Hasiera » udalak » Errezilgo Udalak ere UEMAn sartzea eskatu du

Errezilgo Udalak ere UEMAn sartzea eskatu du

Azken egunotan Mendaroko eta Ataungo udalek hartutako erabaki berdina hartu zuen atzo ilunabarrean Errezilgo Udalak ere: Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea. Zinegotzi guztien aldeko botoekin hartu zuten erabakia atzoko udal osoko bilkuran, eta UEMAren batzar nagusiak onartu beharko du orain eskaera. Urtarrilean egitea aurreikusten den batzar horretan eskaera onartu ondoren, UEMAko 79. udalerria izango litzateke Errezil.

Duela 25 urte Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortu zuten herrietako bat izan zen Errezil, baina 1990eko hamarkadaren amaieran mankomunitatea uztea erabaki zuen orduko Udal Gobernuak, EAJren gidaritzapean, “diru arazoengatik”. Errezilgo Udalak gaurko Urola Kostako HITZA egunkariari egindako adierazpenetan nabarmendu duenez, “geroztik, gure egoera ekonomikoa medio, ezin izan diogu gaiari heldu, baina bilatu dugu formula orain. Gainera, arnasgune izaerako herri askotan gertatzen dena gertatzen zaigu guri ere: euskaldunak garela eta ustez euskaraz funtzionatzen dugula, beraz, ez diogula arretarik jartzen euskara zaintzeari. Baina seguru txikikeria askotan egin dezakegula zerbait, eta UEMAk eskain dezakeen laguntza teknikoa erabakigarria izango da horretarako”.

Errezil Urola Kosta eskualdean kokatuta dagoen Gipuzkoako herria da, eta 600 biztanle ditu. 2015eko udal hauteskundeetan EH Bilduren hautagaitza soilik aurkeztu zen, eta harrezkero koalizio abertzaleari dagozkio udalbatzarra osatzen duten zazpi zinegotziak. Biztanle kopuruaren arabera, ordezkari bat dagokio UEMAren batzar nagusian, eta ordezkari hau Nekane Zinkunegi zinegotzia izatea onartu zuen atzoko udal osoko bilkurak.

Gaur egun 76 udal dira UEMAko kide. UEMAren batzar nagusiak Mendaro, Ataun eta Errezilgo udalen eskaerak onartzean, 79 udal izango lirateke. Hurrengo egunotan, gainera, Larrabetzuko Udalak ere UEMAra sartzea aztergai izango du udal osoko bilkuran.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
ยท Errezilgo Udalak berriro ere UEMAn sartzea erabaki du (Urola Kostako Hitza, 2016-11-09).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.