Hasiera » iritzia » Josu Labakaren iritzi artikulua, Euskararen Egunaren harira: ‘Botila hautsi baino lehen’

Josu Labakaren iritzi artikulua, Euskararen Egunaren harira: ‘Botila hautsi baino lehen’

UEMAko lehendakari Josu Labakaren iritzi artikulua da honakoa, 2016ko Euskararen Egunaren harira hainbat erakunde publikok, euskalgintzako zenbait eragilek eta herritar ugarik sinatutako adierazpenaren inguruan:

BOTILA HAUTSI BAINO LEHEN

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik beti aipatu izan dugu euskara batzen gaituen zubia dela. Ikasten eta hitz egiten den hizkuntza bakoitza baita zubia. Ikasten eta hitz egiten ez den hizkuntza bakoitza amildegia den era berean. Are gehiago, hizkuntza bat baino gehiago ofiziala den lurraldean.

Euskaraz gara, esaten dugu udalerri euskaldunok. Zerbait bagara eta izango baldin bagara, euskaraz garela eta izango garela gogoratuz. Euskara da gure marka. Euskara da gure kolorea. Euskara da bereizten gaituena. Euskara da munduari begiratzeko daukagun leihoa, eta munduari egiten diogun ekarpena. Munduari gure hitzetik ematen diogun argia.

Horregatik, ederra da aurten inoiz baino eragile gehiagok bat egin izana Euskararen Egunaren inguruko adierazpenarekin, bai EAEn eta baita Nafarroan ere. Ederra da euskara batzen gaituen zubia dela gogoraraztea eta, beraz, euskara lau haizetara zabaltzeko askotariko erakunde publikoak eta euskalgintzako eragile asko batera agertzea, denok euskararen alde.

Udalerri Euskaldunon Mankomunitatetik, ordea, gogoratu egin nahi dugu erakunde publikook ere dugun ardura euskararen normalizazioan eta biziberritzean. Euskaraz egin nahi eta ezin bada, ez baitago normalizaziorik, ez inolako biziberritzerik. Eta euskaraz egin nahi eta egin ahal izateko, baldintza egokiak sortu behar ditugu.

Izan ere, euskara zabaltzearen eta biziberritzearen erantzukizuna ezin da jarri herritarren borondatean soilik. Ez da naturalki euskaraz aritzen diren euskaldunen ardura. Erakunde publikook ardura handia dugu. Baita ordezkari politikook ere. Herritarrek hautatutako ordezkariak gara eta, beraz, eredu izatea dagokigu. Gaur guk egiten dugun hizkuntza politikaren araberakoa izango da bihar herri hau. Argi daukagu: zer-nolako hizkuntza politika, halako etorkizuna, eta halako herria. Izan ere, eskaintzen dugun edozein zerbitzuren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu.

UEMAko udalerriek baldintza bereziak dituzte, gainera: herritarren %70k baino gehiagok daki euskaraz. Horregatik sinesten dugu bide-urratzaileak izan behar dugula euskararen normalizazioan, eta beharrezkoa dela gure herrietan neurri aurrerakoiak eta ausartak hartzea, esparru guztietan, salbuespenik gabe.  Euskararen normalizazioari beste bultzada bat emateko garaia dela irizten diogu, behingoz benetako erabakiak eta neurriak hartuta. UEMAk eta UEMAko udalek ahalegin handia egin dugu herri euskaldunetako udalek euskaraz funtziona dezaten. Gainerako erakunde publikoei ere ahalegin berbera eskatzen diegu. Ez da borondate kontua, gainera. Betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra, euskararen normalizazioa eta biziberritzea, behingoz, benetakoa izan dadin.

Herritar arruntari, eskertu besterik ezin diogu egin euskarak iraun dezan eta zabal dadin urte askoan egindako ahalegina. Honaino iritsi baldin bagara, euskarari eusteko gizarte eragileek eta milaka eta milaka herritarrek egindako lanari eta erakutsitako grinari esker iritsi baikara. Hori guztia bideratzea eta herritarrei euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatzea dagokigu erakunde publikooi, luzapenik gabe. Herritar gehiegik gehiegitan sentitu baitu erakunde publikoek ez diotela bermatzen aspaldidanik ofiziala den hizkuntzan aritzea. Euskarak azken hamarkada hauetan irabazi dituen hiztunak eta esparruak aipatzen dituztenean batzuek, beraz, ulergarria da beste askoren haserrea eta etsipena, oraindik egiteke dagoen bide luzeaz ohartuta.

Botila erdi hutsik dago, baina baita erdi beteta ere. Edo botila erdi beteta dago, baina baita erdi hutsik ere. Berdin dio. Botila nola dagoen eztabaidatzen eman dezakegu denbora, edo botilari heldu eta iturrirako bidea egin, batera, erori eta botila hautsi baino lehen.

Aurten, Euskararen Nazioarteko Egunean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak bat egin hainbat erakunde publikok sinatutako adierazpenarekin, botila erdi beteta dagoela esanez, eta elkarrekin agertu gara, botilari helduta. Ez dadila argazki hutsa izan. Badakigu zer egin dezakegun erakunde publikook euskararen alde: goazen botila behingoz betetzera. Egarri diren herritarrek eskertuko digute.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.