Hasiera » euskalduntzea » “Zerbitzua pazientearen hizkuntzan ematea da kalitatearen gakoa”

“Zerbitzua pazientearen hizkuntzan ematea da kalitatearen gakoa”

Etxarrin 2016-07-4[Juanlu Aranburu (Kontseilua), Aitor Montes (Aramaioko medikua), Jon Zarate (EHU), Paul Bilbao (Kontseilua), Gwerfyl Roberts, Eneka Maiz (Etxarri Aranazko alkatea eta UEMAko Zuzendaritza batzordeko kidea), Karlos Ibarguren (OEE), Garbiñe Elizegi (Baztango alkate ohia), Garbiñe Petriati (Behatokia) eta Ibon Aginaga (UEMA), atzo, Etxarri Aranazko udaletxean]. 

Osasungintzan hizkuntza gutxiagotuen lanketan erreferente esanguratsua da Gwerfyl Roberts galestarra, Bangor Unibertsitateko irakaslea. Egunotan gure artean da, EHUk gonbidatuta udako ikastaro bat ematera etorrita. Roberts Euskal Herrian dabilela jakinda, osasungintza euskalduntzeko lan taldeak atzo bilera egin zuen berarekin, Etxarri Aranatzen. 

Kontseiluak, Behatokiak, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta UEMAk osatzen duten lan taldeak, Gwerfyl Robertsi hemengo egoeraren berri emateko, eragile bakoitzak bere esparruan zer eta nola lantzen duen azaltzeko, eta esperientziak trukatzeko aukera izan zuten galestarrarekin, eta “bilera emankorra” izan zela nabarmendu dute parte-hartzaileek: “Robertsek Galeseko egoeraren berri eman eta bertan lantzen ari diren ekimenak nabarmendu zizkigun. Osasungintzari dagokionez, zehazki, hizkuntzaren gaian nola jokatzen duten eta zein tresna dituzten azaldu zigun”.

“Galestarrek konpromisoa dute galesarekin”.

Robertsen hitzetan, “zerbitzuaren kalitatea estuki lotuta dago zerbitzua pazientearen hizkuntzan ematearekin. Hori da kalitatezko zerbitzu baterako lehen gakoa. Azken batean, ezinbestekoa da, pazientearekiko gertutasuna lortzeko, eta lasaitasuna eta konfiantza hedatzeko kontsultan”.

 “More than just words” (Strategic Framework for Welsh, Language Services in Health, Social Services and Social Care) ekimena nabarmendu zuen galestarrak, osasun zerbitzua eskaintzen duen profesionala pazientearen hizkuntzan aritzearen garrantzia nabarmentzen eta bilatzen duen ekimena, zehazki. Horren nondik norakoak ezagutzeko eta osasungintzan pazientearen hizkuntza eskubideak bermatzeko ekimenei buruz aritzeko aukera izan zuten atzo Etxarri Aranatzen bildutako elkarte eta erakundeetako ordezkariek. 

Bileraren eta elkarlanean egin daitekeenaren garrantziaz ohartuta, harremanetan segitzeko eta elkarlanean egin daitekeena zehazteko konpromisoa hartu zuten alde guztiek.

Gai honi buruzko informazio osagarria:
· Gwerfyl Roberts: “Eriek hizkuntza gutxituan egitea onartu behar da” (Berria, 2016-07-06).
· Gwerfyl Roberts (bangor.ac.uk).
· Euskararekiko gizarte erantzukizuna akademiaren eta gizartearen kultura aldaketan (Udako Ikastaroak. uik.eus).

Etiketak:
Aurreko albistea
Hurrengo albistea

Honi buruz komunikazioa

Itzuli gora
Cookie-ak erabiltzen ditugu nabigazio esperientzia hobetzeko eta gure zerbitzuak eskaintzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu horien erabilera onartzen duzula.