Hasiera » hizkuntza politika » “Zertarako dira euskararen aldeko kanpaina guztiak, eredu izan behar duenak eta herritarrei euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatu behar dienak huts egiten baldin badu?”

“Zertarako dira euskararen aldeko kanpaina guztiak, eredu izan behar duenak eta herritarrei euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatu behar dienak huts egiten baldin badu?”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur solasean. Pasa den astean UEMAk jakinarazi zituen datuei buruz aritu da: UEMAko herrietan, familia medikuen laurdenak eta pediatren herenak ez dira gai euskaraz aritzeko. Horren aurrean, euskararen aldeko kanpaina guztiak zertarako diren galdetu du, gero eredu izan behar duenak eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatu behar dituenak huts egingo baldin badu.

Hemen entzun daiteke audioa, Info7 irratiaren webgunean:
· Josu Labaka, UEMAko lehendakaria: Gureaz Blai, 2016-10-21.

Honakoa da, berriz, Josu Labakaren hitzen transkripzioa:

Gaur astebete agerraldi esanguratsua egin genuen Udalerri Euskaldunon Mankomunitatearen izenean, eta UEMAko kide diren herrietako hainbat alkate eta zinegotzi izan genituen ondoan, esan genuena babesteko eta berresteko. Mezua, argia zen: UEMAko herrietan, osasungintza publikoan, familia medikuen laurdena ez da gai euskaraz aritzeko, eta ezta pediatren herena ere.

UEMAko teknikariek herriz herri bildutako datuak dira. Osakidetzako eta Osasunbideko plantillak aztertu, hizkuntza eskakizunak begiratu, osasun-etxeetako arduradunekin hitz egin, euskara teknikariei galdetu, herrietako euskalgintzarekin eta herritarrekin kontrastatu, eta azkenean datu zehatzak ezagutarazi genituen pasa den astean: UEMAko herrietan, 233 familia eta larrialdi mediku daude, eta 53 ez dira gai euskaraz aritzeko. Pediatren kasuan, 56 daude, eta horietatik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko. Lautik bat, eta hirutik bat, alegia. Familia eta larrialdi medikuei eta pediatrei soilik erreparatu diegu, osasungintza publikoan oinarrizko zerbitzua horiek ematen dutelako bereziki, baina herrietan jakinarazi digute datuak kezkagarriagoak direla osasun-etxeetako espezialistei, erizainei eta gainerako langileei ere begira hasiz gero.

Irakurketa asko egin daitezke gaiaz, baina azken egunotan behin baino gehiagotan entzun duguna esanguratsua da: “udalerririk euskaldunenetan, euskararen arnasguneetan, UEMAko herrietan… egoera hau baldin bada, nolakoa izango da gainerakoetan, eta batez ere askoz erdaldunagoak diren herrietan!”.

Egia esan, lan asko egin den arren, eta aurrerapausoak eman diren arren, egoera oso kezkagarria da. Udalerri batzuetan, gainera, bereziki larria da egoera, mediku edo pediatra guztiak baitira euskaraz ez dakitenak. Honen aurrean, UEMAtik, beste behin ere eskua luzatu diegu gainerako erakunde publikoei, baina benetan, arduraz eta serio. Erakunde publikooi eredu izatea dagokigu herritarren aurrean, eta kasu honetan, UEMAk egundoko lana egin arren udalak eta udalerriak euskalduntzeko, gure esku ez dauden eremuetan lan asko dago egiteko oraindik. Gehiegi.

Zertarako dira euskararen aldeko kanpaina guztiak, gero, eredu izan behar duenak eta herritarrei euskaraz hitz egiteko eskubidea bermatu behar dienak huts egiten baldin badu?

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.