Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen Areatzako Udalak pasa den abenduaren 1ean egindako udal osoko bilkuran. Udal Gobernua osatzen duten EH Bilduko bost zinegotzien aldeko botoarekin, eta EAJko lau zinegotzien abstentzioarekin hartu zuten erabakia.
Areatzako Udalaren erabakia, azken asteotan heldu diren beste lau udalenen ondotik dator. Zehazki, Mendaro, Ataun, Errezil eta Larrabetzuko udalek ere azken udal osoko bilkuretan erabaki dute UEMAko kide izateko eskaera egitea.
UEMAk urtarrilaren 14an Larrabetzun egingo duen batzar nagusian onartu beharko ditu herri berrien eskaerak, eta behin hauek onartuta, 81 herri izango lirateke Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Guztien artean, 240.000 biztanleko lurgunea osatuko lukete.
Areatza, Bizkaiko Arratia eskualdean dagoen udalerri euskalduna da. 1.195 biztanle ditu, eta horietatik %71 da euskalduna. Euskararen erabilerari dagokionez, ordea, indizeak hamar puntu baino gehiago egiten du behera, eta horrekin kezkatuta ageri da udala.
Yazmina Beobide Euskara zinegotziaren arabera, bi arrazoi nagusitan oinarrituta hartu dute UEMAra sartzeko erabakia. Batetik, euskararen erabilera datuek sortutako kezka nabarmendu du. “Datuak kezkatzekoak dira, eta UEMAren laguntzarekin euskararen aldeko jarrerak indartu eta egoerari buelta ematen ahalegindu nahi dugu”. Bestetik, arreta hizkuntza eskubideetan jarri nahi izan du: “euskaraz egin nahi duten herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea dagokigu erakunde publikooi, eta horretan UEMAren eta UEMAko teknikarien laguntza ondo etorriko zaigu”.