Hasiera » Administrazioa » “Euskal Herriko udalerririk euskaldunenetan 289 mediku eta pediatra daude, eta 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Lautik bat”

“Euskal Herriko udalerririk euskaldunenetan 289 mediku eta pediatra daude, eta 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. Lautik bat”

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko ordezkariek agerraldia egin dute gaur hedabideen aurrean, Donostian, UEMAko kide diren herrietako osasun-etxeetan euskararik ez dakiten mediku eta pediatren datuak emateko. UEMAko lehendakari Josu Labaka eta Etxarri-Aranazko alkate Eneka Maiz aritu dira solasean UEMAren izenean, eta ondoan izan dituzte gainerako hainbat zuzendaritza batzordekide, udalerri euskaldunetako hainbat alkate eta zinegotzirekin batera. Agerraldian izan dira Aramaio, Baztan, Berastegi, Dima, Leitza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo alkate edo zinegotziak.

Foto 2016-10-14 12 28 58

Josu Labakak datu esanguratsuak eman ditu: “Guztira, 289 pediatra, familia eta larrialdi mediku daude UEMAko herrietan, eta horietatik 73 ez dira gai euskaraz aritzeko. %25. Lautik bat, alegia. Familia eta larrialdi medikuen artean, 233tik 53 dira euskaraz aritzeko gai ez direnak: %22. Pediatren kasuan, berriz, 56tik 20 ez dira gai euskaraz aritzeko: %35″.

UEMAren lurgunea biztanleen %70a baino gehiago euskalduna duten Gipuzkoako 40 udalerrik, Bizkaiko 22k, Arabako batek eta Nafarroako 13k osatzen dute. Guztira 230.000 biztanle inguruko lurgunea da. Euskararen arnasguneak dira herri hauek, herririk euskaldunenak direlako eta euskaraz modu naturalean aritzen direlako bertako herritarrak.

Hala ere, urte askoan eman du UEMAk herritarrek medikuarekin euskaraz egiteko duten zailtasunen berri, eta aldaketak aldaketa, bere horretan irauten du arazoak. Hori dela-eta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zein Nafarroako osasun etxeetako profesionalen hizkuntza-gaitasunen azterketa egin du UEMAk. Horretarako, Osakidetzako zein Osasunbideko plantillak begiratu ditu, eta udalerriz udalerri hitz egin du euskara teknikari, politikari, anbulatorioetako langile eta herritarrekin.

Etxarri-Aranazko alkate eta UEMAko zuzendaritza batzordekide Eneka Maizek nabarmendu duenez, “2013an egin zuen honelako azken azterketa UEMAk, eta ordudanik osasun-etxe batzuetan egoerak hobera egin badu ere, beste batzuetan okerrera egin du edo bere horretan irauten du”.

Udalerri batzuetan, bereziki larria da egoera. Izan ere, sendagile edo pediatra guztiak dira euskaraz egiten ez dutenak. Horrek esan nahi du herri horietako bizilagunak behartuta daudela gaztelaniaz hitz egitera medikuarekin.

Nafarroaren kasuan, gobernuak eskualdez eskualde kokatzen ditu sendagile euskaldunak. Hori dela-eta, bizilagunak kexu dira, horrek ez duelako bermatzen beraien haurrek eta familiakoek sendagile euskalduna izatea. Horri gehitu behar zaio Nafarroako gobernuak 100 lanpostu berri inguru atera dituela lehiaketa publikora, eta haietatik hamabi soilik direla hizkuntza eskakizuna dutenak. Nafarroan, gainera, bereziki arazoa dute emakumeen arretarako zentroetan, emaginekin eta ginekologoekin. Zentro horietan ez dira inolaz ere errespetatzen herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak, eta behin baino gehiagotan eskaera zehatzak egin badira ere, ez da aurrerapausorik eman.

Foto 2016-10-14 12 25 43

Ordezkapenak eta joan-etorriak

Udako ordezkapenak egiterakoan, berriz, urtero bezala, euskaraz ez dakiten medikuak jarri dituzte zentro askotan, mediku euskaldunen ordez. Azpeitia, Aulesti eta Segurako udalek salatu zuten egoera, uda hasieran, baina dozenaka udaletan gertatu da.

Horren harira, eskaera zehatza egin du gaur UEMAk: “udalerri euskaldunetan egingo diren kontratazio berri guztietan, behintzat, profesional euskaldunak kontratatu daitezela”.

 Josu Labaka lehendakariak, datu zehatzak eman ondoren egin duen irakurketan nabarmendu duenez, “hobekuntzak izan badira ere, udalerri batzuetan egoera larria da oraindik. Hori dela-eta, beste behin, lankidetzarako proposamena egiten diogu Osakidetzari eta Osasunbideari, egoera hobetzeko urratsak egin ditzagun. Beste behin ere, bi erakunde horiei bideratu diegu dagoeneko datu hauei begira bilera bat egiteko eskaera”.

Beste administrazio publikoei eskaera

Labakaren hitzetan, “zerbitzuaren kalitatea eskasa izango da beti, herritarrak nahi duen hizkuntza ofiziala hautatzeko bermerik ez badu. UEMAko udalerriek baldintza bereziak dituzte, gainera, herritarren %70k baino gehiagok dakielako euskaraz. Horregatik sinisten dugu bide-urratzaileak izan behar dugula udalerri hauek euskararen normalizazioan, eta beharrezkoa dela gure herrietan neurri aurrerakoiak hartzea. Osasungintza, jakina, ez da salbuespena. Normalizazioari epea jartzeko ordua da, behingoz benetako erabakiak eta neurriak hartuta. UEMAk eta UEMAko udalek ahalegin handia egin dugu herri euskaldunetako udalek euskaraz funtziona dezaten. Euskararen arnasguneetan beren zerbitzuak eskaintzen dituzten gainerako administrazio publikoei ere ahalegin berbera eskatzen diegu. Ez da borondate kontua, gainera. Betebeharra baizik. Administrazio publikoak legez dauka zerbitzuak euskaraz eskaintzeko betebeharra”.

MATERIAL OSAGARRIA:
· Gaurko agerraldian UEMAko Josu Labakak eta Eneka Maizek esandakoa (PDFa).
· Taulak: datuak herriz herri (PDFa).

Gaurko agerraldiaren bideoa:

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Uemako kide diren herrietan, lau medikutik bat ez da gai euskaraz aritzeko (berria.eus, 2016-10-14).
· Udalerririk euskaldunenetan lau mediku eta pediatratik bat ez da euskaraz aritzeko gai (naiz.eus, 2016-10-14).
· UEMAko kide diren herrietako osasun etxeetako lau medikutik bat ez da gai euskaraz aritzeko (Europa Press, 2016-10-14).
· Bailaran ez dago bermatuta euskarazko osasun arreta (Urola Kostako Hitza, 2016-11-18).
· UEMAko herrietan mediku eta pediatra erdaldunak daudela salatu dute (Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza, 2016-11-03).
· UEMA: “Osasun arloko profesional berriak euskaldunak izan daitezela” (Tolosaldeko Ataria, 2016-11-03).
· Medikuen eta pediatren lautik bat ez da gai euskaraz egiteko (Argia, 2016-11-18).
· Anbulatorioan zerbitzua euskaraz kolokan (grafikoa, datu guztiekin) (Argia, 2016-11-18).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.