hezkuntzarako unitate didaktikoa: UEMA.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Marimotots Extremaduran jaio zen, eta gazteleraz mintzo zen han. Haurra zenean heldu zen Euskal Herrira, baina bertako hizkuntza ezagutu gabe, ez zituen ulertzen kontu asko, eta arraro sentitzen zen. Astiro-astiro, ordea, euskarazko hitzak ikasten hasi zen, bizikletaz ibiltzen bezala, lagunei jarraika, azkenean egun batean euskaraz amets egitea lortu arte. Euskalduntzean eta bertako hizkuntza ikastean zabaltzen den mundu berria erakusten du liburuak.

 

Izenburua: Pirritx. Hizkuntza zer ote?
Idazlea: Miren Amuriza.
Argitaratzaileak: Katxiporreta, Elkar.
Haur Hezkuntzarako unitate didaktikoa: UEMA.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Euskaldun petoa ez ezik, euskaldun kontzientea ere bada Pirritx. Euskara munduari begiratzeko leihoa dela dakiena. Bereizten gaituena. “Hizkuntza dira betaurreko ikusezinak, munduari begiratzeko zeuen neurrira eginak”. Horren jakitun, hizkuntza zaindu nahi du, altxorra delakoan.
  
Hizkuntza bakoitzak, bere berezitasunetik, aniztasunari egiten dioen ekarpena lantzen da liburuaren osagarri den unitate didaktikoan.

 

Izenburua: Pupu eta Lore. Ikusi-makusi.
Idazlea: Miren Amuriza.
Argitaratzaileak: Katxiporreta, Elkar.
Haur Hezkuntzarako unitate didaktikoa: UEMA.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Pupu eta Lore haurrak dira, eta euskara dute ama-hizkuntza. Hizkuntzaren doinua jaso zuten txiki-txikitan,
erdi lo zeudenean Pirritxen tripan. Transmisioaren garrantziaz oharrazi nahi duen liburua da Euskara bildumako laugarren hau. Unitate didaktikoarekin, txiki-txikitandik etxean euskara entzute  eta gurasoengandik euskara jasotzea zein garrantzitsua den ikusaraziko da, azken azterketa soziolinguistikoen arabera erabilerak batez ere helduen artean behera egin duela ohartuta.

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.