Hasiera » euskalduntzea » Doakotasunarekin %57,8 egin du gora ikasle kopuruak Bortzirietako euskaltegietan

Doakotasunarekin %57,8 egin du gora ikasle kopuruak Bortzirietako euskaltegietan

Irailaren hasieran, euskaltegietako matrikulazio kanpainarekin bat eginez, Euskarara doan bidea! kanpaina abiarazi zuen Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, euskara ikastea doan eskainiz. Orain, kanpainaren emaitza aztertuta, balorazioa egin dute. Datua nabarmena da: doakotasunarekin, %57,8 egin du gora ikasle kopuruak ikasturte honetan Bortzirietako euskaltegietan. Doakotasunaren aldeko urratsa egin duten beste zenbait herritan ere datuak esanguratsuak dira. Iaz, esaterako, Orioko euskaltegian laukoiztu egin zen ikasle kopurua.


[Testua eta iturria: Bortzirietako Euskara Mankomunitatea].

2013an ehun lagunetik gora gogoeta prozesu batean parte hartu zuten Bortzirietan; hurrengo urteotarako euskararentzako erronkak eta lehentasunak zehazteko. Herritarren euskalduntzeari eta alfabetatzeari zegokionez, helburu hau adostu zen bertzek bertze: 2) euskalduntze-alfabetatzea unibertsalizatzea, prestigiatzea eta zabaltzea. 2016ko ekintza planea, berriz, euskara ikasteko diru laguntza politika berraztertzea eta euskara ikastea doakoa izan zedin bideak urratzea aurreikusi zen.

Plan estrategikoan jasotako helburuari eta filosofiari leial, urrats erabakigarria egin du mankomunitateak euskara ikasteko eskubidea herritar guztien eskura egoteko eta unibertsala izateko; 2016-2017 ikasturtetik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan.

Mankomunitateak, bere gain hartzen du euskara ikasteko eskubide hori herritar guztien eskura egoteko ardura, betiere, ikasleek hainbat baldintza betetzen badituzte. Hala, eta zentzuzkoa den eran, gutxieneko bertaratze eta aprobetxamendu maila egiaztatu beharko dute, eta euskaltegia bera arduratuko da horren jarraipena egiteaz.

2016-2017 IKASTURTEKO MATRIKULAZIOAREN BALORAZIOA

Ikasturte berria hasi da euskaltegian eta ikasle kopuruak nabarmen egin du goiti. Guztira 70 ikaslek eman dute izena euskaltegian eta iaz 45 ikasle izan ziren. Beraz, 25 ikasle gehiago izanen dira ikasturte honetan. Hazkundea ez da nolanahikoa, %57,8koa hain zuzen ere. Igoera gehien bat lehenbiziko urratsean sumatu da, non 21 ikasle berri izanen baitiren.

Euskara debalde ikasteko mankomunitateak 67 eskaera jaso du eta dagoeneko finantzaketaren lehenbiziko zatia ordaindu zaie eskatzaileei. Orain erronka da ikasleen asistentziaren eta ikasketa prozesuaren jarraipen egokia egitea da. Horretarako jarraipen lan taldea eratu dute euskaltegiko irakasleek eta euskara teknikariak.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· ‘Euskarara doan bidea!’ kanpaina abiarazi dute Bortzirietan, euskara ikastea doan eskainiz (uema.eus, 2016-09-15).
· Ikasturte honetatik aurrera euskara ikastea debalde izanen da Bortzirietan (argia.eus, 2016-09-14).
· Doakotasunerako urratsa egin eta ikasleak laukoiztu egin dira Orioko euskaltegietan (uema.eus, 2015-10-08).
· Euskalduntzea doan eskaintzea gero eta emaitza hobeak ematen ari da Azpeitian ere (uema.eus, 2015-11-06).
· Euskara ikastea debalde Bortzirietan: aukera ezinhobea (bortziriak.eus).
· Euskara ikasleentzako diru-laguntza deialdia 2016-2017 (bortziriak.eus).
· Animatu euskara ikasi eta hobetzera debalde, aukera polita duzu! (bortziriak.eus).
· Ikasturte honetan euskara ikastea debalde Bortzirietan (bortziriak.eus).
· Kolonbiatik ere euskara ikasteko gonbita (bortziriak.eus).
· “Herritarrak euskalduntzearen zama ekonomikoa ezin dugu udalen gain utzi” (uema.eus, 2015-10-27).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.