Hasiera » euskalduntzea » “Aurrekontuak prestatzeko garaia dator, eta erabaki ausartak behar ditugu euskara ikastea doan izan dadin”

“Aurrekontuak prestatzeko garaia dator, eta erabaki ausartak behar ditugu euskara ikastea doan izan dadin”

UEMAko lehendakari Josu Labaka Info7 irratiko Gureaz Blai saioan aritu da gaur eguerdian.
Hemen entzun daiteke esan duena.

Josu-info7

Hemen, berriz, testua:

Josu Labaka: “Aurrekontuak prestatzeko garaia dator, eta erabaki ausartak behar ditugu
euskara ikastea doan izan dadin”.

Gaur amaituko da EAEko hauteskunde kanpaina. Alderdi gehienek askorik aurreikusi gabe, gainera, inoiz baino presentzia gehiago izan du euskararen inguruko hizkuntza politikak. EAEko funtzionarioen hizkuntza eskakizunen harira PSE-EEk egindako bideoak, eta egun batzuk geroago PPk egindakoak hautsak harrotu dituzte, eta gaia kanpainaren erdigunean kokatu dute, euskara liskarrarekin lotuz beste behin ere, ederki diseinatutako komunikazio estrategia batekin. Ez gara bideoen nondik norakoez hasiko. Badakigu udalerri euskaldunenetan ere euskararen bilakaera beherantz doala, eta badakigu euskaraz bizi nahi dugunok bigarren mailako herritar sentitzea zer den ere, gehiegitan. Badakigu nor den baztertua administrazioan, osasun zerbitzuetan, epaitegietan, polizia etxeetan, ohiko jakinarazpenetan, eta antzekoetan. Elebakar erdaldunak ez behintzat.

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak herenegun bertan erakutsi zuen errealitatea zein den, hainbat eragileren babesarekin egindako agerraldian. Ez du misterio askorik ere: Euskararen Legea onartu eta 34 urtera, ez dago erabateko bermerik euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzeko. Herri ekimenari esker eta hainbat eragileren hizkuntza politika ausartari esker bide luzea egin da euskaraz bizitzeko, baina ez da nahikoa. Horregatik, gure eskubideak bermatzeko badela garaia aldarrikatu dugu egunotan. Euskararen normalizazioari epea jartzeko ordua heldu dela behingoz.

Horretarako, konpromisoak eta neurri zehatzak behar dira, udalerri euskaldunetan urte askoan hartu eta abiarazi ditugunak bezalakoak. Ezinbestekoa da, ordea, EAE osoan horietako asko ere martxan jartzea. Kontseiluak 13 proposamen zehatz egin ditu, eta asko Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean lantzen eta aldarrikatzen ari garenak dira: helduen euskalduntzea doan izatea, administrazioak herritarrei zerbitzu guztiak euskaraz eskaintzea behingoz, postu publikoetan euskaraz jakitea ezinbestekoa izatea, euskara sustatzeko aurrekontuak igotzea, hizkuntza politikak epe eta helburu zehatzak izatea, euskalgintzako eragileekin elkarlana iraunkorra izatea, eta udalerri euskaldunak edota euskararen arnasguneak babesteko berariazko lege bat onartzea.

Munduko gauzarik normalena dirudiena, ordea, batzuentzat arrotza da oraindik, eta horrek erakusten du euskaldunak zer garen oraindik ere, gehiegitan: bigarren mailako herritar. Horren aurrean, zain egon gabe, udalerri euskaldunetan ari gara dagoeneko hizkuntza politika aurrerakoiekin, udal eta eragile askorekin elkarlanean. Kasu askotan, gainera, emaitzak ez dira nolanahikoak. Azken urteotan, esaterako, egundoko indarra hartu euskaltegietako matrikulazio kanpainak, batez ere euskara ikastea doan eskaintzen duten udaletan. Bidea badagoela, egin daitekeela, eta eraginkorra dela erakusten ari gara. Doakotasunerako urratsa egin duten herrietan, laukoiztu ere egin dira matrikulazioak, Orion esaterako. Aurrekontuak prestatzeko garaia dator, eta ohi bezala udalerri euskaldunei eta erakunde publikoei erabaki ausartak hartzeko deia egiten diegu, euskara ikastea doan izan dadin, eta denon hizkuntza eskubideak bermatuko dituzten herritar eleanitzak izan ditzagun. Herritarrak eredu izaten ari dira. Erakunde publikooi ere erantzutea dagokigu. Batzuk udaletan ere ari gara horretan. Baina gorago ere jo behar dugu. Hizkuntza politika aurrerakoiagoa behar dugu behingoz. Eskubide kontua da. Bizikidetza kontua. Lanera, beraz.

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.