Hasiera » arnasguneak » Ia 4.000 ikaslerengana helduko da ikasturte honetan UEMAren hezkuntza proiektua

Ia 4.000 ikaslerengana helduko da ikasturte honetan UEMAren hezkuntza proiektua

oiartzun
[UEMAko teknikari Maddi Gallastegi, Oiartzunen, Elizalde Herri Eskolako, Haurtzaro Ikastolako, Ttur-tturr Euskara Elkarteko eta udaleko ordezkariei euskararen arnasguneei buruzko formazio tailerra ematen.
Argazkia: Oarsoaldeko Hitza].

UEMAren hezkuntza proiektuaren esperimentazio fasea amaituta eta ekarpenekin proiektua biribilduta, irailaz geroztik, UEMAko kide diren 76 udalerrietako dozenaka eta dozenaka eskoletan martxan da hezkuntza proiektu berria. Honekin, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzea da UEMAren asmoetako bat. 

Izan ere, udalak euskaldundu arren udalerriak erdalduntzen ari direla ohartuta, UEMAren ildo estrategikoetako bat da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea, arnasguneen garrantziaz ohar daitezen, hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egiteko. Aurreko ikasturtean, gai hau udalerri euskaldunetako eskoletan lantzeko egitasmoa prestatu eta proba moduan zenbait herritan abiarazi zuen UEMAk. DBHrako eta Batxilergorako materiala sortu zuen, eta Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu zuen, 400 ikasle ingururengana iritsiz.

Esperimentazio fasea bukatuta, apirilean aurkeztu zituen UEMAk emaitzak, irakasleekin, herrietako euskara teknikariekin eta hezkuntzako hainbat eragilerekin batera. UEMAko lehendakari Josu Labakaren hitzetan “udalak euskaldundu arren udalerri euskaldunak erdalduntzen ari direnez, herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea da UEMAren ildo estrategikoetako bat, eta hor kokatzen da hezkuntza proiektu hau, soziolinguistika edukiak ikastetxeetan eta curriculumean ere txertatzeko, modu integral eta iraunkorrean”. Esperimentazio faseak, proiektuak ikasleen eta irakasleen aldetik izandako harrera neurtzeko, eta proiektuaren indarguneak eta ahulguneak atzemateko balio izan zuen.

Honela, jasotako ekarpenekin proiektua hobetuta, zabalkunde faseari ekin diote teknikariek ikasturte berriarekin batera. Gaur egun, UEMAko kide diren 76 herrietan, HHko 90 zentro, LHko 87, DBHko 48, Batxilergoko 20 eta Lanbide Heziketako 13 daude eta, salbuespen bakanen bat kenduta, DBHko eta Batxilergoko eskola guztietan ari dira UEMAko teknikariak hezkuntza proiektua zabaltzen. Guztira, ia 4.000 ikaslek hartuko dute parte.

DBHn, zehazki, UEMAko teknikariak eskolaz eskola ari dira  irakasleak trebatzen, irailaren hasieraz geroztik. Irakasleek formakuntza saioa jasotzen dute, gero beraiek ikasturtean zehar ikasleekin garatu ahal izateko unitate didaktikoa. Formakuntza saio horietan bi kontu nabarmentzen zaizkie irakasleei. Batetik, UEMAren hezkuntza proiektua nondik sortu den eta zein beharrei erantzuten dien, arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia irakasleek zein ikasleek ulertu eta kontuan hartu dezaten. Bestetik, material didaktikoari buruzko azalpenak ematen zaizkie. 

Material didaktikoa DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat sortu du UEMAk. Maila bakoitzerako unitate didaktiko bat, zehazki. Unitate didaktiko bakoitzak sei jarduera biltzen ditu, eta jarduera bakoitza ordubetekoa da. Hizkuntza ekologia oinarritzat hartuta, elkarren artean lotuta dauden ideiak eta kontzeptuak lantzen dira, eta irakasleen zein ikasleen fitxez gain, material osagarria ere badu jarduera bakoitzak, eduki multimediarekin: mapak, PPTak, ikus-entzunezkoak eta abar.

Eskolaz eskola irakasleak trebatzen ari den Maddi Gallastegi teknikariaren hitzetan “irakasleak gustura agertu dira orain arte jasotakoarekin. Interes handia agertu dute gaiarekiko, eta beharrezkoa iruditu zaie udalerri euskaldunetako eskoletan gai hau lantzea. Kezka ere agertu dute jarduerak egutegi akademikoan sartzeko izan dezaketen zailtasunagatik, baina unitate didaktikoaren malgutasunagatik eskola bakoitzak bere egutegiaren arabera bideratzeko aukera izango du, eta horrek lasaitasuna ere eman die”.

Batxilerrean, berriz, UEMAko teknikariak zuzenean ari dira ikasleekin gai hau lantzen, ikasgela bakoitzean ordu eta erdiko bi saio eskainiz, beti ere eskolekin elkarlanean eta hauen beharren arabera koordinatuta. Pedagogia berritzailean oinarrituta, dinamika parte-hartzaile eta ludikoen bidez, arnasguneei buruz aritzen dira ikasleekin: euskararen arnasguneak zer diren, zer-nolako garrantzia duten hizkuntzaren biziberritzean eta normalizazioan, eta arnasguneen babesa eta zaintza zergatik den ezinbestekoa.

IMG_7029

UEMAren hezkuntza proiektu hau Xabi Aizpurua Ugartek diseinatu zuen. Soziolinguistika Klusterrak urtero antolatzen dituen Hausnartu sarietan gailendu zen 2015ean, Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia lanarekin, eta lan horretan oinarrituta prestatu zuen UEMA orain zabaltzen ari den hezkuntza proiektua.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Euskararen arnasguneen gaia ikasleekin lantzeko ikastaroa egin dute (Oarsoaldeko Hitza, 2016-09-16).
· UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen berria eta iraunkorra (uema.eus, 2016-04-13).
· Soziolinguistika ikasgeletan txertatuz (Urola Kostako Hitza, 2016-04-15).
· UEMAren hezkuntza proiektua, esperimentaziotik harago (zarauzkohitza.eus, 2016-04-13).
· UEMAren hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetarako ekarpen barria eta iraunkorra (bizkaie.eus, 2016-04-15).

· Xabi Aizpuruak jaso du Hausnartu Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin (uema.eus, 2016-01-29).
· Xabi Aizpurua: “Jarrerarekin diskurtsoekin baino gehiago erakutsiko diegu gazteei” (karkara.eus, 2015-12-03).
· “Euskara garraia dezaten ahaldundu behar dira ikasleak” (Berria, 2016-01-30).
· Euskararen arnasguneak bilatuz (Noticias de Gipuzkoa, 2016-02-12).
· Xabi Aizpuruarentzat 2015eko Hausnartu Soziolinguistika Saria, UEMAren hezkuntza proiektuari buruzko lanarekin (uema.eus, 2015-11-20).
· Euskararekiko pertzepzio soziolinguistikoa nola landu udalerri euskaldunetako ikasleekin: hizkuntza ekologia eta arnasguneen ideia (Bat, Soziolinguistika aldizkaria, 95. zenbakia. 2015/04).

 

 

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.